Marco Teruggi. Soziologoa eta kazetaria

«Madurok ez du galdu lehendik zeukan babesa»

Teruggik uste du Venezuelako presidentea herritarren %30ek babesten dutela. Hala ere, Juan Guaido oposizioko liderrak beste %70aren zati baten babesa baino ez du. «Ez du gaitasunik egoera aldatzeko».

MARCO TERUGGI.
Cecilia Valdez
2019ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Badira sei urte Marco Teruggi soziologo eta kazetari argentinarra (Paris, 1984) Venezuelan bizi dela. Herrialde horretan, Argentinako Pagina 12 egunkariaren eta Latinoamerikako Telesur telebista katearen berriemailea da. Beste hedabide askotan kolaborazioak egin ditu, eta hainbat liburu idatzi ditu. 2015ean argitaratu zuen azkena: Lo que Chávez sembró, testimonios desde el socialismo comunal (Chavezek erein zuena, lekukotzak sozialismo komunaletik; Ediciones Sudestada).

Duela egun batzuetako itzalaldi handiaren ondoren, zein da egoera Venezuelan?

Jendearen egunerokoan eta ekonomia orokorrean eragin handia izan zuen. Baina horrek protesta olatu bat sortzeko aukera bazuela pentsatu bazen ere, ez zen gertatu. Arrazoiei dagokienez, eskuinak dio sute bat sortu eta hedatu zela, eta kalte egin ziola energia iturri nagusia dagoen sistema zentralari; horrek, ustelkeriarekin eta argindar sistemaren kudeaketa txarrarekin batera, esperotako kolapso bat sortu zuela. Gobernuak, berriz, sabotajearen tesia planteatu du. Hainbat mekanismoren bidez egin zela dio, eta horien artean aipatu du argindar sarearen sistema informatikoaren kontrako eraso bat. Tesi hori Errusiako Gobernuak berretsi du —ikerketa batzordean parte hartzen ari da—. Baina oraingoz ez dago frogarik, ez bada ezegonkortasun handiagoa sustatuko duen gatazka agertoki bat sortzea.

Zein egoeratan dago Juan Guaido oposizioko liderraren presidentetzaren aldarrikapena?

Hasieratik ikusi zen gobernu paralelo bat sortu nahi zela, kanpotik zuzendua eta AEBek babestua. Horren interpretazioa zen epe motz batean indar armatuak zatituko zirela, eta Maduro babesteari utziko ziotela, edo estatu kolpe bat zuzenduko zutela, baina hipotesi hori ez zen ongi atera. Ezta beste hipotesia ere, Guaidok kalean babes masiboa izango zuela. Plan originalak ez die espero zuten emaitzarik ekarri. Madurok ez du galdu lehendik zeukan babesa.

Zenbatekoa da ba Nicolas Maduro presidenteak duen babes hori?

Esango nuke Venezuelan herritarren %30en babesa duela, gehienbat herri xehearen nukleoetan. Guaidoren ustez, babes hori ez da existitzen, eta egoera interpretatzen du gobernuak babes hori ez balu bezala, eta soilik haustear dagoen babes militar batek eutsiko balu bezala; baina oker dago. Uste dut zintzotasunez Pedro Sanchezen [Espainiako presidentearen] Atzerri ministroak [Josep Borrell] azaldu zuela, esan zuenean ez zutela uste Guaido posizio horretan egongo zenik hainbeste asteren ondoren. Uste zuten dena askozaz azkarrago joango zela, eta, horren ondorioz, taktikak birpentsatzen ari dira presio egiten jarraitzeko. Hemen atzera-bueltarik ez duen agertoki bat dago. Ez dute gobernuarekin negoziatu nahi; hauteskunde batzuk planteatzen dituzte non Maduro ezingo litzatekeen aurkeztu, eta alternatiba bakartzat dute hark alde egitea.

Maduro babesten ez duten herritarren %70 horiek norekin daude?

Ezberdinak dira Guaidok duen babes zuzena, oposizioa litzatekeena, eta Venezuelako herriak egoera materialarengatik duen haserre egoera orokorra. Guaidok erdiko eta goi klaseko sektore bat mobilizatu du, eta ez du gaitasunik egoera aldatzeko. Baina haserre orokorra handia da. Kontua da oposizioak ez duela lortzen hori politikoki erabiltzea eta haren oinarria jada konbentzituak dituenetatik haratago zabaltzea.

Indar armatuena ez ezik, zein instituzioren babesa du gobernuak? Eta zeinena ez du?

Oraingoz, ez dago 2017koaren antzeko egoera bat. Orduan, fiskal nagusia oposizioaren alde jarduten hasi zen, eta haustura instituzional bat gertatu zen. Oposizioa orain saiatzen ari da gatazka nolabait piztuta mantentzen. Eskuineko sektore batzuek modu irekian planteatzen dute armada matxino bat sortu behar dela, eta beste sektore batek dio iparramerikarren esku hartze bat eskatu behar dela oraintxe —haiek diote ez dela esku hartze bat, lankidetza bat dela, Venezuelako benetako gobernua direlako—. Beste sektore batek zerbait negoziatu nahi du, baina oraingoz ez du inolako eragin publikorik, eta lehenengo sektorea da nagusi.

Zer iritzi duzu Europako Batasunaren esku hartzeaz? Harritu al zintuen ?

Melenchonek dioenez [Frantzia Intsumisoa alderdiko liderra], mundua irizpide kolonialen arabera banatuta dago eragin eremutan. Europaren eragin eremu nagusiak Afrika eta Ekialde Hurbila dira oraindik, eta AEBei Latinoamerika onartzen die eragin eremutzat. Beraz, iparramerikarrek Latinoamerikan duten estrategiari men egiten dio, eta Europak Latinoamerikan duen agenda Espainiak zuzentzen du, ustezko logika kolonialari jarraituz. Horren ondorioz, AEBek, Venezuelako eskuinak, Espainiako Gobernuak egin dituzten interpretazio okerren emaitza da Guaidok bere burua presidente aldarrikatu izana babestea eta espero ez zuten agertoki batean parte hartzea. Argi geratu da berehala espero zuten egoera hori ez dela sortu. Hau da, orain, gobernatzen ez duen gobernu paralelo bat dute, sare sozialek kanpotik puzten dutena, eta, ez badu aurrera egiten, krisi erraldoi bat sortuko diena.

Hugo Chavezen heriotzak nola eragin dio prozesu bolivartarrari, eta herrialdeak petrolioarekin duen dependentziari?

Petrolioari dagokionez, garrantzitsua iruditzen zait Venezuelako ekonomia eta politika hidrokarburo horren inguruan moldatu direla nabarmentzea. Chavezek zituen helburuetako bat zen petrolio nukleo horretatik ateratzea, baina trabatuta gelditu zen egin zituen akatsengatik eta haren heriotzarengatik. Chavezen heriotzak egoera zail batean jarri zituen bai chavismoa eta bai presidentetza hartu zuena. Hain zuzen, ahultasun hori ikusi ondoren planteatu zen Venezuelaren aurkako eraso handi bat hastea hainbat arlotan, horien artean sabotaje ekonomikoa eginez. Hori ez da inoiz gelditu. Orain ikusten den eraso eta indarkeria maila hori 2014an eta 2017an ere ikusi genuen. Horrek guztiak eragin du [chavismoak] indar politikoa izatea; hau da, ez dute lortzen Maduro kentzea, gobernuak ikasi duelako eskuinaren estrategia horien aurrean maniobratzen; baina egoera ekonomikoa egonkortzeko zailtasun handiak ditu. Ez du lortzen ekonomia egonkortzea oker propioen, ustelkeria arazoen, egoera ekonomikoaren argitasun faltaren eta blokeo ekonomikoa etengabe larriagotzearen ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.