Iñigo Peña. Piraguista

«Txapelketa izugarria izan da; amets bat bete dut»

Iñigo Peñak zilarrezko domina bat eta brontzezko beste bat eskuratu ditu Munduko Txapelketan, Portugalen. Bere garaipen zerrendan falta zuen lorpen bakarra zen halako txapelketa batean podiumera igotzea.
BALEIKE

Xabier Regil Agirre -

2018ko abuztuak 29
Bi domina irabazita itzuli da Iñigo Peña piraguista (Zumaia, Gipuzkoa, 1990) Munduko Txapelketatik. Zilarrezko domina lortu du K2ko 1.000 metroko lasterketan, eta brontzezkoa K4ko 1.000 metrokoan. Munduko Txapelketan domina bat irabaztea falta zitzaion bere garaipen zerrenda are gehiago handitzeko; izan ere, Munduko Kopan eta Europako Txapelketan garaipenak lortutakoa da Peña, eta olinpiar diploma baten jabe ere bada; azken hori 2016ko Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan eskuratutakoa. Herenegun egin zioten ongietorria jaioterrian.

Egun batzuk pasatu dira jada. Zer oroitzapen duzu Munduko Txapelketaz?


Esperientzia ezin hobea izan da niretzat. Bi probatan parte hartu dut, eta bietan lortu dut domina bat irabaztea. Bi probak oso ondo atera dira, eta dominekin itzuli gara etxera. Txapelketa izugarria izan da; amets bat bete dut. Bizitza osoa entrenatzen pasatu dut Munduko Txapelketa batean domina bat lortzeko, eta baten faltan bi eskuratu ditut.

Munduko Kopa eta Europako Txapelketa irabazia zinen, baina Munduko Txapelketa batean ez zenuen dominarik.

Bai, hori da. Munduko Kopa hiru aldiz irabazi dut; Europako Txapelketa ere irabazi nuen aurreko urtean; zilarrezko eta brontzezko dominak ere baneuzkan; olinpiar diploma ere eskuratu nuen Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan. Munduko Txapelketa batean domina lortzea falta zitzaidan. Beraz, egindako lanarekin oso gustura geratu naiz. Oso pozik nago.

K2ko 1.000 metroko lasterketan, finalerdiak goizean izan ziren, eta finala, arratsaldean. Gogorra izango zen, ezta?

Bai, gogorra izan zen egun berean bi aldiz lehiatu beharra. Ordutegi aldetik nahiko zorrotza izan da txapelketa, normalean egun bakoitzean lasterketa bat izaten baitugu. Gainera, txapelketak lau eguneko iraupena izanda, arraro samarra egin zitzaigun ordutegia eman zigutenean. Hasieratik genekien ostirala egun gogorra izango zela; goizeko bederatziak pasata izan genuen finalerdia, eta handik bospasei ordura finala. Aurretik bagenekien indarrak neurtu beharko genituela, eta halaxe egin genuen. Finalerdian lehen hirurak sailkatzen ziren finalerako, eta hirugarren postua lortu genuen ahalik eta indar gutxiena uzten saiatuz, arratsaldean ehuneko ehuna emateko. Finalean egin genuen gure probarik onena; guztia ondo prestatuta geneukan.

Bi finaletan antzeko estrategia erabili duzue: irteera indartsua, eta, gero, lasterketaren bigarren zatirako indarrak gorde?

Bai, azken bi urte hauetan gure estrategia hori da, eta emaitza onak ekarri dizkigu hasieratik. Paco Cubelos eta biok hasi ginen estrategia hori erabiltzen, eta ikusi genuen estrategia ona zela guretzat. Amaiera ona dugu biok, eta aurkariei azken metroak egitea kostatu egiten zaie. Badakigu indartsu iritsiz gero amaieran aurkariei metro asko ateratzen dizkiegula. Ordutik, estrategia hori ari gara erabiltzen K2an eta K4an, eta emaitza oso onak ari gara lortzen.

Zer moduz iritsi zinen?

Oso indartsu geunden; entrenatzaileak denboraldia bikain prestatu digu. Gainera, Pacok eta biok ez dugu lesiorik izan, eta tarteko txapelketa guztietan helburuak betez joan gara. Denboraldia bikaina izan da, eta sasoirik onenean iritsi gara. Aurreko egunetan egin genituen entrenamenduetan denbora oso onak lortu genituen. Bagenekien gure estropada eginez gero hor aurrean ibiliko ginela, eta hala izan da.

Ondo zinetela diozu, baina espero zenuten dominaren bat irabaztea?

Espero baino gehiago, domina bat lortzea zen helburua, K2an edo K4an. Bagenekien bietan aukerak izango genituela dominengatik borrokan ibiltzeko, eta hori zen helburua: Munduko Txapelketa batean estreinatzea eta behintzat domina bat ekartzea. Ederki bete dugu gure helburua, proba bakoitzean dominarekin.

Portugalen lortutakoa azken urteetako lanaren fruitua da. Hamabi urte daramatzazu etxetik kanpo Madrilgo Goi Errendimendurako Gunean. Zein da zure egunerokoa han?


Goizeko zortzietan hasten da gure egun arrunt bat. 50 minutu korrika edo ordubete igeri egiten dugu. Ondoren, gosaldu, eta atseden hartzen dugu, eta 11:00 aldera uretara joaten gara; bertan bi ordu inguru entrenatzen gara. Horren ondoren, bazkaldu, eta lo kuluxka bat egiten dugu, eta laurak aldera berriz joaten gara uretara. Arratsaldeko saioak ordubeteko edo ordu eta laurdeneko iraupena izaten du; ondoren, atseden hartzen dugu, eta, entrenamendua amaitzeko, gimnasioan pisuekin entrenamendu bat egiten dugu. Hori astelehenetik larunbatera egiten dugu; igandeetan jai izaten dugu.

Munduko Txapelketarekin denboraldia amaitu duzu?

Bai, denboraldiko azken txapelketa zen hau. Orain, hilabeteko oporrak izango ditut, eta urrian hasiko gara pixkanaka denboraldi-aurreko lana egiten. Otsail amaiera edo martxora arte ez daukagu txapelketarik; orduan hasiko gara berriro lehiatzen.

2012ko Londresko Olinpiar Jokoetarako oso gutxirengatik ez zinen sailkatu, eta Rion bosgarren postua eskuratu zenuen. Bi urte barru Tokion egotea espero duzu, ezta?

Oraindik bi urte gelditzen dira, eta bidea luzea da. Hirugarren olinpiar zikloa da hau niretzat, eta jada esperientzia daukat. Badakit olinpiar zikloko lehen bi urteak oso azkar pasatzen direla, eta azken txanpan, ordea, luze eta gogorra egiten dela bidea. Poliki-poliki joan nahi dut, urtez urte, epe motzeko helburuekin. Ez dut Jokoekin obsesionatu nahi, baina, gauzak ondo eginez gero, badut aukerarik Tokion izateko.

Euskal piraguismoa azken urteetan emaitza onak lortzen ari da ur lasaietan eta ur bizietan. Horrek atzetik datozenak animatuko ditu?

Bai, seguru baietz. Orain, ur lasaietan, atzetik datorren jendea ere ari da joaten nazioarteko txapelketetara. Hortxe daukagu Begoña Lazkano pasaitarra, urteak daramatza Europako eta munduko txapelketetan parte hartzen; Aitor Gorrotxategi iruindarra indar handiarekin sartu da aurten selekzioan, eta daukan adinerako emaitza bikainak lortzen ari da. Sekulako etorkizuna du. Ur bizietako piraguisten horrenbesteko ezagutzarik ez dut, kirol bera izan arren ezberdina baita. Hor erreferente nagusia Maialen Chourraut da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna