Dorian Wood. Musikaria

«Argi jainkotiar bat da Chavela; haren behar handia dugu oraindik»

Dorian Woodek eredutzat du Chavela Vargas, nola arlo artistikoan hala arlo pertsonalean. «Erdi-omenaldi eta erdi-elkarrizketa» den ikuskizuna osatu du musikariak, hura jaio zela mendea bete denean.

BERRIA.
aitor biain
2019ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Lotura ugari dituzte Chavela Vargasek eta Dorian Woodek (Los Angeles, AEB, 1975). Apirilaren 17ko jaiotza datak elkartzen ditu alde batetik, eta Costa Ricak bestetik. Ez dute sorterria aberritzat, eta gizartearen bazterkeriaren oinazea dute kantagai. Queer komunitateko kide dira bata zein bestea: lesbiana zen Vargas, eta pertsona ez-binario gisa definitzen du bere burua Woodek. Kasualitateak kasualitate, elkarrekiko duten antzekotasun horietan sakontzeko asmoz, Xavela Lux Aeterna ikuskizuna ondu du musikari estatubatuarrak. Erraietatik abestutako kantuak eta ganbera orkestra bat lagun, eredutzat duen ikurrari eskainitako omenaldi bat da. Donostian izango da bihar, Viktoria Eugeniako Klub aretoan, 19:00etan.

Zergatik Chavela Vargas? Nondik dator ikuskizuna egitearen ideia?

Ehun urte dira aurten Chavela jaio zela, eta aukera polita iruditu zitzaidan berarekiko sentitzen dudan maitasuna eta miresmena erakusteko. Inspirazio iturri handia da niretzat, ez soilik arlo artistikoan, baita pertsonalean ere. Chavela bera nahi zuen moduan bizi izan zen; askatasun indibidualaren balioak beste inork baino hobeto irudikatzen zituen, eta, hala ere, milioika pertsonak maitatzen zuten mundu guztian. Xavela Lux Aeterna, beraz, omenaldi moduko bat da, baina ez hori bakarrik, erdi-omenaldi eta erdi-elkarrizketa da.

Zer esan nahi du horrek?

Haren legatuarekin eta haren historiarekin eraiki nahi dudan elkarrizketa eta barne-azterketa moduko bat da. Gauza asko utzi zizkigun Chavelak, eta agian horiek aintzat hartzeko garaia da. Erakutsi zigun une ilunenak ere ospatu eta kantatu daitezkeela, adibidez; hortik abiatzen da nire ikuskizuna.

Haren kantuak soilik interpretatuko dituzu, ala izango da zuk konposatutakorik?

Ikuskizuna osatzen duten kantu gehienak Chavelak ezagun bilakatu zituenak dira, baina asko gure erara moldatu ditugu. Costa Ricako kantu tradizional bat ere badago, bertan jaio baitzen abeslaria, Mexiko aberritzat hartu bazuen ere. Finean, Chavelaren bizitzako zergatien barne azterketa moduko bat da. Lan freskagarri bat da niretzat, orain arte nire ibilbide artistikoan nik ondutako kantuak interpretatu baititut batez ere. Orain, ordea, bestelako kantuak kantatzea hunkigarria da niretzat, esperientzia desberdin bat eta ohore handi bat aldi berean.

Noiz ezagutu zenuen Vargas, eta zerk erakarri zintuen?

Musika esperimentala lantzen zuen kolektibo bateko kide nintzen orain urte batzuk, Los Angelesen. Punk estetika bat genuen, eta hainbat artista genituen inspirazio iturri; Chavela zen horien artean garrantzitsuetako bat. Ez baitzen rantxerak abesten zituen kantari soil bat bakarrik; oso pertsona independentea zen, gizarteak ezartzen zituen arauei aurre egiten ziena. Kolektiboko lagunek ezagutarazi zidaten zer zen Chavela benetan. Ezaguna nuen aurretik ere, baina ordura arte ez nintzen horrenbeste barneratu haren musikan. Haren lana eta bizitza ezagutzea gauza handia izan da niretzat. Asko irakatsi dit. Azken urteetan berak zuen foku eta presentzia hori eraman ditut nik ere agertokietara. Chavelarengan argia jartzea ohore handi bat da niretzat.

Gauza komun asko dituzue. Kasualitate hutsak dira zuretzat, ala esanahi handiagoa dute?

Zaila da esaten, baina ez dut kasualitatean sinisten. Uste dut gutako bakoitza eginkizun jakin baterako gaudela bizitza honetan, eta horren barruan sartzen dira gugan eragina duten guztiak ere. Pertsona hori Chavela izan da niretzat, eta eskertua sentitzen naiz. Ez nuen aurrez aurre ezagutzerik izan, baina bihotzetik gertu daroat beti. Queer, trans edo ez-binario komunitateari eta migratzaileei ate asko ireki dizkion pertsona izan da, eta ez da aintzat hartzen hori. Bizi garen garai ilun hauetan gehien sufritzen ari diren bi komunitateak queer-enak eta migratzaileenak dira, eta Chavelak bi horiek ordezkatzen ditu. Argi jainkotiar bat da Chavela; haren behar handia dugu oraindik.

Muga moralak hautsi zituen askatasunaren ikur bilakatu zen Vargas. Zuk ere garrantzi handia ematen diozu horri zure lanean, gorputza eta arima biluzteari batez ere.

Garrantzi handiegia ematen diogu besteek gutaz pentsatzen dutenari, energia gehiegi xahutzen dugu horretan. Horrek ezkutatzera eramaten ditu asko, arropa bidez eta modu fisikoan. Pertsona gizen bat naiz ni, beti izan naiz horrelakoa, eta gizarteak esaten dit nik dudan gorputza erakusteak lotsarazi beharko nindukeela. Ez dut horretan sinesten: ez naiz ezkutatuko. Nire gorputza nirea da, eta harrotasun handiz erakusten dut. Erreala dela eta edertasuna irudikatu dezakeela erakutsi nahi diot munduari.

Zer helarazi nahiko zenioke publikoari ikuskizunarekin?

Ideala litzateke etxeratzean Chavelaren musikan murgilduko balira, haren lana aztertu eta ezagutuko balute. Hala ere, une berezi bat sortu nahiko nuke ikus-entzuleekin elkarlanean, maitasun eta emozio handikoa posible bada. Garai ilunak dira gutako askorentzat, eta bihotzez sinesten dut badela jende bat kontzertu bat ikustera joan eta musika sentitzearekin hazi eta aurrera egiteko kemena lortzen duena. Ahaztuko ez duten esperientzia bat izatera animatu nahi ditut.

Nolakoa izan da orain arteko zure ibilbidea? Zaila zaizu plazak aurkitzea?

Egiten dudanaren onena zera da, agertoki bakar eta askotarikoak aurkitzen ditudala. Ez dut uste musika eszena espezifiko baten parte naizenik. Musika esperientziak konpartitzea, hori interesatzen zait, eta uste dut hori hainbat formatutan egin dezakedala, hainbat genero, estilo eta kultura arakatuz. Ni izatearen parte da hori. Besteengandik ikasi, partekatu eta arakatzera eramaten nau horrek, eta beste kulturekiko errespetuz jokatzera.

Bakarka, pianoarekin, abesbatza batekin edota musikari talde batekin ere aritu izan zara. Nolakoa da zure sortze prozesua?

Egia esan, ez nuke jakingo zer esan. Oso zaila da azaltzen. Nik jainkotzat jotzen dudan energia bat sumatzen dut, baina badira energia horretan sinesten ez duten pertsonak. Nire sinesmena pertsonala da. Hori da esan dezakedan gauza bakarra.

Familiatik datorkizu musikarekiko harremana, hala ere.

Bai, hala da. Aitona Nikaraguako piano jotzaile bat izan zen, ibilbide azpimarragarria izan zuena Costa Rican. Ameriketako Estatu Batuetara joan zen ondoren, familia guztia hartuta. 5 urterekin ikasi nuen pianoa jotzen hari esker, eta 6 urte nituela eman nuen nire lehen kontzertua. Hark murgildu ninduen batez ere musikaren munduan, baina baita amak ere. Askotariko musikak ezagutarazi zizkidan amak, aitonak erakusten zidan musika klasikotik harago: folklorea, soula, 60ko hamarkadako musika, protesta musika eta latinoa, besteak beste. Bi figura garrantzitsu dira nire heziketa musikalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.