Ruben Peña. Eibarreko jokalaria

«Bederatzi puntu gehiago bagenitu, ez zen inor harrituko»

Ligako hamabost partidatan, Eibarreko jokalarien artean Peñak jokatu du denbora gehien. Eskuin hegaleko atzelariak oso garbi dauka ondo dabilela taldea, eta gora egoteko moduko jokoa egin dutela
JUAN HERRERO / EFE

Aitor Manterola -

2018ko abenduak 14
Barru giroa zegoen atzo Eibarren ere, eta, eguneko lanak bukatu eta gero, atseden hartzera joan zen Ruben Peña (Avila, Espainia, 1991): «Ea siestatxo bat egiten dudan». Bizi ibiltzeko lekua zelaian dauka, eta atzealdeko eskuin hegaletik bizkor dabil, gora eta behera lanean. Nork esango zion hori aurrelari moduan etorri zenari.

Valentziaren aurka ariko zarete bihar, Ipuruan. Nolako partida espero duzu?

Neurketa zaila izango da, horrelako talde handien aurkakoak izaten diren bezalakoa. Atzean dago sailkapenean Valentzia, baina izenagatik eta taldeagatik ez da dagokion lekua. Eibarrik onena ikusi beharko dugu hiru puntuak batu ahal izateko.

Beste motibazio berezi bat izaten duzue jokalariok horrelako talde bat parez pare daukazuenean?

Puntuak berdinak dira hauen kontra edo beste batzuen kontra jokatu. Beti daude jokoan hiru puntu. Kontua da hauen aurka adiago ibili behar izaten dela; jokalari onak ditu, eta horrek edozein unetan abantaila eman diezaieke. Ezin dugu hutsik egin, eta partida eraman behar dugu guri komeni zaigun lekura.

Eibarrek egin duen joko ona ikusita, Ipuruan batez ere, puntu gutxitxo ez al dauzka?

Bai. Talde barruan, kazetariek eta zaleek uste bera daukagu. Bederatzi puntu gehiago edukiko bagenitu, inor ez zen harrituko.

Zergatik ez dituzue puntuetan bilduak jokoan egindako gauza on guztiak?

Denetarik dago. Partida batzuetan, presaka ibili gara erasoko postuetan; beste hainbatetan, ez ditugu gertutik zaindu aurkariak goian uzten dituen jokalariak, eta leku gehiegi utzi izan diegu erasoan antola daitezen, eta ia guztietan gola sartu digute. Azkenean, gauza askoren batuketa da merezi izan ditugunak baino puntu gutxiago edukitzea, nahiz eta aurkari asko baino askoz hobeak izaten ari garen.

Jokoa eta emaitza bat eginda azaldu ziren partida bat Real Madrilen aurkakoa izan zen. Betirako oroituko duzuen horietakoa, ezta?

Oraintxe bertan ez diot balio handirik ematen, baina munduko talde onenetako bati irabaztea futbola utzitakoan hasiko gara behar bezala gogoratzen.

Ba al dakizu zenbat erdiraketa egiten dituzun partida batean?

Ez daukat inolako daturik.

Baina asko direla bai, ezta?

Azkenean, Eibarren jokoa horrelakoa da: kanpotik jokatzea gustatzen zaigu, hegaletatik; eta barruan jokalari asko badauzkagu pilatuta, entrenatzaileak eskatzen digu kanpora zabaltzeko eta erdiratzeko. Hark dioen moduan, area barruan gertatzen dira gauzak, eta bertan erabakitzen partidak.

Atzealdean jokatzen ari zara joan deneko denboraldi eta erdian, baina erasoan asko azaltzen zara. Oso eroso ikusten zaizu.

Taldekideekin askotan hitz egin dut honetaz: inork ez daki zein izango den norberaren postu finkoa zelaian. Aurrelari nintzela etorri nintzen Leganesetik; hegaletan jokatzeko ekarri ninduten, baina hegaleko atzelari moduan lortu dut hamaikakoan lekua izatea. Gure jokoari etekina atera ahal izateko, horixe da leku egokiena niretzat, eta hobetzen jarraitzea espero dut.

Entrenamendu batean izango zen ziurrenik: Jose Luis Mendilibarrek atzelari jartzeko esan zizun. Harritu egin zintuen?

Ezta batere. Anaitz [Arbilla] erdiko atzelari hasi zenean gertatu zen, aurreko denboraldiaren erdian edo. Bizpahiru hilabetez gutxi jokatzen aritu nintzen, eta nola Anaitz erdira mugituta zebilen, entrenatzaileak hegaleko atzelari bat behar zuen entrenamenduetarako. Teknikarien begi onarekin, ni jarri ninduten. Ez naiz amore ematekoa, eta, gutxi jokatzen ari banintzen ere, lanean segitu nuen, eta begira ordutik non eta nola nabilen. Uste dut betiko izango naizela hegaleko atzelari [barrezka].

Kontatu egia: entrenamendu hartan esan zizunean Mendilibarrek atzealdean jartzeko, ez zizun grazia handirik egingo, zu aurrelaria izanda.

Leku askotan jokatu izan dut beti, eta inoiz ez dut modu txarrean hartu edozein lekutan jokatzea. Hau maratoi bat da, egunero jarraitu behar da lanean, eta jarrera onak beste guztiaren aurretik egon behar du.

Atzelari zabiltzanetik, beste modu batera ikusten duzu atzelarien lana?

Aurrean jokatzen ari zarenean, ez zara ohartzen leku horretan defentsako lanean gaizki egindako mugimendu batek zer eragiten dien atzelariei, edo egoera deserosoetan paretik kentzeko ohitura ere izaten da aurrelarien artean. Orain ari naiz jabetzen gauza horietaz. Dena dela, guk jokatzen dugun bezala, presioa goian egitea eta abar, mesedegarria da nire jokoarentzat.

Duela hiru denboraldi, zure aurrenekoa Eibarren, 1.050 minutuz jokatu zenuen Ligan, aurrelari zinela, eta orain, Liga honetako hamabost partidatan, 1.260 daramatzazu. Non egongo zen Ruben Peña atzelari jarri ez bazuten?

Entrenatzaileei edo zuzendaritzari galdetu beharrekoa da hori. Postuz aldatuta lortu dut hamaikakoan finkatzea. Galderari erantzute aldera, orain kontratu amaierako denboraldian egongo nintzateke, eta ziurrenik beste talde batzuetan leku bila, nora jo.

Asko jokatzen ez zenuen denboraldi eta erdiko aldi luzean, izan zenituen beste norabait joateko aukerak, baina geratu egin zinen Eibarren. Zergatik?

Behin bakarrik joan naiz Fran Garagarzarengana [kirol zuzendaria] eta Mendilibarrengana beste norabait joateko aukerarekin, eta iazko udan izan zen, Austrian, denboraldi-aurrean, udako egonaldian. Aukera ona zen niretzat eta klubarentzat, eta ukatu egin zidaten irteteko aukera, ikusten zutelako eguneroko lanerako baliabide on bat galtzea izango litzatekeela. Horregatik geratu nintzen. Denborak arrazoia eman die, bistan da.

Etorri zinenean baino jokalari osoagoa zara orain. Zenbateko eragina izan du horretan Mendilibarrek?

Buruz indartzen zaitu, harekin azkenera arte joan behar delako. Orain, konfiantza handiagoa daukat, beteranoagoa naiz, eta denek lagundu dute horretan.

Kontratua berritua daukazu 2021era arte; horrek esan nahi du gustura zaudela klubean.

Bai. Garrantzitsuena bat ondo egotea da, baita familia ere, norberarekin etortzen direnak. Denok gaude pozik.

Zer moduz hirian, Eibarren?

Ondo. Leku lasaia da, eta presio berezirik ez dugu jendearen partetik. Gauzak okertu izan direnean ere, animoak ematen dizkidate, eta hori beharrezkoa da jokalarientzat, eta ona da taldearentzat. Eguneroko lanerako giro lasaia edukitzea funtsezkoa da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna