Lara Gonzalez. IDK Euskotren taldeko jokalaria

«Taldeari nire onena ematen segitzeko ilusioa daukat»

RPK Araskik eta IDK Euskotrenek derbia jokatuko dute bihar, Gasteizen. Lara Gonzalez Donostiako taldeko kapitainaren arabera, garaipena lortzea «bultzada handia» litzateke jaitsiera postuetatik aldentzeko.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Iulene Olabarriak eta Onintza Adurizek erretiroa hartu eta gero, Lara Gonzalez da IDK Euskotren taldeko kapitaina (Donostia, 1994). Taldea «ondo» ari dela dio, eta haien esku dagoela sasoi amaierara estutasunik gabe iristea.

Berriki Espainiako Ohorezko Mailan partida gehien jokatu dituen gipuzkoarra bihurtu zara, 167 norgehiagokarekin. Zer sentitzen duzu?

Hasi nintzenean, ez nuen espero hona iristea. Baina denbora aurrera doa, eta oso pozik eta harro nago lortutakoarekin. Iuleneri eta Onintzari aurrea hartzea handia da niretzat, biak erreferente izan baitira, bai klubarentzat, bai niretzat.

Jokatutako partiden artean baten bat nabarmenduko zenuke?

Ziurrenik, lehenengoa. 18 urte besterik ez nituen. Salamancan izan zen [Espainia], Perfumerias Avenidaren kontra. Eskarmentu gabeko jokalari batentzat izugarria da halako pabiloi batean eta Perfumeriasen gisako talde handi baten kontra debuta egitea. Beldurtuta atera nintzen kantxara. Baina, denborak aurrera egin ahala, partida haren oroitzapen hobea dut. Dena den, nik beti esan ohi dut Gaskan jokatutako partida bakoitza berezia dela, etxekoak eta lagunak beti hor egoten direlako bultzaka. Iritsi naizen lekura iristeko zutarri izan dira, baita zaleak ere.

Eta hemendik aurrera, zer?

Lehen bi urteak ez ziren errazak izan. Ohorezko Mailarako saltoa handia izan zen, eta ahalmen fisikoa falta zitzaidan onenekin lehiatzeko. Aste osoan entrenatzen egon eta asteburuan jokatzeko ia aukerarik ez izatea oso gogorra da. Halako egoera batean, uztea ere pentsatzen duzu. Baina ez nuen utzi, eta denborarekin konturatzen zara urratsez urrats joan behar duzula. Orain, eskarmentu handiagoa dut, eta oso gustura nago. Ikasten eta hobetzen segitzeko gogoa eta ilusioa dut, taldeari nire onena ematen segitu nahi dudalako, bai kantxan, bai kantxatik kanpo.

Dena den, denboraldi gogorra izaten ari da hau zuentzat. Partida asko galdu dituzue oso alde txikiagatik. Zer iritzi duzu taldeak orain arte egindakoaz?

Denboraldia ez da espero genuen bezalakoa izaten ari. Baina taldea ondo ikusten dut, bai taktikoki, bai teknikoki. Emaitzatik eta sailkapenetik harago, eguneroko lanean jarri behar dugu arreta osoa. Izan ere, horri esker lortuko dugu hobetzea eta garaipenak eskuratzea.

Zer falta zaizue?

Erregulartasuna. 35 minutu on jokatzen ditugu, eta azken bost minutuetan ihes egiten digu garaipenak. Minutu horiek ez ditugu behar bezala jokatzen. Patxada eta arreta handiagoarekin aritu behar dugu. Bestalde, taldeak aldaketa handiak izan zituen sasoi hasieran, eta jokalari berriek denbora behar dute egokitzeko. Baina horretan ere aurrerapauso nabarmenak eman ditugu.

Bihar derbia jokatuko duzue Araskiren kontra, Gasteizen. Denboraldiko ezustea izaten ari da Araski. Nolako partida espero duzu?

Ez da partida erraza izango. Argi dago haiek oso denboraldi ona egiten ari direla. Oso ondo indartu ziren, eta emaitza apartak lortzen ari dira. Baina, derbietan, sailkapenak eta orain arteko emaitzek ez dute ezertarako balio, beti izaten baitira oso partida lehiatuak. Egin behar duguna da arreta osoa gure jokoan jarri, eta gauzak ondo egin. Hala egiten badugu, aukera asko izango ditugu garaipena lortzeko.

Zein da egin behar duzuen lan hori?

Defentsan oso oldarkor eta adi egon behar dugu lehia osoan, haiek ahalmen handia baitute erasoan. Ederki aprobetxatzen dituzte aurkariak defentsan egiten dituen akatsak. Bestalde, defentsan ondo egoteak erasoan ere asko lagunduko digu, lasaiago aritzen baikara, eta hobeto irakurtzen baititugu arerioaren defentsak.

Zein da haiek horren denboraldi ona egitearen gakoa?

Jokalari guztiek oso argi dute taldean daukaten rola, eta beharrezkoa denean beren ekarpena egiten dute. Bestalde, Madelenek [Urieta entrenatzailea] garrantzitsu sentiarazten ditu jokalari guztiak, eta, horri esker, denak oso sartuta daude partida guztian. Gainera, oso talde orekatua dute. Udan egin zituzten fitxaketekin bete-betean asmatu zuten.

Haien jokalarien artean zein zaindu beharko duzue gehien?

Argi dago Maria Asurmendi erabakigarria dela haien jokoan. Trebetasun handia dauka taldea zuzentzeko eta partidaren erritmoa ezartzeko. Gainera, ederki aprobetxatzen ditu saskiratzeak egiteko dituen aukerak. Beraz, adi ibili beharko dugu harekin. Bestalde, aurkariak zonakako defentsa egiten duenean, kanpotik min handia egiten duten hiru jokalari ditu: Laura Quevedo, Tania Perez eta Shacobia Barbee. Saskipean ere Tamara Seda oso jokalari indartsua da.

Asko falta da oraindik, baina maila galtzeko arriskua ikusten duzu?

Arriskua eta kezka beti hor daude, ez baitugu lortu beheko postuetatik aldentzea. Baina garrantzitsuena da gure esku dagoela denboraldi amaierara arrisku hori gabe iristea eta lasai amaitzea. Horretarako, funtsezkoak dira Araskiren aurkako lehiaren gisakoak. Izan ere, derbi bat irabaztea beti da pizgarri bat, eta energia eta konfiantza ematen dizkizute hurrengo partidetarako; are gehiago kontuan hartuta Araski goiko postuetan dagoela. Gogotsu gaude derbia jokatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.