Xerin Kobane. Siriako kurduen YPG miliziako kide ohia

«Oroitzapen bat utzi nuen Kobaneko batailan: begia»

Kobane «trebakuntza militarrik gabe» hasi zen borrokan EI Estatu Islamikoaren aurka, Jazira kantonamenduan. Geroago, ordea, gerra etxeraino iritsi zitzaion, Kobane hirira. «Ziur geunden hilko ginela».
AITOR ASPURU

Aitor Aspuru -

2018ko irailak 4
Xerin Kobane bera jaio zen hiriaren defentsan borrokatu zen Estatu Islamikoaren aurka, eta sakrifizio handia egin zuen. Hilabete izugarri haietan bizitakoa gogoratu du.

Nolakoa zen zure bizitza Kobaneko borroka baino lehen?

2011n, institutuko ikaslea nintzen, eta gerra hasi zen. Siria osoan Al-Nusra Frontearen [Al-Qaedari lotutako taldearen] mehatxua sortu zen. Ez nion jarraitu autodefentsara batzeko lehen deiari, ikasten ari bainintzen, baina, 18 urte bete bezain laster, Kobaneko hiru emakume Jazira kantonamendura joan ginen. Al-Nusra Fronteak eraso zituen inguruak, eta bat egin nuen borrokan Rojavako Ikasleen Konfederazioarekin. Hiru hilabetez egon nintzen gerran inolako trebakuntza militarrik gabe. Borroka baretu zenean, Kobanera itzuli nintzen, eta ikasteari ekin nion berriro. Kanpoan zeuden ikasleak ere laguntzen nituen. Lau hilabeteren ostean, ordea, Estatu Islamikoa Kobane kantonamenduko herrixkei erasoan hasi zen.

Zer-nolako egoera sortu zen?

EI hurbiltzen ari zen ekialdetik, eta herrixkak okupatzen ari zen. Jendeak ihes egin zuen hirira. Gero, Eufrates ibaiaren mendebaldean dauden herrixkak hartzeari ekin zion. Gero eta jende gehiago elkartu zen Kobane hirian, eta zailtasunak ugaritu egin ziren, janariarekin, adibidez. Familiak etxeen sotoetan pilatzen ziren. Azkenik, bataila heldu zen. Eztandak entzuten genituen, eta orduan jakin nuen hiria suntsitu egingo zutela.

Nolakoa izan zen herritarren erantzuna?

Batzuek bere buruaz beste egin zuten Daex-ek [EIren akronimoa arabieraz] ez harrapatzeko, torturak eta hilketak ohikoak baitziren bahituen artean. Kobanen zegoen janari apurra ematen genien Turkiako muga zeharkatzen zutenei. Estatu Islamikoa tiroka eta erasoka ari zen ihes egiten ari zen jendearen kontra, eta ni hiru hilabete egon nintzen zaurituak laguntzen Turkiak prestatutako behin-behineko ospitaletan, baina ezin izan nuen jasan, eta Kobanera itzuli nintzen. Hiria birrinduta zegoen.

Borrokara itzuli zinen?

Bai, hiru egun geroago frontera jo nuen, YPGn [Siriako kurduen milizia] lagun asko nituen eta. Garai hartan ez zegoen bitarteko handirik, eta oso zaila zen dena. Ez zegoen janaririk edo garbitzeko urik, eta nekez ziurtatzen genuen edateko ura. Ez genuen arropa militarrik, eta kale jantzita borrokatu behar genuen. 48. kalean egon nintzen hilabete eta erdiz, eta gero beste auzo batean kokatu nintzen, Alepo kalean. Borroka lazgarria zen han, eta minaz josita zegoen. Borrokalari ugari hil ziren horregatik.

Nola zeunden zu han?

Psikologikoki oso gogorra zen; lagun asko ikusi nituen hiltzen. Kobane askatu baino lehen, talde batetik bestera mugitzen nintzen. BKC metrailadorea erabiltzen nuen, eta taldeko buru egin ninduten. Koalizioaren bonbardaketak hasi baino apur bat lehenago, 100 miliziano besterik ez ginen geratzen Kobanen. Daex-ek kontrolpean zeukan hiriaren %85, eta gu ziur geunden hil egingo ginela. Hala ere, hor geunden nahi genuelako, ihes egiteko aukera izan baikenuen. Pentsaera horri esker, partekatu egiten genuen gure eskura zegoen ur eta janari apurra. Bataila hartan, Kobanekoak ginen gehienak, eta ez genuen prestakuntza militarrik. Izan ere, boluntarioak ginen YPGkoak eta YPJkoak [Siriako emakumezko kurduen miliziak]. Nire taldeko lau lagun galdu nituen. Horren ostean, beste talde batera joan nintzen.

Kobane hiria askatu ostean jarraitu zenuen borrokatzen?

Bai, kanpaina abiatu genuen herrixkak ere askatzeko. Mina ugari zeuden, eta ez zen erraza leku batetik bestera mugitzea. Ni Hesekeko [Al-Hasakako] eta Sere Kaniyeko [Ras al-Aingo] borroketan egondako talde batean sartu nintzen. Esperientzia genuen, eta asko aurreratu genuen. Herri andana askatu genituen, eta apurka-apurka EI menderatu. Hala eta guztiz ere, Daex-ek zibilak erabiltzen zituen ezkutu gisa. YPGko eta YPJtako unitateak hurbiltzen zirenean, zibilen artean sartzen ziren, eta eraso suizidak egiten zituzten lehergailuz beteriko gerrikoak baliatuta. Horrela hil ziren nire bi kide.

Zauri larriak izan zenituen fronte hartan.

Bai, Jaada herrixkan. Erresistentziarik gabe hartu genuen. Hitz egin genuen bertakoekin, eta Daex-en kideak bilatu genituen herrian. Ez genituen topatu. 08:00etan eraso gintuzten. Borroka lazgarria izan zen, bertako arabiarrek lagundu baitzioten Estatu Islamikoari segada egiten. Sartzen utzi ziguten, guri eraso egiteko. Taldean hamabi ginen, eta zortzi hil ziren. Mendi tontor batean nengoen herrian zer gertatzen zen ikusteko. Bat-batean, eztanda bat egon zen, eta konortea galdu nuen. Orduan ez nuen ezer sentitu; burua umel nuen, eta begi batetik ez nuen ikusten. Eztanda hartan hil ez zirenak frankotiratzaileek hil zituzten. Buruan zauritu zuten nire BKC metrailadorea balaz hornitzen zuen kidea, eta sekulako arazoak ditu; oroimena galdua du. YPGk ez du inoiz hainbeste borrokalari galdu bataila bakarrean.

Nola atera zinen handik?

Kide gehiago etorri ziren gure bila. Nire kasuan, lehen laguntza jaso nuen, eta, gehiago ezin zutenez egin, Turkiako ospitale batera eraman ninduten anbulantziaz, Urfara, zirujaua behar bainuen. Lau ebakuntza behar izan nituen. Hasieran ez nekien begia galdu nuenik, harik eta emakume sendagile batek esan zidan arte ezinegona sortuko zidan zerbait komunikatu behar zidala. Benda kendu zidan, eta ispiluan ikusi nuen begi bat falta zitzaidala. Medikuak galdetu zidan zergatik egiten nuen irribarre. Erantzun nion oroitzapen bat utzi nuela Kobaneko batailan: begia. Kobaneko borrokan parte hartzean, onartu nuen bizia edo gorputzeko atalen bat galduko nuela. Beirazko begia jarri zidaten, eta orain lehen baino politagoa naiz [barreak]. Kobaneko batailan ikusitakoa oso zaila izan zen, eta horrek eraldatu egin ninduen.

Zer-nolako eragina izan du horrek zugan?

Ez naiz damutzen; sinetsita eta motibatuta borrokatu nintzen. Askok galdetzen didate zergatik ez nintzen han geratu Kobane askatu ondoren. Nire kontzientziak ezin zuen jasan Daex; mundu osoa askatu nahi dut, ez bakarrik kurduak. Tamalez, Jaadako jendeak ez zuen hori ulertu, eta Daex-i gure aurka egiten lagundu zion. Orain, autoadministrazioan lan egiten dut, kurduek sortutako sisteman, eta hiria berreraikitzen ari gara. Ez naiz etxean geratu. Kobanek bizirik jarraitzen du, eta pozik nago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna