Suedian ez dituzte bozak aitzinatuko, eskuinak gobernua babestu duelako

Sozialdemokratek eta berdeek koalizioari eustea lortu dute, kontserbadoreen politikak onartzearen truke.

Eskuin muturra, baztertuta
Lofven lehen ministroa —eskuinetik hirugarrena—, ordezkariekin.
Lofven lehen ministroa —eskuinetik hirugarrena—, ordezkariekin. M. SUSLIN / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko abenduak 28
Suediako lehen ministroak ez ditu hauteskundeak aitzinatu beharko, eskuineko alderdiak biltzen dituen Aliantza koalizioak gobernua babestea erabaki duelako. «Akordio honek erran nahi du Suedia gobernagarria dela, parlamentuko egoera zaila bada ere», adierazi du Stefan Lofven lehen ministro sozialdemokratak. Akordio horrekin itxi dute hilabete hasieran sortutako krisi politikoa, Suedian azken hamarkadotako larrienetakotzat jo dutena. Itunaren arabera, sozialdemokratek eta berdeek osatutako gobernuak eskuinak aurkeztutako aurrekontu proposamena onartuko dute, eta soilik aldaketa batzuk sartu ahalko dituzte.

Hilabete gutxian elementu anitz nahasi dira Suediako politikan: gobernu aurrerakoi bat, eskuineko oposizio indartsua eta eskuin muturraren sendotzea. Urriaren 3an eratu zuen gobernua parlamenturako hauteskundeen garaileak, SAP Alderdi Sozialdemokrata Suediarrak. Gobernu berezia zen; SAPek lehen aldiz osatu zuen koalizio gobernu bat, eta lehenbiziko aldiz gobernuan sartu zen Ingurumenaren Alderdia (berdeak). Horrez gain, Suediaren historian gutxiengoan eratutako gobernu ahulenetakoa zen: 349 parlamentaritatik soilik 138 zituen, eta Ezkerreko Alderdiko 21ek emandako babesa. Handik bi hilabete eskasera piztu zen krisia, gobernuak aurrekontuak onartzeko behar bertzeko babesa lortu ez zuelako. Suedian ohikoa izan da oposizioak abstentzioa ematea gutxiengoan dauden gobernuei, baina Aliantzak bere aurrekontuak aurkeztu zituen, eta SD Suediako Demokratak eskuin muturreko alderdiak babesa eman zien.

SD, hirugarren alderdia

Suediako eskuin muturra, ondoko herrialdeetakoekin alderatuta, ahulagoa izan da, baina azken hauteskundeetan SD hirugarren alderdia izan zen, botoen %13rekin. Gobernuko alderdiek SD baztertuta eduki nahi dute. Aurrekontuak trabatuta, Lofvenek dimisioa ematea edo hauteskundeak aitzinatzea zituen aukeratzat. Dimisioa emanez gero, gobernu berria eratzeko bilera sortak hasiko ziratekeen. SAPek eragotzi nahi zuen Aliantzak gobernua hartzea; hortaz, gobernua mantentzeko erabakia hartu du, eskuinak kanpotik lagunduta. Horrekin, eskuin muturra zentralitatetik at mantentzea lortu du, baina eskuinaren politikak onartzearen truke. Ezkerreko Alderdiak babesa kendu dio Lofveni.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna