Asier Zubiria. Bidasoa Irun taldeko kirol zuzendaria

«Itzel ari dira taldeko kide guztiak, pistan eta pistatik kanpo»

Bidasoa 47 puntura iritsiko da gaur etxean Cisneri irabaziz gero (20:15). 1995etik, liga irabazi zuen azken alditik, ez zituen horrenbeste puntu lortu 30 jardunalditan. «Pozik» dago Zubiria, baina baita «zuhur» ere.

GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun

Gurutz Aginagaldek Bidasoa Iruneko presidendetza hartzearekin batera hasi zen kirol zuzendari lanetan Asier Zubiria (Usurbil, Gipuzkoa, 1981). Ordutik, «garairik zailenean» daudela dio, baina «pozik» dago, lanaren poderioz sasoia «salbatuko» baitute.

 

Zer sentitzen duzu Asobal ligako sailkapena begiratu eta ikusita taldea bigarren postuan sendo, aspaldiko puntu kopururik handienarekin?

Poza. Pozgarria da, denboraldiaren garapena eta egon diren zailtasunak kontuan hartuta, taldea goian, atzetik datozenekiko alde polita izanda eta sendotasun itxura emanda ikustea. Baina zuhurtziaz jokatu beharra dago. Oraindik bost jardunaldi falta zaizkigu, eta partida zailak ditugu jokatzeko, horietatik batzuk aurkari zuzenen aurka. Lana dago egiteko. Goizegi da ezer ospatzeko.

«Zuhurra» izan beharra dagoela diozu, baina taldea oso sendo ari da. Ez dirudi txakalaldiren bat izango duenik.

Kirol ikuspuntuari bakarrik erreparatuta, agerikoa da taldea sendo ari dela denboraldia hasi zenetik. Baina sasoi honek ez du aurrekoen antzik. Ziurgabetasun handia dago. Edozein unetan edozer gerta daiteke: adibidez, norbaitek positibo ematea, eta talde guztia hamar egunez etxean bakartuta geratu behar izatea. Hori gertatuz gero, sasoia galduko luke taldeak, eta komeriak hasiko lirateke. Beti izan behar baldin bada zuhurra, are gehiago denboraldi honetan.

Gogorra ari da izaten sasoia?

Oso gogorra. Jokalariak psikologikoki ari dira sufritzen gehien. Hasiera izan zen okerrena: protokolo guztiak barneratzea. Behin hori eginda, eta ohituraren poderioz, poliki-poliki egiten duzu aurrera. Baina, hala ere, gogorra da, taldea burbuila batean sartuta baitago. Eta, horretarako, jokalariek ahalegin handia egin behar izan dute: ahal duten gehien gutxitu dituzte harremanak, eta uko egin diote euren eguneroko bizitzari.

«Ezer gutxi egitera mugatu behar izan dugu: lan egin eta etxean egon. Denbora asko daramagu horrela, eta ez da erraza eramaten». Jacobo Cuetararena da aitormena.

Eta hala da. Txalotzekoa da taldeko kide guztiak izaten ari diren jokabidea; itzela izaten ari da, pistan eta pistatik kanpo. Taldea bakartuta egon da, baina ezin da dena kontrolpean izan, are gutxiago beste taldeen aurka jokatzen duzula kontuan hartuta. Zorionez, oso ondo joan da dena, eta ez dugu ezbehar handirik izan.

Jokalariek ahalegin itzela egin dutelako lortu da ligak aurrera egitea ere. Hasieran, makina bat partida atzeratu zen, eta neurketa pila jokatu behar izan zituzten oso denbora gutxian.

Bai, eta txarrenari onena bilatuta, mesede egin zigun goiz geratu izanak Europatik kanpo. Ligan bakarrik aritu gara, eta horrek eramangarriagoa egin du sasoia. Europan lehiatzen aritu diren zenbait taldek asko sufritu dute: adibidez, Ademarrek eta Bartzelonak. Eromena izan da. Azkenean, nola edo hala lortu da denboraldia salbatzea. Ez da gutxi.

Sasoia hasi aurretik esan zenuen «oso pozik» zinetela osatu zenuten taldearekin. Orduko sentipenak egia bilakatu dira?

Bai. Duela urtebete zalantza asko zegoen ea nola joango zen denboraldia, baina, oztopoak oztopo, aurrera atera dugu, ondo atera ere. Oso pozik gaude taldea egiten ari den lanarekin. Aurreko urteetako oinarriari eutsi izanak indarra eman dio taldeari azken urteeko maila onari segida emateko. Horretan ere lagundu dute taldeari egin dizkiogun ukitu batzuk.

Datorren sasoian ere ukitu batzuk egin beharko dituzue derrigorrean: Iker Serranok eta Sergio de la Saludek jada iragarri dute ez dutela jarraituko taldean. Hasi zarete lan horretan?

Aurtengo fitxaketen merkatua nahiko berezia izaten ari da. Iaz, adibidez, urtarrilerako jada taldearen %90 genuen eginda. Baina aurten, mantsoago doa dena. Ez gaude geldi, adi gaude, baina sasoi honetan klub gehienen lehentasuna izan da denboraldia salbatzea, kirol arloan zein arlo ekonomikoan. Izugarriak izan baitira zailtasunak. Zeregin horretan hasiak gara, eta uste dugu sasoia ondo salbatuko dugula. Hori ikusita, datozen asteetan hasiko gara hurrengo denboraldirako taldearen egitura osatzen. Jada badakigu bi jokalari faltako ditugula: Iker eta Sergio. Hutsune garrantzitsuak dira, asko eman baitigute. Saiatuko gara talde lehiakorra osatzen. Hainbat jokalariri kontratua bukatuko zaie, eta haiekin hitz egin behar dugu. Eta fitxaketak ere egin beharko ditugu. Baina ez dugu burua galduko. Urte zaila izan da, ez krisian gaudelako, baizik eta duela bi urte eta erdi zuzendaritzako kideok klubean lanean hasi ginenetik lehentasuna, eta helburua izan baita kluba bere osotasunean egonkortzea eta egitura sendotzea. Horrek bere horretan jarraitzen du. Talde lehiakorra osatu nahi dugu, baina sailkapenean helburu jakinik izan gabe: goiko aldean eustea eta Europarako lehia betean egotea. Zorionez, taldeak oinarri sendoa du, eta horri eutsi egingo diogu, eta ukitu txiki batzuk eman.

Asko aldatzen da lana Txapeldunen Liga jokatuz gero?

Ohiko egoera batean, bai; baina ziurgabetasun testuinguru honetan, ez. Ezin dugu burua galdu. Ezin dugu fitxaketak egiten hasi pentsatuz ligan bigarren izan eta Europan urruti iritsi nahi dugula. Lehiakortasunari eusten ahaleginduko gara, baina zuzendaritza honek argi du guztiaren gainetik dagoela klubaren jasangarritasunari eustea. Errazena litzateke hiruzpalau fitxaketa on egitea eta sasoi on bat egitea, baina hori ez da jasangarria luzera begira. Horri eusteko, funtsezkoa da klubak oinarri sendoak izatea, eta horretarako, inbertsioak egin behar dira, ez bakarrik lehen taldean, harrobian ere lana egin beharra dago. Eta ari gara, Euskal Herriko jokalaririk onenak gure inguruan ditugu. Haiekin egin nahi dugu lan, haiek baitira etorkizuna. Halaber, ekonomia eta gizarte arloan kluba sendotu egin behar da, baita haren irudiari eta ikusgarritasunari bultzada eman ere. Hori dena egiteak isla izango du lehen taldearen errendimenduan. Hau ez da bakarrik hiruzpalau fitxaketa on egin, eta beste guztia ahaztu. Kluba bere osotasunean hartu behar da kontuan.

Sei jokalariri amaituko zaie aurki kontratua: Sierrari, Aginagalderi, Crowleyri, Bonannori, Caverori eta Da Silvari. Hasi zarete haiekin hizketan?

Bai. Haien nahien berri izan dugu. Ziurrenik baten batek taldea utziko du, baina gure asmoa da haietako gehienak gurekin jarraitzea.

Aginagalde nabarmentzen da horien artean. Zer asmo dauka?

Duen esperientziagatik, eta bere kirol ibilbidean dagoen garaiarengatik, Juleni egunero gozatzeak axola dio gehien. Haren itzulera bestelakoa izango zela amestuko zuen, Artaleku bete batean. Zoritxarrez, ez da hala izan, baina gustura ari da, taldearekin gozatzen, eta nik uste dut oraindik indarra duela beste urtebetez jarraitzeko. Gogotsu ikusten dut. Ea lortzen dugun gurekin segitzea. Denboraldia amaitzean hitz egingo dugu elkarrekin, lasaiago. Ez dut uste arazorik egongo denik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.