Jacobo Cuetara. Bidasoa-Iruneko entrenatzailea

«Egoera kontuan hartuta, ezin gara kexatu; lanean ari gara»

Bidasoak gaur ekingo dio berriro lehiari, Ademarren pistan (19:00, Gol). Irundarrek bikain egin diete aurre orain arte koronabirusak eragindako trabei, eta bigarren dira. Cuetarak dio taldea «prest eta ilusioz» dagoela.

GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Egun on! Zer moduz zaude?; euskaraz hasi du kazetariarekin solasaldia Jacobo Cuetarak (Ribadesella, Espainia, 1980); baita bukatu ere, eskerrik asko esanez. Ia bost urte joan dira Irunera (Gipuzkoa) iritsi zenetik, eta nabari da errotuta dagoela. «Oso zoriontsua» da, eta emaitzak lagun ditu. Harekin, jauzia eman du Bidasoak. Aitortu duenez, osasun egoera dela eta, «sasoi zaila» ari da izaten. Halere, bikain ari da taldea: bigarren postuan ekingo dio bigarren itzuliari.

Gaur ekingo diozue lehiari, Munduko Txapelketagatik hilabete eta erdiko etena izan eta gero. Zer moduz joan da prestaketa?

Pozik gaude egin dugun lanarekin. Asko eta ondo entrenatu gara, eta jokatu ditugun hiru partidak balekoak izan dira. Kanpoan egon direnak ere ondo iritsi dira. Bi hutsune baino ez ditugu: Matheus, min hartuta baitago; eta Bartok, taldea utzi baitu. Prest gaude.

Osasun egoera nolakoa den aintzat hartuta, berri ona da arazorik ez eduki izana, ezta?

Bai, oso garrantzitsua baita gelditu behar ez izatea. Noizbait gelditu behar izan dugunoi kalte egin digu gure errendimenduan. Zorionez, oraingoan, ez dugu halakorik sufritu. Ea hala jarraitzen dugun.

Zaila izaten ari da denboraldia?

Ezohikoa ari da izaten erabat. Oso malgua izan behar duzu prestaketa egitean, edonoiz dena goitik behera alda baitaiteke. Nik buruz jakin ohi dut egutegia, eta orain, kosta egiten zait bigarren itzulikoa gogoratzea. Lehen itzulian gertatu zenaren oroitzapena dut; ez zen izan inolako ordenarik.

Jokatzen ari zarete. Ez da gutxi.

Pozik gaude, lanean ari baikara, eta gure jardunean kutsatzeko arrisku txikia baitugu. Egoera kontuan hartuta, ezin gara kexatu. Jende askorenganako errespetu falta litzateke.

Entrenatzaile gisa, zer da izaten okerrena? Gauzak egun batetik bestera alda daitezkeela?

Bai, baina egokitu egiten zara ezinegon horretara; edonoiz norbaitek positibo eman dezakeela. Guk oso zorrotz betetzen ditugu protokolo guztiak, eta horrek lasaitasuna eta segurtasuna ematen dizkigu. Baina beti gerta daiteke zerbait. Oso barneratua dugu hala izango dela denboraldi osoan, eta jada ohitu egin gara. Ez dakit zenbat test egin dizkidaten jada. Jada ez dut ilerik sudurrean.

Urri hasieran bakartuta egon zineten. Nola bizi izan zenuten?

Bagenekien zer zen. Guztiok bizi izan genuen martxotik maiatzera arteko etxealdia. Denboraldiaren lehen hilabetean, zortea izan genuen, eta izkin egin genien positiboei. Baina, azkenean, gu ere erori ginen. Navaren aurka jokatu berritan jakin genuen talde horretako hamazazpi jokalarik positibo eman zutela, eta, noski, gu erekutsatu ginen. Garrantzitsuena izan zen kutsatuta zeudenak ez zirela larri egon; sintoma arinak baino ez zituzten izan. Alde horretatik lasai ginenez, saiatu ginen ahal den ondoen prestatzen itzulera, erritmoa ahalik eta azkarren hartzeko. Bagenekien asko kostatuko zitzaigula. Eta halaxe izan zen.

Bolada batean, makina bat partida atzeratu egin ziren. Anabasa bihurtu zen Asobal liga.

Nik hiru alditan banatuko nuke ligaren lehen zatia: aurrenekoan, zenbait partida atzeratu ziren, baina estutu gabe jokatu genuen, astean bitan aritu behar izan gabe; bigarrengoan, berriz, ia denok erori ginen, eta ia ez zen jokatu, jardunaldiko partida pare bat baino ez; eta, azkenik, hirugarrengoan, positibo gutxi egon zirenez, partidak bata bestearen atzetik jokatu genituen. Horren ondorioz, ez dira horrenbeste geratu jokatu gabe.

Jakina zen horrelako zerbait gerta zitekeela, are gehiago bi talde gehiago ariko zirela aintzat hartuta. Baina, hala ere, Espainiako Federazioak eta Asobalek ez zuten aldatu lehiaketa sistema.

Guk apirilean jada argi esan genuen sistema aldatu behar zela. Zentzugabea da pandemia betean partida gehiago jokatu nahi izatea. Baina ez zuten egitura aldatu nahi izan, eta, gero, liga hasi zenean, jada berandu zen. Aurretik pentsatu behar zituzten aukera ezberdinak. Ezin daiteke gero egin, onuradunak eta kaltetuak egongo bailirateke; hori lehia faltsutzea da. Azkenean, sekulako ahalegina eginda atera da aurrera liga, baina jendea geratu da bidean; lesionatu diren jokalariak, kasurako. Guk arazo bat dugu: ezer gutxi gertatuta ere, konfinatu egiten gaituzte. Hori ez da gertatzen futboleko edo saskibaloiko liga profesionaletan. Aldea handia da.

Zuk esan duzu: jokalariek ahalegin itzela egin izanari esker lortu da ligak aurrera egitea. Partida mordoa jokatu behar izan dituzte oso denbora gutxian.

Ikaragarria izan zen zein erritmo bizian jokatu ziren azken jardunaldiak. Talde batzuk prestatuago gaude erritmo horri eusteko, baina beste batzuk ez, ez baitute taldea egin halako erritmoan lehiatzeko. Horren ondorioz, jokalariek ahalegin handiagoa egin behar izan dute, baita beren osasunerako arrisku gehiago hartu ere.

Protokoloak hobetu daitezke?

Bai. Adibidez, prebentzioari dagokionez. Test gehiago egin beharko lirateke; dena fidagarriagoa litzateke. Baina, diru laguntzarik gabe, klubek ezin diote aurre egin horri guztiari. Lehiari dagokionez ere, beste protokolo batzuk ere egin zitezkeen, kontaktuak oso txikiak direnean talde osoa konfinatu behar ez izateko. Agian, ez da horren beharrezkoa hori egitea. Jendeak esan dezake: «Zergatik zuek ez eta guk bai?». Egia da, baina, bi positibo izan genituenean, zeinek ez zuten ia harremanik izan beste taldekideekin, proposatu genuen zenbait egunez gelditzea, eta beharrezkoak ziren test guztiak egitea; dena, gure patrikatik ordainduta. Hori eginez, besteek jokatzen jarrai zezaten nahi genuen.

Zailtasunak zailtasun, bikain ari zarete: bigarren zarete.

Beti egin daiteke hobeto, eta beti geratu ohi da arantzaren bat sartuta, baina oso pozik gaude egin dugun lanarekin: klubaren emaitzarik onenak berdindu ditugu; bigarren gara; eta oso lehia gutxi galdu ditugu. Eta hori guztia lortu dugu egoera lehian eta eguneroko bizitzan sekulako eragina izaten ari den arren. Asko zaindu behar dugu geure burua, eta, horretarako, uko egin behar diogu lagunekin egoteari; azken finean, ezer gutxi egitera mugatu behar dugu: lan egin eta etxean egon. Denbora asko daramagu horrela, eta ez da erraza eramaten. Baina taldea oso ondo ari da. Ondo gaude bigarren itzuliari ekiteko.

Egoera honetan nahitaez joan behar da partidaz partida?

Bai, eta are gehiago Asobal ligan; edozeinek irabaz diezazuke. Huts larria da hurrengo partidan baino haratago pentsatzea. Baina baditugu zenbait helburu begiz joak:lehena, ahal den azkarren Europarako sailkapena ziurtatzea; eta bigarrena, ahal den ondoen geratzea, atarikorik ez jokatzeko. Kopan eta Asobal kopan ere protagonista izan nahi dugu.

Asmo horietan partida garrantzitsua da gaurkoa, aurkari zuzena baita Ademar. Zer itxura hartzen diozu lehiari?

Oso lehia zaila da, baina aukera dugu arerio zuzen bati aldea ateratzeko. Min egin diezaiokegu han punturen bat lortuta. Ez da izango erabakigarria, partida asko falta baitira, baina bai garrantzitsua. Gogotsu eta ilusioz gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.