Oliver Laxe. Zinemagilea

«Landa eremua atrofiatu egin dute, eta denona da errua»

Zigorra beteta etxera itzultzen den piromano baten eta haren amaren arteko harremanean oinarritu du Laxek 'O que arde', bere film berria. Galiziako herrixka batean girotuta, landa eremuko bizitzaz ere ari da.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2019ko irailaren 25a
00:00
Entzun
«Gaur egun, publikoa mespretxatu egiten da: produktuak ematen zaizkio, ez pelikulak. Semantikara soilik ohitzen da: zertaz den pelikula, zein den gaia, zein mezua... eta, sakonean, zinema ulertu bai, baina sentitzearekin orekatuta joan behar du». Bere hirugarren film luzea aurkeztu du Donostiako Zinemaldian Oliver Laxek (Paris, 1982): O que arde. Mendiari su emateagatik kartzela zigorra bete ondoren etxera itzuliko den gizon baten (Amador) eta amaren (Benedicta) istorioa kontatu du, Galiziako herrixka batean kokatuta, eta inguruari ia haiei adinako protagonismoa emanda. Hiru film luze ditu, eta hirurekin heldu da Cannesera —Todos vós sodes capitáns (2010) eta Mimosas (2016) ditu aurrez eginak—. Han aurkeztu den aurreneko galegozko filma da O que arde. Urriaren 11n helduko da Hego Euskal Herriko aretoetara.

Zer izan da Galiziara itzuli eta istorio hau kontatzea?

Ez naiz gaien eta intentzioen zinemagile bat. Eraldatuko nauten proiektuetara jotzen dut. Zinema egitea norbere esentziarekin konektatzea da, eta banekien filmatzera nire ama jaio zen herrixkara joateak ondorioak izango zituela nigan. Nolabait maite duguna filmatu behar dugula iruditzen zait. Baina intentzioak beti dira paraleloak, eta sua filmatzeko nahiak ere harrapatua izan nau: sufritzen dudan zerbait da, baina erakartzen nauena. Suak duen paradoxa hori gizakiak ere badauka.

Amador eta Benedicta ama-semeen arteko harremana dago erdigunean; zaintza hari batek lotuta, baina inkomunikazio egoera batean.

Inkomunikazioa baino gehiago, errespetua dago, nik uste. Amari berorika hitz egiten dio. Elkarren zerbitzura daude. Burujabeak eta otzanak dira biak: libreak dira ulertu dutelako ez direla libreak. Hemen ere gertatzen zaizue, ez? Natura indartsua da, eta zure lekuan jartzen zaitu. Eurek onartzen dute txikiak direla, ez dute inolako buruhauste urbanita eta hutsalik. Naturak egoa uzkurtzen du, eta horrek libre egiten zaitu.

Basoa suntsituz doan makina batekin hasten da filma; lanbro itxiarekin jarraitzen du, euripean, heze. Apurka hasten dira irudi argiagoak agertzen. Espetxetik bueltan, Amadorrek ere ez du antzeko bide bat egiten?

Bai. Urtaroak pasatu ahala, irekiz doa bera ere. Fisikoago agertzen hasten da: korrika, behiak ateratzen... Mundu guztia norbaiten kontra jartzen denean, duda pizten zait. Gizarteak zigortutako pertsonaia bat nahi nuen. Ez berak egindakoak justifikatzeko, baina bai errudunen eta errugabeen dialektika gainditzeko.

Ihes egin diozu landa eremuko bizitza horiek idealizatzeari.

Zinemagile modura, nire lana idealizatzea da. Dei egitea, amestea. Urbanoaren eta landakoaren arteko mugak oso lausoak dira egun, eta urbanotik datozen atrofiak landa eremura iritsi dira. Hala, erronketako bat begirada urbanita ez agertzea izan da.

Protagonistak grabatu duzuen tokiko biztanleak dira, Vilelakoak (Lugo). Orain arte, beti egin duzu lan aktore profesionalengana jo gabe. Zer dela eta?

Tira, jende honek azkenean gidoia ikasten du, entseguak, hartzeak egin... aktoreak dira. Zergatik egiten dudan? Bizitza gustatzen zaidalako. Errealitatea gustatzen zait, jendea gustatzen zait. Aktore profesionalekin lan egingo banu ere, haiei begiratuko nieke pertsona gisa: nor diren, ez zein pelikula egin dituzten aurretik. Gainera, niri hautsita dagoen jendearekin lan egitea gustatzen zait, bihotzean arrakalak dituenarekin. Arrakala horietatik igarotzen da argia; nik hor dut enpatia.

Euskal Herrian ezaguna duzue mendiko gizon ezkongabearen figura hori: pertsona oso-oso sentibera bat, baina ez dituena behar dituen tresnak mundu histeriko eta txikitasuna onartzen ez duen honetan bizitzeko.

Misterio aire batek ere batzen du istorioa; aurretik datozen hariak daude, baina gutxi dakigu. Amadorren eta Benedictaren egiaren bila joan zara filmean?

Bai, psikologiatik eta zaratatik harago, haien esentzien bilaketara. Eta hori bakarrik euren izatera hain lotuta dauden bi pertsonekin lan eginda da posible. Oreka bat egon behar da hautemangarriaren eta ez-hautemangarriaren artean: alde bat oso sentsoriala da, baina bidaiarako gonbidapen bat ere badago. Zinemak hitzetatik harago esan behar du.

Galizian zer esanik ez, baina, oro har, suteen auzia azkenaldian oso presente dago.

Bai. Nire filma politikoa izan gabe, azkenean, politikoa da. Landa eremua atrofiatu egin dute, eta denona da errua: denok sinetsi dugu hirien erlijioan, denok hartu dugu parte klima aldaketan... Hiriguneetara egindako exodoa eta klima aldaketa batuta, bolbora hutsa da. Xuntak 170 milioi euro gastatzen ditu suak itzaltzen. Baina milaka su daude, eta piromaniari lotuak %2-3 baino ez dira.

Ikusgarria da sutearen sekuentzia. Sute erreal bateko irudiak dira, suhiltzaileen alboan joanda filmatu zenituztenak. Nolakoa izan zen filmatzearen zati hori?

Suhiltzaile izateko azterketa fisiko eta teorikoak egin behar izan genituen filmatzera sartzeko. Hil zaitezke, eta muga horretatik filmatzea ere izan da ofizioarekiko maitasunaren parte. Etxea erretzen den plano hori bakarrik da fikziozkoa. Gainontzekoak filmatzeko, hilabeteetan zain egon ginen autoetan, suhiltzaile trajea jantzita, alarmak noiz joko.

Aurretik ere jokatu izan duzu fikziozko irudiak eta errealitatekoak uztartzearekin. Nola neurtzen duzu errealitatera hurbiltze hori zinema egiteko?

Hurbiltasun eta aldentze harreman bat da. Oso-oso gertu nago, eta filmatzen dudan jendearen esentzian sartzea gustatzen zait. Eta, aldi berean, nire distantzia dut. Hortik ikusten dut dena. Kontraesanezkoa dirudi, baina zinema zerbait esatean datza, eta, aldi berean, aldendu eta entzutean. Ehiztaria eta arrantzalea, biak batera izan beharra dago: batetik, oso ondo antolatu ehiza guztia, eta, bestetik, zain egon, ea zer datorren, bizitzak zer dakarren. Norbere ideiak hobetzen utzi.

Toki batera kanpotik iristean, nola ulertzen duzu zinemagilearen zure posizioa?

Ni Parisen jaio nintzen. Nire gurasoek hara emigratu zuten, eta han galegoak ginen, espainolak. Gero, itzultzean, frantsesak ginen. Ni beti egon naiz atzerritarraren lekuan. Eta uste dut artistaren lekua ere hori badela: ez izatea aberririk.

Aldiz, filmean leku bat maitatzeaz ere aritu zara. Galdera batek zeharkatzen du film osoa: zer pasatuko da honekin guztiarekin?

Bai, baina ez soilik zer izango den landa eremuaz. Munduaz, oro har. Ez dakit dekadentzia bide onera eraman daitekeen. Naturak bere desorekak ditu, baina, oro har, egoera kezkagarria da. Bihotzak esaten dit posible dela gauzak aldatzea. Orain, esaterako, baserri pedagogiko bat jarriko dugu martxan filmatu dugun herrixkan, nekazaritza ekologikoari lotutako proiektu bat. Kultura deszentralizatzeko lanetan ari gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.