Katalunia

Inbestidura «eraginkor baten» aldeko apustua berretsi du ERCk

Igor Susaeta.
2018ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Espainiako Estatuaren erabakiak gorabehera, JxCk Junts Per Catalunyak eta CUPek ez dute baztertzen Carles Puigdemonten hautagaitza berriro Generalitateko presidente izateko. ERCk ere ez, modu ezin argiago batean, baina lerro artean irakur daitezke ez datorrela bat beste bi indar subiranistek diotenarekin. «Ez da ausardia kontua, eraginkortasun kontua baizik», zehaztu zuen Pere Aragonesek, atzo, TV3n. Azken asteotan errepublikanoek darabilten diskurtso pragmatikoari heldu zion ERCren presidentetzaren ondokoak, eta eskatu zuen «aurrepausoak» eman daitezela gobernua osatzea ahalbidetuko duen inbestidura bat deitzeko orduan.

ERCko kide nabarmenenetakoa bihurtu da aurreko gobernuko Ekonomia idazkaria, presio judiziala dela medio Marta Rovira idazkari nagusia erbesteratu zenetik —Suitzan dagoela baieztatu zuen, atzo, Aragonesek—. Gobernu «zabal» eta «transbertsal» batera batzeko deia egin dio Catalunya en Comuk ERCri. «Ulergarria» egiten zaio Comukoen proposamena, baina nabarmendu zuen akordio bat dutela JxCrekin, eta akordioak errespetatzeko daudela. Iragarri zuen, bide batez, «datozen egunetan» emango dutela horren berri.

Bestalde, JxCk Auzitegi Konstituzionalera eraman du NBEren Giza Eskubideen Batzordeak Espainiari egindako eskaria. Izan ere, Jordi Sanchezen eskubide politikoak bermatzeko neurriak hartzera deitu du. JxCren iritziz, neurri horiek hartzera behartuta dago Espainiako Estatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.