Jon Ander Albisu. Baiko Pilotako atzelaria

«Bi bikote daude gainetik, baina eman dezakegu ezustekoa»

Binakakoa Olaizolarekin hasi eta Victorren amaituko du Albisuk, eta, logikoa den bezala, aurrelariarekin batera helburua aldatu egin zaio. Hala ere, atzelariak badaki ondo ari dela, eta pozik dago.
JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Imanol Magro Eizmendi -

2019ko martxoak 14
Pilota aukeraketa ondo joan da Labriten. Victor-Albisuk eta Altuna III.a-Martijak gustuko pilotak aurkitu dituzte Binakako Txapelketako finalerdietarako etziko partidarako. Galtzen duenak ia ezinezko izango du finalerako sailkatzea; Jon Ander Albisuk (Ataun, Gipuzkoa, 1990), dena den, lasai dagoen itxura du. Finalerdiekin gozatu nahi du.

Larunbatean oso ondo jokatu zenuen. Gustura egiten ari zaren txapelketarekin?

Orokorrean, bai. Aimarrek [Olaizola] eta biok gure mailatik behera ibili ginen partida pare batean, baina, orokorrean, oso gustura nago eginiko txapelketarekin. Victorrekin jokaturiko azken hiru partidetan ere ondo ikusi dut neure burua, eta iruditzen zait bera ere oso zentratuta dagoela. Etzi aurreko astean bezala jokatzen badugu, izango ditugu aukerak irabazteko.

Ligaxkan gora egin duzu.

Hasieran tentsioa sumatu nuen, eta presio pixka bat ere bai. Olaizolarekin jokatzean, faborito rola genuen, eta orain arte nik hori ez nuen ezagutzen. Azkenean, nabaritu egiten da, batez ere lehen partidetan; baina, gero, gora egin genuen. Olaizolak entrenamendu hartan min hartu zuen arte. Baina Victorrekin ere gustura nabil.

Bi galdera, eta bitan aipatu duzu Olaizola. Zer moduz dago? Hitz egin duzu harekin?

Bai, egon naiz tarteka harekin, eta hobera doa. Plasma sesioak bukatu ditu, eta berrindartze lanarekin hasita dago. Moralki hobeto dago. Lehen astea txarra izan zen guztientzat; okerrena harentzat, argi dago, baina hura ezagututa, ziur nago buelta emango diola, eta aurreko mailara itzuliko dela.

Olaizolak berak publikoki esana zuen gustura jokatuko zuela zurekin txapelketa bat, baita zuk ere berarekin. Egun batetik bestera dena aldatu zen.

Bai, astelehen batean izan zen. Denak entrenatzen ari ginen, eta aldatu egin zen dena. Aurkezpen egunean esan zigutenean bikote izango ginela, poz handia hartu genuen. Zuk esan duzu: biok esaten genuen elkarrekin gustura jokatuk genuela. Udan ez dugu askotan jokatu, eta aukera ona zen. Baina tira, hori pasatuta dago, eta orain gelditzen zaizkigun partidei begiratu behar diegu.

Hurrengo urtean berriz ere Olaizolarekin, ezta?

Gustura asko. Min hartu zuen egunean mezu bat bidali nion esanez goiz indartuko zela eta hurrengo urtean berriz ere jokatuko genuela elkarrekin. Ea aukera dugun. Berak maila hartuko du, eta ea enpresak hala nahi duen.

Zorte txarra duzu bikotekideekin: Berasaluzek orpazurda hautsi zuen zurekin, Artolak sorbalda mindu zuen, orain Olaizolak... Zuk duzu balbea.

Hala dirudi. Zazpi aldiz jokatu dut binakakoa, eta lautan zerbait pasatu zait. Hiru horiek, eta iaz Victor aldatu zidaten. Zuk aurrera jarraitu behar duzu, baina argi dago aldaketek ez dutela mesederik egingo. Baina tira, nik, behintzat, hemen jarraitzen dut, minik hartu gabe, eta aurten, finalerdietan.

Victor edo Olaizola egon, txapelketa asko aldatzen al da zuretzat?

Helburuak ezberdinak dira. Olaizolarekin faborito rola genuen, txapela irabazteko aukerak genituelako. Une horretan txapelari begira geunden, nahiz eta jakin partidaz partida joan behar genuela. Orain, aldiz, ez daukagu galtzeko ezer; presiorik ez dugu nabaritzen, eta gure onena ematen saiatzen gara.

Hala sentitzen duzu?

Presioan aldea dago, kanpotik datorrena zein barruan nabaritzen duzuna. Finalerdietan dauden bikoteetatik bi, behintzat, gorago daudela iruditzen zait. Bitartean, faborito izan gabe, guk saiatu behar dugu gure onena ematen eta ezustekoa ematen.

Binakakoaren finalerdietan sartzeak lasaitasuna ematen al dizu? Bi urte ziren sartu gabe.

Atzelarion helburua binakakoa jokatzea izaten da, eta, behin hor, finalerdietan sartzea. Txapelketa garrantzitsuena da; honi begira egoten gara. Eta bai, sartzeak lasaitasuna ematen du.

Finala posible da?

Bai, noski; bestela, ez ginateke kantxara irtengo. Esan dut bi bikote gainetik daudela, baina partida guztiak jokatu behar dira, eta, opari gutxi egiten baditugu, gure aukerak izango ditugu.

Victorrek dio iazkoa irakaspena izan zela eta helduago sumatzen duela bere burua aurten.

Nik ere nabaritu dut. Hiru partida hauetan serio ikusi dut, zentratuta. Lehen berotu egiten zen, eta lautik eta lau eta erditik sartzen hasten zen atzelariarentzat pilotak zirenak hartuz. Orain, pasatzen uzten ditu; pilota onetara sartzen da, besteetara ez. Ilusio handiz dago, eta motibazio puntu horrek lasaitu egiten du.

Larunbatean, Altuna-Martija.

Partida zaila da, gora egin baitute nabarmen. Lehen itzuliaren amaieran bazirudien ez zeukatela zer eginik, eta begira orain.

Altunak asko baldintzatzen al du jokoa?

Argi dago presio puntu bat sartzen duela, Olaizolak edo Irujok sartzen zutenaren antzekoa.

Haiek adina?

Bai. Azken urte hauetan, atzelariok jokoaren karga handiagoa hartu dugu; Olaizola eta Irujorekin haiek hartzen zuten, baina Altuna aurrean dagoela beti dago arriskua. Ikusten duzu lau edo lau eta erdian jartzen dela airez sartzeko, eta haren gainetik pasatu nahi izate horrek gora bota edo opariak egiteko arriskua sortzen du zuregan. Hala ere, sar dadin eragozten saiatu behar dugu.

Agian, goiz da galdetzeko, baina, buruz burukoan parte hartuko al duzu?

Enpresak galdetu zidan jokatu nahi nuen ala ez, eta esan nien haiek erabakitzeko. Jartzen banaute gustura jokatuko dudala esan nien, eta jartzen ez baninduten ezer ez zela pasatzen. Euren esku dago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna