Karlos Zurutuza. 'Freelance' kazetaria

«EBk Gaddafiren falta sumatuko du iheslariei etortzen ez uzteko»

Libia huts egin duen estatu baten paradigma dela dio Zurutuzak: «Paper gainean hiru gobernu, ehun bat tribu eta bi mila milizia daude». Milaka errefuxiatu itsasoratzen dira handik: «Europarako exodo handiena da».

JON URBE / FOKU.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Zapaldutako lurraldera behin eta berriz itzultzen den kazetari bakan horietakoa da Karlos Zurutuza (Donostia, 1971). Ezagutza zabalago horretan oinarriturik idazten du, zorrotz eta sakon, errealitate guztien konplexutasunen ñabardura eta xehetasunei erreparatuz, eta tokian tokiko lekukotasunei tartea emanez. Horixe bera egin du kronika itxura duen bere azken liburuan ere: Tierra adentro. Vida y muerte en la ruta libia hacia Europa (Lur barruan. Bizitza eta heriotza Europarako ibilbide libiarrean). Ricard Garcia Villanova bidaidearen argazki itzel bat paratu du azalean: itsasoan dagoen errefuxiatu talde baten irudi lausoan itotzen ari den lagunaren eskua. Hitzen kontakizuna ere itzela da.

2011n joan zinen lehen aldiz Libiara. Iraultza arabiarren fenomenoa bete-betean zegoen. Ordutik, urtez urte itzuli zara. Zer ari da gertatzen?

Ustezko iraultza hartatik zazpi urte pasatu dira, eta, orduz geroztik, pixkanaka-pixkanaka, herrialdea desintegratuz joan da. Libia porrot egin duen estatu bat da, huts egin duen estatu baten paradigma. Gaur egun, hiru gobernu, 140 tribu, beste hainbeste azpitribu eta 2.000 milizia edo talde armatu daude. Paper gainean hainbat izen daude, baina estaturik gabeko herrialde bat da. Milizien legea dago indarrean. Libiarrentzat nahiko zaila da horrelako egoera batean aurrera egitea, eta zer esanik ez herrialdea zeharkatu nahi duen nigeriar edo eritrear batentzat.

Muammar Gaddafiren garaia nostalgiaz oroitzen omen dute libiar batzuek...

Bai, jakina. Francorekin ere hobeto bizi ginen hemen. Hori da narratiba. Ekonomikoki zer esanik ez. Libiak Afrikako petrolio erreserba handienak dauzka. Qatar edo Saudi Arabia izan zitekeen. Herrialde errentaduna da. Idris erregeak ezarritako eredu ekonomikoa indartu zuen Gaddafik, eta horregatik zeuden horrenbeste etorkin. Beti zegoen lana libiarrek nahi ez zituzten lanbideetan. Sei milioi biztanleko herrialde bat horrelako erreserbekin, pentsa zer izan zitekeen. Baina, aldi berean, ez zen deus. Gaddafirekin zeukaten ongizatea asko mitifikatu da. Gerra etorri zen, eta krisi ekonomikoa, eta orain jabetzen dira lan egin behar dutela, eta ez dakite.

Orain libiarrak ere badaude itsasoratzen direnen artean, ezta?

Bai. Migrazioen pelikula honetan libiarrez ahaztu gara. Gaur da eguna non gehiago dakigun herrialdea zeharkatzen duten errefuxiatuei buruz, libiarrei buruz baino. Haiek ere hasi dira arrantzarako erabiltzen zituzten barkuetan itsasoratzen.

Europarako exodoaren abiapuntu nagusia da gaur egun.

Hala da. Lehen helmuga zen, baina orain pasabidea da.

Saharaz hegoaldeko herritarrak dira iheslari gehienak. Zer bizi dute Libia hegoaldera iristen direnetik iparraldean itsasoratzen diren arte?

Ez dakigu zer gertatzen den. Ikusten ez dugun errealitate bat da. Liburuan, hain zuzen, itsasoratu aurreko eskala horri egin nahi nion lekua. Aurrena Sahara zeharkatu behar dute, zazpi-hamar egun irauten duen zeharkaldi batean, kamioi baten atzealdean, lotuta, eroriz gero kamioia ez baita gelditzen, eta bide horretan asko eta asko hiltzen dira. Hori ez dugu ikusten. Saharakoa da aurreneko infernua. Inork ez daki zenbat hiltzen diren basamortuan. Kontatu gabeko istorioa da hori. Mafiak oso ondo antolatuta daude han, eta, hegoaldeko muga zeharkatu ostean, iparraldera bideratzen dituzte.

Mafien eskuetan beti.

Jaioterritik daude mafien esku; Nigeriatik eta Somaliatik. Zeharkaldian eskuz esku joaten dira aldatuz, kate bereko katebegiak direlako, edo, besterik gabe, momentuko tratua egiten dutelako merkantzia gisa saltzen dituzten horiekin. Behin iparraldean daudela, bahituak izateko arriskua daukate. Mafiek euren etxeetara deitzen dute erreskatea eskatzeko; 500 eta 1.000 dolar artean eskatzen dute askatzearen truke. Bestela, akabatu egingo zaituzte, edo esklabo gisa saldu.

Eta itsasoratzen diren artekoa?

Txalupa batean itsasoratzeko dirua biltzea da lehen helburua. Errepide bazterretan egoten dira, lan astunen bat egiteko hartuko dituztenen zain. Eguneko lanak izaten dira, eta bost euro jasotzen dute batez beste. Itsasoratzeko, gutxienez 500 euro bildu behar dituzte. Trafikatzaileekin tratua eginda, eguraldiari begira egoten dira. Askotan, astebete edo bi aste izaten dituzte leku itxi batean; beste batzuetan, oso azkarra izaten da dena, ziztu bizian itsasoratu behar baitute, beti gauez, itsasoa bare dagoenean.Hondartzaraino, arrantza kamioietan pilatuta eramaten dituzte maiz. Sabratan ikusi genuen hori.

Liburuan diozu nola trafikatzaileek beraiek esaten dieten itsasoan «ontzi handi bat» izango dutela zain...

Hala da. Sasoi batean Lampedusara edo Maltara iristea zen helburua, eta, horretarako, itsasontzi sendoak behar ziren. Baina eskema hori aldatu egin da. Orain, «barku handi bat» etorriko dela esaten diete. Eta, orduan, txalupen prekarizazioa etorri da; txikiagoak eta arinagoak dira, eta pilatuago joaten dira errefuxiatuak, erregai gutxirekin, gainera. Esaten zaie hiru bat orduren buruan iritsiko direla barku handira.

Liburuak bi zati ditu. Lurra eta itsasoa. Biak milizien eskuetan daudela diozu.

Bai. Hala da. Eta asko Europako Batasunaren babesa duten miliziak dira. Europa sare horren parte da, eta negozio horretan dauden ustezko kostazainak trebatu ditu. EBren maniobra izan da kostaldea ixtea, mugak urruntzea eta hesi sanitario bat ezartzea. Gaddafirekin erraza zen. Erdoganekin erraza den bezala. Pentsatzen dut Europan Gaddafiren falta sumatuko dutela iheslarien etorrera eragozteko. Duela gutxi, jakin genuen Italiako barku bat zegoela Tripoliko portuan, eta handik kudeatzen zela erreskateen auzia. Sabratan, esaterako, trafiko milizia handiena finantzatu zuten migrazioak eteteko. Dena den, zaila da 1.600 kilometroko kostaldea duen herrialde bat ixtea.

Gobernuz kanpoko erakundeak kriminalizatzeari ere ekin diote. Iheslariak erakartzen dituzten argudioa erabiltzen dute.

Lehen, hamabi ontzi zeuden, eta, gaur egun, hiruzpalau baino ez dira. Hori izan da ondorioa. Italiak hartu duen jarrerak ere eraginak izango ditu. Aquarius-ek bost egun behar izan ditu Valentziara joateko, eta bost egun horietan ez da egon erreskate eremuan; beraz, hildako gehiago egon daitezke aurrerantzean. Ez dago dei efekturik. Jende horrek gerratik edo jazarpenetik egiten du ihes, eta saiatuko da ihes egiten nola edo hala. Gobernuek egiten ez duten lana egiten dute gobernuz kanpoko erakundeek, eta horiek deslegitimatzeko kanpaina bat dago.

Atxilotze gune klandestinoak, esklabo merkatuak, mafiak... Libiaz aipatzen diren kontuak dira...

Europa erabat ahaztu da Libiarekin. Gaddafi akabatzeko operazioa abian jarri zuen, eta ordutik bizkarra eman zaio Libiari. Libiarrez etengabe iristen zaigun mezua da oso gaiztoak direla. Baina Ceutan eta Melillan eta Bartzelonan ere atxilotze guneak daude, eta oso egoera gorrian. Bereiztu behar dira atxilotze gune ofizialak eta mafien guneak, eta bereizketa hori ez da egiten. Atxilotze guneak oso prekarioak dira. Baina libiarrek ez dute baliabiderik. Sei milioi biztanleko herri batean milioi bat errefuxiatu daude. Erronka handia da huts egin duen estatu batentzat. Libiarrek ere errefuxiatuak laguntzen dituzte, gorpuak lurperatuz, dirua emanez, osasun arreta emanez. Aritmetika ariketa bat egingo bagenu eta proportzionalki hemen dauden errefuxiatuekin alderatuko bagenu, beste zerbait pentsatuko genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.