Turkia. Presidentetzarako eta Parlamenturako bozak. Ilayda Kocoglu. CHPren Istanbulgo bulegoko presidenteordea

«Turkiak ez luke etorkizunik izango Erdoganekin»

Ince CHPko hautagaiak irabazten badu oraingo presidentearen «politika guztiak» aldatuko dituela dio Kocogluk. «Ziur» dago aukerak dituela. Turkiako banaketa politikoa konpondu eta «kaosa» amaitu nahi dute.

AITOR TXABARRI.
Istanbul
2018ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
«Gauzek ezin diote bide honi jarraitu. Hezkuntza beherantz doa, ekonomia ere beherantz, egunero hiru emakume hiltzen dituzte Turkian, animaliek ez daukate eskubiderik, kalean daudenak akabatzen dituzte. Hori guztia Erdoganek ezarritako politiken ondorio latz bat da», azaldu du Ilayda Cagla Kocogluk, CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoa alderdiko Istanbulgo bulegoko lehendakariordeak. CHP oposizioko alderdi nagusia da, eta, biharko hauteskundeen ondoren, Muharrem Ince presidentegaiaren bitartez, aldaketa politikoa bultzatu nahi du. Oposizio osoak bat egingo du horretarako, Recep Tayyip Erdogan presidentea boteretik botatzeko.

Zein da Turkiaren egoera gaur egun? Zein da arazorik larriena?

Nire ustez, Turkiaren arazorik larriena bere herritarrek bizi duten banaketa politikoa da. Erdiak Erdoganen aldekoak dira, baina beste erdiak, haren kontrakoak. Gure asmoa banaketa hori konpontzea da, baina Erdoganek ez du laguntzen; Erdoganek kaosa sortzen du.

Zer egin behar da hori konpontzeko?

Lehenik eta behin, Turkiak bizi duen larrialdi egoera bukatu behar da. Banaketa politikoa aintzat hartuta, alde bat ondo bizi da egoera honetan, baina bestea ikaraturik bizi da, Erdoganek bere esku daukan edozer erabil baitezake horien kontra.

Hauteskunde hauetan oposizio guztiak bat egingo du Erdoganen aurka. Oposizioak hauteskundeak irabaziko balitu arazoak sor al daitezke oposizioa osatzen duten alderdien artean?

Baliteke arazoak egotea gure artean, baina gaur egungo egoera aldatu behar da. Gaur egun, Erdoganek botere guztia dauka, eta gure alderdiak, Inceren bitartez, hori aldatu nahi du. Incek Erdoganen politika guztiak aldatuko ditu, larrialdi egoera bukatuko du, eta bakea sortuko du kurduekin.

Nola ikusten duzue Ince hautagaia? Irabazteko aukerekin ikusten duzue?

Bai. Ziur gaude irabazteko aukerak izango dituela.

HDP Herriaren Alderdi Demokratikoa giltza izango da hauteskundeetan. Hitz egin duzue haiekin? Zein da HDPrekin duzuen harremana?

Gure harremana oso gertukoa da HDPrekin. Ez da beti hala izan, baina, orain bizi dugun egoera ikusita, batu egin gara, eta gure bozak alde berera joango dira. Egia da HDP giltza izango dela hauteskunde hauetan, Erdoganek eta bere kideek benetan beharrezkoak dituztelako kurduen bozak. Nire ustez, boz horiek HDPk jasoko ditu; hau da, gure blokeak.

Zein da zure iritzia Erdoganek mantentzen duen larrialdi egoerari buruz?

Erdoganek larrialdi egoera mantentzen duen bitartean, botere guztia dauka. Gure alderdiaren kontra egin dezake, ikasleen kontra egin dezake, egunkari eta telebisten kontra egin dezake... Nahi duena egin dezake. Espainian bizi izan zen Francoren diktaduran bezala bizi gara orain Turkian Erdoganekin. Botere guztia dauka, eta hark nahi duena egiten da larrialdi egoera honetan.

Ince lehendakari izango balitz, larrialdi egoera kenduko zenukete?

Bai. Ince lehendakari bihurtuko balitz, 48 ordutan desagerraraziko genuke larrialdi egoera.

Zeintzuk dira egingo diren lehen aldaketak Ince gobernura iristen bada?

Desagerraraziko genuke larrialdi egoera, eta hobekuntza ekonomikoetan zentratuko ginateke.

Zergatik dira hain garrantzitsuak hauteskunde hauek?

Beti esaten da hauteskundeak garrantzitsuak direla, baina aurten, benetan dira oso garrantzitsuak. Erdoganek irabazten badu, sistema presidentzialistarekin jarraituko dugu; hau da, lehendakariak botere guztia edukiko du. Aldiz, gure blokeak irabaziko balu, demokrazia ekarriko genuke Turkiara. Gure blokea hainbat kolorez osatuta dago, eta guztiek lekua izatea da gure ideia. Gure helburua da demokrazia berriro ekartzea Turkiara.

Nolakoa izan da Ince hautagaiaren ibilbidea? Nola bihurtzen da batxilergoko irakasle bat Turkiako lehendakaritzarako hautagai?

Benetan interesgarria da. Hasiera batean, CHPko gazteen alderdiko kidea izan zen; gero, fisikako ikasketak egin zituen, eta irakasle bihurtu zen. Ondoren, hamasei urte eman zituen parlamentari gisa, eta orain, gure hautagaia da. Parlamentuan sartu zenetik beti indartsu defendatu ditu gure ideiak, eta horregatik da gure hautagaia orain.

Zein da Inceren alderdirik indartsuena?

Diskurtsoa transmititzeko orduan daukan indarra da Inceren alderdirik indartsuena. Gazteek maite dute, kurduek maite dute. Hori da bere alderdirik indartsuena.

Eta zein da haren alderdirik ahulena?

Alderdirik ahulena, pertsona batzuek pentsatzen dutela Ince Erdoganen kopia bat izango dela.

Nola ikusten duzu Turkiaren etorkizuna Erdoganik gabe?

Bikain ikusten dut. Guk ez dakigu nola izango den etorkizuna Erdoganik gabe, baina badakigu Erdoganekin ez dagoela etorkizunik. Ez dago hezkuntza sistemarik, ez dago ekonomiarik... Erdoganekin ez dago ezer; beraz, gurekin etorkizuna ez dakit nola joango den. Baina horrela ezin dugu jarraitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.