Paula Ginzo. Lointek Gernika Bizkaiko jokalaria

«Iaz baino ardura handiagoa dut taldean; eroso nago»

Gernikak Eurokopako ligaxkako azken-aurreko neurketa jokatuko du gaur, Roche Vendeeren kantxan. Ginzok argi du: «Erasoko lana eta saskipeko zaintza gakoak izango dira».

MARIA MENTXAKA / LOINTEK GERNIKA BIZKAIA.
Mikel O. Iribar.
2021eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Lointek Gernika Bizkaiko jokalariek azkenaldian ordu gehiago igarotzen dituzte autobusean kantxan baino. «Ohituta gaude jada», esan du Paula Ginzo hegaleko-pibotak (Santoña, Espainia, 1998). 09:30ean irten ziren atzo Gernika-Lumotik (Bizkaia) La Roche-sur-Yonera (Frantzia) joateko; han jokatuko baitute gaur Eurokopako ligaxkako azken-aurreko neurketa (20:00).

Galiziatik etxerako bidaia astuna egin ondoren, beste 600 kilometro egin behar izan dituzue autobusez La Roche-sur-Yonera heltzeko. Halere, Ensinori irabazi izanak nekea arinduko zizuen, ezta?

Nekatuta, baina pozik iritsi ginen etxera. Garaipenekin bidaiak eramangarriagoak izaten dira. Halere, bost egunetan 30 ordu baino gehiago pilatu ditugu autobusean, eta luze egiten ari zaigu. Nahiago nuke teletransportazioa existituko balitz [barrez].

Beste alde batetik, ordea, seinale ona da, ezta?

Bai, noski. Zerbaitegatik gabiltza hara eta hona; ligan aritzeaz gain, Eurokopa jokatzen jarraitzen dugulako. Tokatzen dena tokatzen dela, ongi etorria izango da.

Bidaian zer egin ohi duzue?

Autobusean ordu asko igarotzen ditugunez, 500 orrialdeko liburu bat amaitu berri dut. Orain, ordea, ikastea dagokit; azterketak baititut laster. Kriminologia Gradua ari naiz egiten, eta azken urtea dut.

Aurreko igandean, ligako lehen garaipena erdietsi zenuten etxetik kanpo, Ensinoren aurka.

Oso pozik gaude lortutako garaipenarekin. Denboraldi honetan, etxetik kanpo jokatzen ditugun partidak aurrera ateratzea zaila egiten ari zaigu. Taldeen artean berdintasun handia dago, eta edozeinek irabaz dezake. Horregatik, bisitari moduan jokatzen duenak oztopo gehiago du; eta alderantziz, etxean jokatzen duenak, abantaila. Gure kasuan, Malosten jokatzen dugunean zaleen babes handia izaten dugu.

Uste baino gehiago kosta zaizue?

Egia esan, jabetzen gara Perfumerias Avenidaren maila berean inondik ere ez gaudela, baina zenbait partida irabaz genitzakeen; hala nola, Teneriferen aurka hiru puntugatik galdu genuen, eta Zaragozaren aurka, berriz, azken segundoan jasotako saskiratze baten erruz. Aho zapore txarra utzi ziguten.

Ensinoren aurka, ordea, partida biribilagoa egin zenuten. Lezioa ikasia duzue jada?

Bai. Edonola ere, guretzat konplexua zen joko estilo bat zuten haiek; kantxa osoan presioa egiten zuten, eta guri deseroso sentiarazten ziguten. Halere, minutuak aurrera joan ahala, haien jokora egokitu ginen, eta hirugarren laurdena gakoa izan zen markagailuan hanka egiteko. Amaiera arte kontrolpean izan genuen.

Seigarrenak zarete sailkapenean. Esperotako lekuan zaudete?

Taldeak kalitate handiko jokalariez indartu direla kontuan hartuta, bagenekienaurreneko postuetan egotea zaila izango genuela. Dena dela, luze gabeko helburua Espainiako Koparako sailkatzea izango da. Horretarako, ahalik eta partida gehien irabazten saiatuko gara.

Ferroli eta Ensinori irabazi ostean, Araskiren aurkako derbia duzue datorren jardunaldian, Malosten. Hirugarren garaipena jarraian kateatzera?

Hori da. Bolada onari jarraipena ematea dugu helburu. Gainera, derbiak bereziak dira, eta horrek handitu egiten du motibazioa. Araskiren eta geure artean lehia handia izaten dugu, eta oso garrantzitsua izango da partida irabaztea, baita gernikarrentzat ere.

Maloste, gainera, gotorleku da oraindik Gernikarentzat. Zer sentitzen duzue?

Guretzat, Maloste dena da. Iaz, lehen urtea nuen Gernikan, eta, izurriaren ondorioz, zaleen hutsune handia sumatu nuen; izan ere, Al-Qazeresen nintzenean eta Malostera joaten nintzen bakoitzean, harmailetan zegoen jende hori guztia aurka nuen. Asko sufritzen nuen. Orain, ordea, Gernikaren elastikoa daramadala, oilo ipurdia jartzen zait; zorteduna naiz. Gernika herria emakumezkoen saskibaloiarekin erabat murgilduta dago, eta kalean sarritan gelditzen naute. Edozein kirol profesionalek jarraitzailerik ez badu, ez du zentzurik.

Hiru asteko etenaren ostean, Eurokopan jokatuko duzue. Zer-nolako traza hartzen diozu?

Partida oso zaila izango dugu, aurkari oso indartsua baita Roche Vendee. Bat baten aurkako jokaldiekin min handia egiten dute. Guk, ordea, mentalki haiek baino joko azkarragoa dugu.

Roche Vendeek jokatutako partida guztiak irabazi ditu. Haiek dira faborito?

Hala uste dut. Multzoko talderik indartsuena dela argi erakusten ari da. Baina horrek ez du esan nahi irabazi ezin diogunik. Lana oso zail jarriko diogu.

Hamabi puntu behetik galdu zenuten frantziarren aurka Malosten. Zertan hobetu behar duzue?

Erasoko lana eta saskipeko zaintza hobetzen baditugu, aukera izango dugu. Halere, zaila izango da.

Ornella Bankolek, Anssitan Konek eta Tiffany Clarkek buruko min handia eman zizueten etxeko partidan. Haiek gertutik zaintzea ezinbestekoa izango da?

Ezbairik gabe. Kalitate handiko jokalariak dira, eta bata fin ez dabilenean, bestea nabarmentzen da kantxan. Ornella, esaterako, bere batezbestekotik gora aritu zen gure aurka. Beraz, haiei eustea izango da gakoa, gainerako jokalariak ahaztu gabe, noski.

Sailkapenean bigarren zaudete, baina Virtus Bologna eta Flammes garaipen bakarrera dituzue. Ez dago erlaxatzeko astirik.

Gaurkoarekin bi partida geratzen zaizkigu, eta biak irabaztera joango gara. Berdinketa batean, aldeak eta puntuak erabakigarriak izango dira. Halere, gaurko partida bakarrik dugu buruan.

Bigarren sasoia duzu Gernikan. Zer moduz egokitu zara?

Oso ondo. Lehen urtea zaila izan zen niretzat; protagonismo handia nuen talde batetik bainentorren, eta banekien Gernikan beste rol bat izango nuela. Nahiz eta egoera ulertu, gehiago nahi duzu: jokatu, entrenatu, ekarpena egin... Eta 22 urterekin, are gehiago. Aurten, ordea, eroso sentitzen naiz taldean, eta ardura handiagoa dut.

Irudikatu zenuen modukoa da Gernika?

Gernikak fitxatu ninduenean, argi nekien talde oso profesional batera joango nintzela. Tituluetatik gertuago egoteko beste urrats bat egin nuen, eta hasieran nituen aurreikuspenak betetzen ari dira.

Nolako jokalaria zara?

Ez naiz zenbaki handiak pilatzen dituen jokalari bat: azkarragoa naiz buruz. Taldekideentzako jokaldiak lantzea gustatzen zait. Exijentzia handia jartzen diot neure buruari. Gehiago nahi dut. Datorren urtean, elkarrizketa egiten badidazu, gauza bera esango dizut [barrez].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.