Moises Borges. Brasilgo ingurumen ekintzailea

«Tragedia zenbaterainokoa den ez dakigu oraindik»

Hondakinak biltzen zituen Brumadinhoko presaren haustura «krimen bat» izan zela dio. Estatuaren axolagabekeria dela eta, ordea, ez da Brasilen gertatutako gisa horretako lehen kasua. Kaltetutako urekin dago kezkatuta.

JON URBE / FOKU.
Igor Susaeta.
Donostia
2019ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Brumadinhoko hondakinen presa apurtu zenean (Minas Gerais, Brasil), joan den urtarrilaren 25ean, alarma sistema itzalita zegoen. Hala onartu du azpiegituraren jabeak, Vale multinazionalak.«Vale presa eraisten hasia zen, eta zimenduak mugitzen dituzunean, alarmak jotzen du. Baina klandestinoki jokatzen ari zenez, itzali egin zuen», salatu du Moises Borgesek (Minas Gerais, 1985), MAB Presek Kalte Eginikoen Mugimenduko ekintzaileak. Euskal Herrian izan da, Ekologistak Martxan-ek, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, eta Mugarik Gabeko Ingeniaritzak sustatutako Tradener Trantsizio Energetikoa eta Demokrazia proiektuak gonbidatuta.

MAB Presek Kalte Eginikoen Mugimenduko ordezkari gisa bira bat egiten ari zara Europan.

NBEren Giza Eskubideen Batzordean parte hartu genuen lehengo astean Genevan, eta salaketa jarri genuen. Brumadinhokoan jarri genuen fokua, baina Marianako kasua ere izan genuen hizpide [2015eko azaroan presa bat apurtu zen Mariana herritik gertu, eta hemeretzi lagun hil ziren. Vale zen presa haren kudeatzaileetako bat]. Aita santuari bilera bat eskatu diogu, eta Estrasburgon ere egon gara Europako parlamentariekin, Europako enpresa asko Vale meatze enpresaren akziodunak baitira; batik bat, bankuak: Credit Agricole, Santander, BNP...

Eta zer harrera egin zaie zeuen salaketei?

Salaketa jarri dugu NBEn, eta haiek Brasilgo Gobernuari eskatu diote argitu dezala gertatutakoa. Oraingoz ez du erantzun...

Zer erantzun dezake Jair Bolsonaroren gobernuak?

Iruditzen zait ezer gutxi erantzun dezakeela. Bolsonaroren gobernuak prozesu honetan eduki duen jarrera oso txarra izan da.

Marianako presa apurtu zenean Dilma Rousseff PT Langileen Alderdikoa zen presidentea. Nola jokatu zuen?

Auzia ez dago konponduta. Dena den, badago alde bat Brumadinhokoarekin. Gobernuak azkarrago jokatu zuen orduan. Suhiltzaileak-eta agertu ziren. Oraingoan 200 izan dira hildakoak —oraingoz hori da hildako kopurua, eta 108 daude desagertuta—, eta erreskate lanetan bete-betean ari zirenean ere 300 suhiltzaile baino ez zeuden han. Biktimen senideak ari dira esaten askoz ere jende gehiago behar zela lan horretarako.

Instituzioek, beraz, axolagabe jokatu zuten.

Bai. Hil zirenetako batzuk ez ziren hil burdin hondakinen isuriaren indarragatik, baizik eta ez zituztelako artatu. 3.000 bat suhiltzaile beharko ziren gertatutakoari aurre egiteko. Brasilek badu pertsonalik horretarako.

Fiskaltza gertatutakoa ikertzen ari da. Zer dakizue ikerketaz?

Bi ikerketa lerro ditu ikerketa horrek. Batetik, ikertzen ari dira zergatik apurtu zen presa. Eta bestetik, kaltetutako komunitateei kalte-ordainak emateko ekintza judiziala dago.

Marianako presaren kasuan eman al diete kalte-ordainik biktimei?

Bai, baina familiei eman dizkiete kalte-ordainak, ez familiako kide bakoitzari. Brumadinhokoaren kasuan kontrakoa lortu dugu: familia bat bost kidek osatzen badute, bostek jasoko dute kalte-ordaina. Marianakoaren kasuan, ibai baten 700 kilometrori egin diete kalte hondakinek, eta, hortaz, jende askok du kontaktua kutsatutako urarekin. Valek ez ditu kaltetu gisa aitortzen.

Minas Gerais estatuan soilik Brumadinhokoaren gisako 450 presa daude. Zer biltzen dute?

Hondakin toxikoak. Minas Geraiseko Uraren Institutuak txosten bat egin du, eta egiaztatu du Paraopeba ibaiko urek artsenikoa, beruna, nikela, merkurioa eta, besteak beste, kobrea dituztela. Eremu hartan, gutxienez milioi bat pertsonak ezin dute botilakoa ez den urik edan, baina kutsatutako ur horrekin hartzen dituzte dutxak, esaterako.

Zein kalte eragin ditu ur horrek?

Arazoak eragin ditu azalean, hesteetan, arnas aparatuan... Ez dago argi jendearen bizitzari nola eragin diezaiokeen odolean pilatutako metal astunen pilaketak. Paraopeba ibaiak San Francisco ibaiarekin bat egiten du. Guztira 2.000 bat kilometro ibai dira, eta tartean eskualde oso idor bat dago. Hamar bat milioi pertsona kutsatu daitezke. Tragedia zenbaterainokoa den ez dakigu oraindik.

Joan den otsailaren 20an, Valek akordio bat sinatu zuen bertako instituzioekin batera, eta adierazi zuen beteko dituela Brumadinhoko herriaren 30.000 biztanleen urgentziazko beharrak. Akordio on bat da, hori ez zelako Marianakoaren kasuan gertatu. Presio sozialaren bidez lortu da.

Vale enpresak adierazi du presa horiek kenduko dituela.

Bai. Presen teknologia aldatu nahi dute, orain dutena atzeratua geratu baita meatze enpresetan. Presa horiek herrien gainean daude, eta hori amaitzea nahi dugu. Hondakinentzako presa bat egiten badute, beste toki batean egin beharra dago, ez jendearen buruen gainean. Valek konpromiso hori hartu du, eta hasi da presa batzuk ixten.

Valek bazekien Brumadinhoko presa apur zitekeela. Hori dio fiskaltzaren ikerketak...

Bai, bai. Bazekien Marianako eta Brumadinhoko presak apur zitezkeela, eta ez zuten ezer egin. Axolagabe jokatu du. Gertatutakoa ez da tragedia bat, ez da istripu bat: krimen bat da, eta hala izan behar du tratatua. Kalkulu ekonomikoak egin zituzten, eta pentsatu zuten konpontzea baino hobea zela presa apurtzen uztea.

Eta estatuak zein erantzukizun du zuk aipatutako krimenean?

Omisioaren parte da. Brumadinhokoaren kasuan, ingurumen lizentzia Minais Gerais estatuak eman zion. Lizentzia oso malgua da, enpresaren aldekoa. Arauek gogorragoak izan behar dute. Marianakoa gertatu ondoren, arauek gogorragoak izan beharko zuten, baina ez, alderantziz gertatu da.

Bolsonarorentzat Brumadinhokoa inflexio puntu bat izan daiteke lizentzia horiek gogortzeko orduan?

Ideala litzateke hori, baina berak esan du ez duela hori egingo, kontrakoa baizik. Brasilgo Ingurumen ministroaren esanetan [Ricardo Salles], Brumadinhoko ingurumen lizentzia hori eredugarria da. Meatze enpresen jardunari ematen diete lehentasuna.

Zer lor daiteke egiten ari zaren birarekin?

Espero dugu Michel Bachelet Giza Eskubideen NBEren goi mandataria Brasilera joatea, gertatzen ari dena bere begiekin ikus dezan. Aldi berean, nahiko genuke NBEk berak sentiberatasun handiagoz jokatzea. MABek bat egiten du herrien burujabetzaren aldeko eta multinazionalen kontrako kanpaina globalarekin. Inpunitate prozesu honetan, ez dugu nazioarteko auzitegi batera jotzeko modurik. NBErekin batera ari gara hitzarmen lotesle bat osatzen, zeinaren arabera kaltetutako herriek auzitegi batera jo dezaketen, horren bidez enpresak estu hartzeko. Nazioarteko hitzarmen horrek muga batzuk ezarriko lizkieke multinazionalei. Izan ere, estatuak eta enpresek batera jokatzen dute askotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.