Albistea entzun

Elena Vasilieva. Kievetik ihes egindako krimearra

«Errusia bada erasotzailea, nola liteke ukrainarrek Errusiara alde egitea?»

Ukrainak hartutako bide politikoak eta Kiev hiriburuko segurtasunik ezak uxatuta, Krimea jaioterrira itzultzea erabaki zuen duela urtebete Elena Vasilievak. Eta hartutako erabakiaren damurik ez dauka batere.
MIKEL ARREGI

Mikel Arregi -

2015eko apirilak 2

Iazko otsaila arte Kieven irakasle aritu zen Elena Vasilieva (Sebastopol, 1987). Maidango altxamendua gertatu ostean, baina, bere bizia arriskuan ikusi eta etxera, Sebastopolera itzuli behar izan zuen. Orain, tristuraz ikusten du Ukrainan gertatzen ari dena, nahiz eta Krimea seguru dagoela uste duen. Errusian sartzeko erabakiari babes guztia ematen dio, eta Krimean gehiengoa iritzi berekoa dela uste du, gainera.

Sebastopolen jaio eta bertan bizi zaren arren, zu Kieven zinen lanean Maidango altxamendua gertatu zenean. Zer oroitzen duzu egun horietatik?

Hizkuntza unibertsitatea utzi eta gero, lau urtez irakasle ibili nintzen Kieven. Maidan izenez ezagutzen dena etorri zenean, etxera itzultzea erabaki nuen. Nik Kiev erdi-erdian egiten nuen lan, Xevtxenko etorbidean, Leninen lehenengo irudia bota zuten lekuan bertan. Gaueko hamarretan irteten nintzen lanetik, eta oso arriskutsua zen orduan kalera irtetea. Ohartu nintzen nire bizia arriskuan zegoela. Oso jende arraroa zegoen, armak eskuan zituzten gazte ugari; ez dakit terroristak edo nazionalistak ziren, baina armak zituzten. Eta Kievetik ospa egitea erabaki nuen.

Bestelako arrazoiak ere izan ziren, dena den. Egoera politikoa ez zen nire gustukoa. Hasieratik ez nuen Maidango mugimenduarekin bat egin, ez nuelako inongo estatu kolperik babesteko asmorik. Hala ere, Kieveko herritar gehienek babesa eman zioten Maidani, eta ni ez nintzen batere eroso sentitzen testuinguru horretan. Nire ikasleekin hitz egitea asko kostatzen zitzaidan, haietako asko ukrainar nazionalista egin zirelako gauetik egunera. Haien oldarkortasuna gero eta handiagoa zen, etsai moduan ikusten ninduten. Orain, berriz, etxean bizi naiz, eta pozik nago Krimea Errusiaren parte delako.

Nola egin zenuen ihes Kievetik?

Krimea Errusian sartzeko erreferendumean botoa emateko etorri nintzen. Krimeara etortzeko tren txartel gehiago ez zirela salduko irakurri nuen Interneten, eta berehala tren geltokira joan eta azkeneko txartelak erosi nituen. Albistea gezurra zen, baina ni erreferenduma egin baino astebete lehenago iritsi nintzen Sebastopolera. Botoa eman ahal izan nuen azkenean [barrez].

Erreferendumetik hona urtebete pasatu denean, krimearrak pozik daude orduan hartutako erabakiarekin?

Egia esan, Ukrainan egin ditugun azkeneko 23 urteetan, krimearrek Errusiaren parte izatea gura genuen. Errusiarekin, Aduana Batasunean sartuko ginela uste zuten krimear ugarik, baina, Ukrainak aurrerapauso hori eman ez zuenez, herrialdetik bereiztera bultzatuak izan ginen. Erreferendumeko datuak argiak izan ziren. Nirekin eskolan ibilitakoak, auzoko bizilagunak... guztiak zoriontsu joan ziren Krimea Errusian sartzeko botoa ematera.

Zer iritzi duzu azken urtean, ez Krimean bakarrik, Ukraina osoan gertatu denaren inguruan?

Ukrainak duen egoerak pena ematen dit. Gerran dago, eta jende ugari hiltzen ari da Donbassen. Guk lagun eta senide ugari ditugu herrialde guztian zehar, eta ondo bizi daitezen nahi dugu. Gerrarik ez den lurraldeetan ere egoera ez da batere ona. Ukrainako ekonomia oso gaizki dago, gero eta okerrago. Kieven ditudan lankide ohiek gauza beldurgarriei buruz hitz egiten didate. Prezioak gora doazela, jende ugarik lana galdu duela… negargarri dagoen ekonomia baten inguruko albisteak ematen dizkidate gehienetan. Oso tristea da guztia.

Gertatutako guztia saihets zitekeela uste duzu?

Nik baietz uste dut. Dena den, pasatu da jada, eta dagoena dago. Guk Aduana Batasuna egiteko erreferenduma eskatzen genuen. Ziur naiz ukrainarrek babesa emango ziotela akordio horri. Errusia eta Bielorrusiarekin bat egin gura genuen, ez Europarekin. Ez da europarrak gustuko ez ditugulako. Gure inguruko herrialdeekin harreman gehiago ditugulako da. Aduana Batasunean egongo bagina, pasatutakoa ez zen gertatuko.

Krimeak Errusian sartzeko erabakia hartu ondotik, nazioarteak zenbait zigor jarri dizkio penintsulari. Nola eragiten dute zigor horiek eguneroko bizimoduan?

Nire familiak eta nik ez ditugu zigorrak apenas igartzen, eragin gutxi dute jende apalarengan. Zigorrek, baina, eragin zuzena dute enpresariengan. Negozioetan bai, hor eragina izan dute hartutako neurriek.

Honen ostean, jendeak mesfidantzaz begiratzen die Mendebaldeko herrialdeei?

Guk bi gauza bereizten ditugu. Alde batetik, Mendebaldeko herritarrak daude, eta haien kontra ez dugu ezer; fobiarik ez dugu inolaz ere. Politikariekin, baina, ez da gauza bera gertatzen. Mendebaldeko politikariak, eta Estatu Batuetakoak batez ere, ez zaizkigu batere gustatzen.

Ukrainan gertatzen ari denaren erantzule direla uste duzu…

Bai, baina ez haiek bakarrik. Ukrainako herriak ere rol garrantzitsua jokatu du honetan guztian. Estatu kolpeari babesa eman zioten ukrainarrek, eta hori ezin dugu ahaztu. Hau esanda, azpimarratu egin behar da, halere, atzerriko politikariek ere beren interesak defendatu dituztela une oro prozesu honetan guztian.

Mendebaldeko herrialde horietako arduradun askok, baina, Errusia ikusten dute Ukrainan gertatu denaren erantzule moduan. Zer esango zenieke hori horrela dela uste dutenei?

Mendebaldeko gizarteetan informazio aldetik blokeatuta daudela iruditzen zait. Manipulazio ugari dago, gezur asko. Politikan interesa duten herritarrek iturri desberdinetako albisteak irakurri behar dituzte egoera ulertzeko. Nik Espainiako zenbait egunkari irakurtzen ditut —El Mundo, El País—, eta hemen gertatzen denaren inguruko gezur asko irakurri izan ditut. Gero herritarrek gezur horiek irakurri eta sinetsi egiten dituzte, eta hori ezin da onartu. XXI. mendean iritzi desberdinak jaso eta informazioak alderatzeko aukerak baditugu, eta hori egin beharko lukete egoera horren atzean Errusia dagoela uste duten guztiek.

Zu Kievetik ihesi etxera bueltan etorri zinen Sebastopolera. Ukraina kontinentaleko iheslari ugari dago, halere, gaur egun Krimean; zein da haien egoera?

Donbassen gerra hasi ostean, hango herritar ugari iritsi ziren Krimeara. Laguntza humanitarioa eskaini genien orduan, eta beharrezko gauza guztiak eman genizkien. Orain ere jende ugarik egiten du ihes handik Errusiara. Horren harira, gainera, galdera bat gustura egingo nuke: Errusia erasotzailea bada, nola liteke Donbasseko herritarrek Errusiara alde egitea?

Non ikusten duzu zure herriaren etorkizuna?

Ahalik eta etorkizunik onena opa diot nire herrialdeari. Baina onartu behar dut gauzek konponbide zaila dutela. Duela bi urte egoera horrelakoa izango zela esan izan bazidaten, ez nukeen ezer sinetsiko. Ikusi dut egoera zein den, baina. Aurreikuspenak egitea zaila da, ez dakit zer gertatuko den etorkizunean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa, hauteskundeetako emaitza ospatzen, atzo, Glasgown. ©ROBERT PERRY / EFE

Johnsonek goi bilera batera gonbidatu du Sturgeon, Erresuma Batuaren geroaz aritzeko

Andoni Imaz

Hauteskundeen ondoren, herrialdeen arteko batasuna indartzeko asmoz gonbidatu ditu Johnsonek Eskoziako, Galesko eta Ipar Irlandako aginatariak bilera batera.

ERCko Pere Aragones, gaur, erabakiren berri emateko agerraldian. ©Quique Garcia / EFE

ERC prest dago gutxiengoan gobernatzeko

Berria

Aragonesek bere inbestidura errazteko botoak eskatu dizkio JxCri; adierazpen horrekin, iradoki du bi alderdi politikoen arteko negoziazioek ez dutela arrakastarik izango.

 ©AZIZ ISA ELKUN

«Uigurrok gure herrian askatasunez biziko garela uste dut»

Urtzi Urrutikoetxea

Txinak uigur etnia bere esaneko egiteko haien kultura eta identitatea ezabatu nahi dituela salatu du Isak. Dioenez, egia hori ezkutatzea geroz eta zailagoa egiten ari zaio gobernuari.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna