Fede van Lacke. Delteco Gipuzkoa Basketeko jokalaria

«Azken partidetan ez dugu talde gisa jokatu; horrek kezkatzen nau»

Jaitsiera saihesteko borrokan, datozen lau partidak aurkari zuzenen kontra jokatuko ditu GBCk; lehena, etzi, Manresaren kontra. Fede van Lackeren ustez, lehia erabakigarriak izango dira: «Batez ere, animikoki».

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Esperientziak sosegua eman ohi du, eta hala mintzo da Fede van Lacke, Delteco Gipuzkoa Basketeko jokalaria (Santa Fe, Argentina, 1980); baina baita kezkaz ere, taldearen egoera kontuan hartuta. Autokritika egin du.

Sasoiko hamaikagarren kolpea jaso zenuten igandean, Breoganen aurka galduta. Nola dago taldearen aldartea?

Egoera oso zailean gaude. Hilabeteak daramatzagu sailkapeneko azken postuan, eta zama hori gero eta astunagoa bihurtzen ari da. Baina aurrera egiten saiatzen ari gara. Izan ere, gu gara hau irauli behar dugunak. Ez da inor etorriko guri laguntzera.

Igandean presio eta tentsio handia nabaritu zen aulkian. Zuk ere sumatu zenuen halakorik?

Zuzendaritzak, eta batez ere Nekane Arzallus presidenteak, gugan konfiantza osoa dutela esan digute, eta horrek lasaitasuna ematen digu. Baina guk geuk jarri diogu presioa geure buruari. Izan ere, jakitun gaude zein egoeratan gauden eta zer dugun jokoan. Denboraldian osoan ez dugu ondo jokatu, eta pentsamoldea ere ez da egokiena. Gainera, azken asteetan ez dugu izan behar bezainbeste pazientzia eta tolerantzia okerren aurrean, ikusten ari garelako jardunaldiak aurrera doazela, eta ez garela gai egoera hau iraultzeko. Zaleak ere kezkatuta eta haserre sumatzen ditugu. Horregatik, aurrerapauso bat eman behar dugu, bolada txar hau aldatzeko. Gainontzean, denboraldia oso gogorra eta luzea egingo zaigu, eta ez dugu halakorik nahi.

Nola lor dezakezue egoera aldatzea?

Lan egiteko jarrera hobeagoa eta baikorragoa izanda; adiago entzunez entrenatzailearen azalpenak, eta pazientzia handiagoa izanda taldekideen zein norberaren okerren aurrean. Talde gisa jokatu behar dugu, eta oso batuta egon. Hala egiten ez dugunean, gure gabezia guztiak geratzen dira agerian. Bakoitza bere kabuz saiatzen da egoera konpontzen, eta horrek ez du ezertarako balio. Horrekin jokalari bakoitzak gure zenbakiak hobetu ditzakegu, baina taldearen egoera ez. Horrek kezkatzen nau gehien: azken partidetan ez dugula talde gisa jokatu. Taldekideei argi esan diet nire iritzia. Gainera, 40 minutuetan oso adi egon behar dugu.

Oso adi egon behar duzuela esan duzu. Partida askotan, ordea, minutu batzuetan oso ondo jokatu, baina bat-batean behera egin duzue, eta aurkariaren menpe amaitu: adibidez, Bartzelonaren eta Unicajaren kontra. Zer dela-eta pasatu zaizue hori?

Nik nahiago dut Breoganen aurkakoari erreparatu, kontrario zuzena delako, eta hor ere antzekoa pasatu zitzaigulako. Uste dut aipatutako pazientziarik ezaren eta tolerantzia faltaren ondorio dela. Behin aurkaria hamabost-hemezortzi puntu aurretik jartzen denean, oso zaila da partida iraultzea. Balentria behar da horretarako, eta halakoak gutxitan gertatu ohi dira.

Eskarmentu handia duzun jokalaria zara. Denboraldi hasieran espero zenuen halako zerbait gertatzea?

Kontratua luzatu aurretik sumatzen nuen sasoi gogorra izango zela, entrenatzaileak eta zortzi jokalarik utzi zutelako taldea, eta gurea bezalako talde batean hainbeste aldaketa daudenean are gehiago zailtzen dira gauzak. Izan ere, denbora behar da taldea egokitzeko. Etorri ziren jokalarietako batzuk, gainera, min hartuta etorri ziren. Denboraldi hasieran asko nabaritu genuen hori, eta zama horrekin segitzen dugu. Aurreko sasoian apustu hori ondo irten zen, taldeak dituen baliabide ekonomikoak kontuan hartuta, hartu beharreko arriskua baita. [Daniel] Clark eta [Henk] Norel min hartuta etorri ziren, baina gero oso ondo aritu ziren. Sasoi honetan, zoritxarrez, ez da hala izan. Pena handia da, zaleen artean ilusio handia sortu baitzen aurreko sasoian taldearen inguruan.

Hurrengo lau neurketetan Manresaren, Estudiantesen, Zaragozaren eta Burgosen aurka jokatu behar duzue. Hor erabakiko da denboraldia?

Matematikoki ez, baina animo aldetik bai. Aspaldi esan nuen urtarrila erabakigarria eta funtsezkoa izango zela guretzat, Breogan ere aurkari zuzena zelako. Lehen neurketa galdu genuen, eta orain hil edo biziko lau partida ditugu.

Nola irabaz dakioke Manresari?

Lasai eta pazientziaz jokatuta erasoan eta elkartasun handia izanda defentsan. Jaurtitzeko aukerarik onenak topatu behar ditugu. Horretarako ohi baino pase bat gehiago eman behar badugu, ez dugu zertan kezkatu. Izan ere, aukera egokienak topatuta, errazagoa izango da saskiratzeak lortzea, edo huts eginez gero erreboteak jasotzea; gainera, errazago saihestuko ditugu aurkarien kontraerasoak.

Haiei bi jokalari joan zaizkie berriki: Justin Doellman eta Alex Renfroe. Zertan eragin diezaieke horrek?

Oso jokalari onak dira biak, eta neurri batean eragina izan dezake. Baina beste oso on bat ekarri dute: Corey Fisher. Liga oso ondo ezagutzen du, eta hasieratik eman dezake maila ona. Dena den, ez diegu aurkariei erreparatu behar. Oraintxe bertan gu geu gara geure aurkaririk handiena.

Zure ustez, zein beste talde ibiliko dira ez jaisteko borrokan?

Jokoa ikusita,Estudiantes eta Fuenlabrada. Baina lehia horretan egoteko, guk garaipenak pilatzen hasi behar dugu. Garrantzitsua izango zen Murtzia lehia horretan sartzea ere.

Nola bizi duzue zuekin lehia horretan dauden taldeek fitxaketak egitea eta zuek ez?

Gogorra da. Baina udatik bagenekien zein den klubaren egoera. Lehen egunetik esan ziguten taldea hori izango zela denboraldiosoan. Lanean ari dira soldatak ordaintzeko eta zorra kitatzen segitzeko.

Nola dago Sergio Valdeolmillos entrenatzailea?

Kezkatuta eta aurrera egiteko gogoz. Konpromiso eta eskarmentu handia duen pertsona da, eta entzuteko gaitasun handia duena. Nik asko hitz egiten dut harekin. Partidetan gertatzen diren gorabeheren inguruan aritzen gara.

Zortea ere ez duzue lagun izan. Inor gutxik espero zuen, adibidez, Breoganek eta Estudiantesek Real Madrili irabaztea.

Ezin dugu horretan pentsatu. Nik gehiago sinesten dut lanean, eta jokalarion arteko batasunean. Argi izan behar dugu denak garela garrantzitsuak, eta jokalari bakar bat ez dagoela sobran. Jokalari bakar batek ere ezin du partida oso bat aulkian eman.

Hori hain garbi izanda, nola hartu zenuen entrenatzaileak esan izana Xabi Orozek ACBn ezer gutxi egin duela?

Batetik, Xabi oso jokalari garrantzitsua da, kapitaina baita, eta ikusten ez diren gauza asko ematen baitizkigu; eta, bestetik, ziurrenik, ez ziren ondo ulertu Sergiok esandakoak. Baina horren inguruan ez dugu askorik hitz egin. Garrantzi handiagoa eman zaio kanpora begira, barrura begira baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.