Jorge Moneo Quintana. Zinemagilea

«Mundu homogeneo honetan, zer zentzu du aberriaren ideiak?»

Familia baten istorio pertsonaletik abiatuta, Euskal Herriaren azken hamarkadetako historia kolektiboari begiratu dio Jorge Moneo Quintana zinemagileak 'Orbainak' filmean. Ikuspuntu jaialdian estreinatu du.
IDOIA ZABALETA / FOKU

Ane Eslava -

2019ko martxoak 14
Euskal Herriko paisaian gertatu diren aldaketak eta Gipuzkoako familia batean jazotako gertakari batzuk irudikatuz, euskal gizartearen iruditerian egon diren apurketak aztertu ditu Jorge Moneo Quintana zinema zuzendariak (Gasteiz, 1988) Orbainak film dokumentalean. Atzo estreinatu zuen lana, Ikuspuntu jaialdian, Iruñean. Festibaleko Sail Ofizialean lehiatzen diren bi euskal ekoizpenetako bat da Moneo Quintanarena. Zuzendariak gogoeta zabaldu nahi du filmarekin.

Euskal Herriko gatazka zinemara eramateko grina zenuelako egin duzu filma?

Bai, hori da hasieratik argi izan dudan gauza bakarra. Hasierak nahiko libreak izan ohi dira, eta oso interesgarriak dira, baina pixka bat galduta zabiltza. Eta ni hortik hasi nintzen. Baina, nola eman ideia abstraktu horri irudiak eta soinuak? Bada, hasi nintzen gatazkaren aztarnak bilatzen paisaietan eta memoriaren dispositiboetan; familia argazkietan.

Hain zuzen ere, familia baten istorioan oinarritu duzu lana.

Bai, gatazkarena oso gai zabala izanda, zerbait zehatza hartu behar nuela erabaki nuen: familia baten argazkietatik tiraka, arlo pribatutik jorratu nuen ikuspegi unibertsalago bat. Egia esanda, hasieran zalantzak izan nituen familia horren ibilbidea pelikulan sartzeko, baina muntaketa fasean sartuta nengoenean ikusi nuen oso ongi kondentsatzen zuela bilatzen ari nintzena.

Familia horrek bizitako hiru gertakaritan oinarritu duzu filma.

Bai. Familiako osaba fraidea bahitu egin zuten; aitari baserria kendu zioten; eta semea, ETAko militantea, hil egin zuten. Hiru belaunaldiren bizipenak dira. Agertzen den azken esperientzia 1970eko hamarkadan gertatu zen, eta ordutik gaur arte hutsune handi bat dago. Nik mantendu egin dut hutsune hori, ikusleak bete dezan, horretara gonbidatua senti dadin.

Hutsune horrekin gogoeta bultzatu nahi duzu?

Bai, hori da. Nik banuen obsesio bat gai honekin, nire ahotsa aurkitu nahi nuen, zerbait adierazi. Eta pentsatzen dut une egokia dela horretarako, eta uste dut hemendik aurrera beste ahots batzuk ere sortuko direla. Lehenago, agian, halako gaiei lotutako lanetan, ahotsak oso polarizatuak izan dira. Pelikula hau uste dut nahiko kritikoa dela, baina, aldi berean, gogoeta bultzatzen du. Ez dut inongo erantzunik ematen; galdera bat plazaratzen diot ikusleari, eta hor geratzen da.

Pertsonaletik kolektibora pasatu zara. Zer irudikatu nahian?

[1936ko] Gerra garaitik gaur egun arte Euskal Herriko iruditeria kolektiboan izan ditugun irudi batzuk islatu ditut. Pentsatzen dut hemen egon den gatazka datorrela gerra garaitik eta frankismotik, eta gaur egun arte izan ditugula horren ondorioak. Hori islatu nahi izan dut.

Euskal iruditeriaren elementu garrantzitsuak sartu dituzu irudietan: paisaia, etxea...

Oso irudi heterodoxoak sartu ditut. Nik uste dut pelikula hau dela zinema saiakeraren adibide bat. Zinema saiakerak oso elementu heterodoxoak lotzen ditu, horien bitartez artikulatzeko diskurtso bat, narrazio bat, pelikula bat. Pelikula honetan erabili ditut familia albumeko irudi finkoak, paisaien grabazioak... Oso heterodoxoak dira irudi horiek, eta ni saiatu naiz arkeologia moduko prozesu bat irekitzen irudi horiekin: eskala aldatuz, detailetan zentratuz... Hor bilatzen nuena zen iruditeria kolektibo horren aztarna batzuk erakustea.

Behin baino gehiagotan errepikatzen da Nire aitaren etxea defendatuko dut esaldia. Esanahi handia du; zergatik sartu duzu?

Batetik, errealitateak eman zidan elementu hori: familiako semearen hiletan poema hori errezitatu zuten. Eta iruditzen zait oso esaldi kanonikoa izan dela euskal kulturan eta ideologia abertzalean. Baina pelikularen amaieran beste buelta bat ematen diot: nik galdetu nien [off-eko ahotsean entzuten diren familiako kideei] ea nola jarraitzen zuen olerkiaren letrak, eta hasi ziren esaten «ez gara oroitzen, letra ahaztua dugu...». Horrek balio zidan galdera bat egiteko: kantu zahar horiek, guda kantak, baliagarriak dira gaur egun daukagunari aurre egiteko? Eta, era berean, memoriaren balioa eta hauskortasuna erakusteko baliagarria iruditu zitzaidan.

Off-eko ahotsak dioenean ez dela oroitzen olerkiaren hitzez, etxea apurtuak agertzen dira. Lotura bat sortu nahi zenuen?

Hor tentsio bat dago irudien eta ahotsen artean. Elkarren osagarriak dira, baina inoiz ez dira argigarriak. Hitzak ez du esaten irudietan ikusten dena, ezta kontrakoa ere.

Amaieran, ahotsak gogoeta egiten du aberriak egun duen balioaren inguruan. Aurrekoarekin lotuta dago?

Zati hori erabili dut gehiago nire posizioa markatzeko. Izan ere, zer zentzu dauka aberriaren ideiaren zehaztasunak gaur egungo mundu homogeneo honetan? Dena hain iguala denean, denok hegazkin berdinak hartzen ditugunean, hizkuntza bera hitz egiten dugunean... Galdera hori plazaratu nahi izan dut.

Soinuek garrantzi handia dute pelikulan. Zer helbururekin eraiki duzu soinua?

Nik gatazka bat daukat zinema dokumental mota batekin, ezagutzen dugun errealitateari lotuegi dagoena. Andrei Tarkovski zinemaren maisuaren esaldi bat dut gogoan, zioena soinuaren funtzioa pelikula batean dela eraikitzea leku bat, espazio bat, ikuslea hor bizitzeko pelikulak irauten duen bitartean. Ez da espazio edo soinu errealista bat, baizik eta irudimenetik sortutako soinu espazio bat. Ni horretan oinarritu naiz soinua sortzeko.

Askotariko soinuak daude. Nola sortu dituzu?

Hainbat zati daude. Haizeak garrantzi handia du, beste ahots bat balitz bezala landu dut. Horrez gain, hainbat geruza erabili ditut: iturri batetik uraren soinua grabatu dut, txori batzuk, Tibeteko katilu batzuk... Gero, soinuei oihartzuna eman diet, atzetik aurrera jarri ditut, luzatu ditut... Geruza horiek eraikiz, atmosfera bat sortzen saiatu naiz.

Filmean agertzen diren argazkiek, etxeek eta paisaiek arrakalak dituzte. Horiek orbainak irudikatzen dituzte?

Bai. Orbaina bera izan zen hasieratik dispositiboa edo aitzakia pelikulari egitura bat emateko, eta izenburua ere hortik joango zela erabaki nuen. Paisaien kasuan, harrobiek arreta ematen zidaten errepidetik ikusten nituenean; zauriak balira bezala ikusten nituen. Badakigu zer garrantzitsua izan den mendia euskal kulturan, zentzu askotan: mitologian, artzainen kulturan... Eta mendiak gaur egun zulatuta daude, badituzte orbainak, denborak utzitako arrastoak. Arrasto horiek beste toki batzuetan ere ikusten dira pelikulan: argazkietan gertatzen diren zimurduretan, adibidez. Eta etxea bera ere apurtuta agertzen da. Dena lotzeko balio duen elementu bat da orbaina.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna