«Borroka txikiak» aldarrikatu dituzte Oiartzunen, Gazte Akelarrean

Euskal Herri «sozialista, independentista eta feminista» eraikitzera deitu dute Ernaik eta Aintzinak. Milaka gazte batu dira topaketan

Erredakzioa
2018ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Milaka gazte batu dira Oiartzunen (Gipuzkoa) ostiralaz geroztik, Ernai eta Aitzina gazte erakundeek antolatutako Gazte Akelarrean. Sorginkerian dugu independentzia leloa hartuta, Euskal Herrian piztuta dauden «borroka txikiak» batu, eta martxan diren gazte mugimenduaren proiektuaz eztabaidatzeko egin dute topaketa.

Ostiralean hasi eta gaur arte, «hausnarketa, eztabaida, sorginkeria eta konspiratzeko gune» bilakatu dute Gazte Akelarrea.Atzo eguerdian egindako batzar jendetsuan azken egunetako eztabaiden inguruan gogoeta egiteko aukera izan zuten gazteek, eta «borroka txikien» bidez aurrerapausoak ematera animatu zuten euskal gazteria. Horrez gain, «sozialismoarekin, independentziarekin eta feminismoarekin» bat egin zuten Gazte Akelarrean bildutakoek.

Izan ere, ostiralaz geroztik izandako hamaika hitzaldi eta mahai ingurutan jorratutako gaiak laburtu, eta ondorioak atera zituzten atzoko bilkuran. Hainbat borrokari babesa agertu zieten, eta haien aldarrikapenak bere egin zituzten: besteak beste, langileen borrokak —Gasteizko Martxoaren 3ko gertakarietan hildakoak gogoan izan zituzten—, pentsiodunenak, Zubietako erraustegiaren eta abiadura handiko trenaren aurkakoak, emakumeenak etaKataluniako herriarenak aldarrikatu zituzten. Borroka horiek guztiak oinarri hartuta, «estatu burujabe» baten alde lan egitea ezinbestekotzat jo zuten.

Ekitaldi guztiak, lepo

Egitarau oparo baten inguruan atondu dituzte Gazte Akelarrearen hiru egunak: kontzertuak, ikastaroak, tailerrak, mahai inguruak, hitzaldiak, lehiaketak,... Jendez lepo izan dira ekitaldi guztiak, Ernaik jakinarazi duenez. «Sorginkeriaz bete dira Oiartzungo txoko guztiak».

Ostiral goizean abiatu zuten Gazte Akelarrea. Bilbotik, Gipuzkoatik eta Bortzirietatik (Nafarroa) irtendako gazte martxak heldu ziren lehenak Oiartzunera, eta, ostean, autobusak joan ziren iristen. Kanpalekua jarri ondoren hasi ziren hitzaldiak. Lurrarekin lotutako solasaldiekin abiatu zuten topaketa; besteak beste, Feminismoa eta eraldaketa, Porlaneko iruzurrak eta Bardeak eta NATO izeneko hitzaldietan parte hartzeko aukera izan zuten gazteek. Arratsean, langileriaz eta pentsiodunen borrokaz eztabaidatzeko parada izan zuten. Gauean, musika ikuskizunak dantzan jarri zituen bildutakoak.

Goizaldea, baina, ez zen samurra izan han zeudenentzat, haizeteak eta euriak hainbat kanpadenda hondatu zituelako. Hala ere, atzoko egitarauarekin bere horretan jarraitzea erabaki zuten gazteek, nahiz eta ekitaldi guztiak leku itxietara eraman behar izan zituzten. Besteak beste, gazte bazkaria Madalensoro pilotalekuan egin behar izan zuten. Eguraldiak, baina, ez zituen gazteak kikildu, eta bi frontoiak lepo bete zituzten —bi mila lagun, antolatzaileen arabera—.

Iluntzean, berriz, ekitaldi politikoa egin zuten Oiartzungo Antxo gunean. Bertan, Ernaiko eta Atzinako gazteek Euskal Herri «sozialista» eta «feminista» bat eraikitzeko deia egin zuten. Azken gaua kanpalekuan egin ostean, gaur goizean Iruñeko Aberri Egunera joango dira Ernaiko gazteak, eta Donibane Garazira Aitzinakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.