Jon Mariezkurrena. Asegarceko atzelaria

«Iaz ezinezko ikusten nuen noizbait txapelketa jokatzea»

19 urte baino ez ditu, eta lau hilabete daramatza profesionaletan, baina dagoeneko jokatu du binakakoaren lehen partida. Herenegun izan zen, Tolosan, eta Mariezkurrenak erraz gainditu zuen azterketa.
JON URBE / FOKU

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko azaroak 28
Irakasle izateko ikasketak egiten ari da NUPen, eta unibertsitatera abiatu aurretik erantzun die galderei. Goizez entrenatzen da, eta arratsaldez joaten da fakultatera. Astelehenean, baina, Mariezkurrena (Berriozar, Nafarroa, 1999) ez zen joan; «arrazoi ona nuen, eta irakasleak jakinaren gainean zeuden», argitu du. Binakako txapelketako lehen partida zuen, eta bikain jokatuta irabazi zuen.

Irakurri al dituzu egunkariak? Lorerik ez da falta zuretzat.

Bidali dizkidate kroniken argazkiak. Ez ditut guztiak irakurri, baina ikusi dudana oso ongi dago.

Oso ondo jokatu zenuen. Zein oroitzapen duzu zuk?

Partida ona egin nuela. Azkenean, nahi baino huts gehiago egin nituen, baina, tira, txapelketako partidetan beti dago presioa.

Kiriorik nabaritu al zenuen?

Pilotalekura iritsi eta jendea begira ikustean urduritasun pixka bat nabaritu nuen. Baina behin takoak jartzen hasi eta beroketa egin nuenean, lasai nengoen. Ondo hasi ginen partidan, Artolak asko lagundu ninduen, eta horrela errazagoa da urduritasuna saihestea.

Aita eta anaia, afizionatu mailako pilotaria dena, zure partida guztietara joaten dira. Zer esan zizuten itzulerako bidean?

Gurasoak eta anaiak joan ziren. Euren iritzia nirearen antzekoa zen: oso ondo jokatu nuela, ez nindutela urduri ikusi, eta hori ona zela. Eta, partidari buruz, Artolak eta biok atzean asko kargatu eta hor egin genuela zuloa. Gure jokoa izango da, atzelaria kargatu eta Artolak ahalik eta goizen har dezala tantoa.

Solte aritu zinen. Zabalean botariko dejada eta guzti.

Aita, anaia eta Artolarekin hitz eginda nengoen, eta esaten zidaten azken finean beste partida bat zela. Gu ez gaude lau faboritoen artean. Nik partida normal bat bezala hartu nuen, ez nuen ezer galtzeko, eta asko nuen irabazteko. Lasai-lasai jokatu nuen, eta, gauzak ondo joan zirenez, askoz hobeto.

Ezer galtzekorik ez duzuela diozu. Hala bizi al duzu txapelketa?

Nik hala bizi dut. Nik lau hilabete daramatzat profesionaletan, eta horrela pentsatzen dut. Igandean, adibidez, Urrutikoetxea eta Aretxabaletaren aurka jokatu behar dut, eta nik ez dut ezer galtzeko. Haiek egon beharko dute urduri, normalena delako niri irabaztea.

Ezustekoa izan al zen txapelketarako hautatua izatea?

Beti da ezustekoa. Baina azken hilabeteetan jokatu ditudan ia partida guztiak Lehen Mailako pilotaren aurka izan dira. Nahiko ongi aritu naiz, gainera. Mikel Larunbek eskua mindu zuenean hasi nintzen sinesten; konbinazioak ikusita, aukera asko zeuden. Baina baieztatu zidaten arte ez nengoen seguru.

Eta debutatu berritan partida nagusiak jokatzen hastea?

Hori ez nuen espero. Debuteko partida estelarra izan zen, eta pentsatu nuen Lehen Mailako pilotariekin jokatu banuen debuta zelako izango zela bakarrik. Uste nuen gero Bigarren Mailako pilotarien eta hasiberrien aurkako partidak jokatuko nituela. Haien kontra, baina, partida bakarra jokatu nuen, bigarrena, eta besteak gogor-gogorrak izan dira.

Partidaren bat ba al duzu bereziki gogoan?

Gustura egon nintzen txapelketa hasi aurretik Labriten Rezustaren aurka jokatu nuen hartan [Artola-Mariezkurrena 11; Elezkano II.a-Rezusta 22]. Hamargarren tantora arte oso ondo ikusi nuen neure burua, ez bainuen ikusten gu baino askoz gehiago zirenik. Ezin nuen pentsatu ere egin debutatu eta lau hilabetera Rezustaren aurka ariko nintzenik. Konfiantza eman zidan.

Iazko txapelketa telebistaz ikusi zenuen. Orduan esan balizute...

Partida guztiak, eta larunbatero joan nintzen Labritera. Partidak zuzenean ikusi, eta hala esaten nuen: «A zer-nolako abiadura ematen dioten horiek!». Iaz ezineko ikusten nuen noizbait txapelketa jokatzea, eta ez dakit nola, baina aurten bertan nago.

Eta zer aldatu da?

Azken zazpi hilabeteetan gorakada handia izan dudala sumatu dut. Indar asko hartu dut, eta puntakoekin jokatuz pila bat ikasten duzu.

Dagoeneko zenbat aldiz esan dizute pisua hartu behar duzula?

Askotan. Azken hilabeteetan, gutxiago, ongi jokatzen ikusten nautelako. Baina debutatu nuenean esan zidaten hamar bat kilo hartu beharko nituzkeela urte edo urte eta erdian, eta nik lasai joateko esaten nien. Kiloak hartu behar dira, bai, baina zentzuz. Orain 84 kiloan nago.

Non duzu hobetzeko gehien?

Dena. Gutxien entrenatzen dudana eskuina da, dudan hoberena delako. Eta gehien, ezkerra, mugikortasuna eta aireko jokoa.

Artolarekin ondo?

Oso ondo. Udan zortzi partida jokatu genituen, eta elkar ezagutzeko balio izan zigun; harreman oso ona dugu kantxa barruan zein kanpoan. Joko puntuan dago, eta udan erakutsi zuen punta-puntako pilotari dela.

Zerbaitek ilusio berezia egiten al dizu txapelketan?

Niri denak egiten dit ilusioa. Partida guztiak aukera bikainak dira. Esaterako, Zabaletaren aurka jokatzea, eta nire enpresan Olaizola-Albisu edo halako bikote baten aurka jokatzea ikaragarria da. Ilusioa handiagoa egingo lidake haiei aurka egiteak. Ikusiko banu neure burua haien parean dagoela, izugarria litzateke.

Igandean, Urruti-Aretxabaleta.

Ondo jokatu zuten larunbatean. Agian, pixka bat nekatu ziren amaierarako. Aretxabaleta Albisuren pare hasi zen, eta Urrutik dena bukatu zuen.

Buruz al dakizu egutegia?

Gutxi gorabehera. Igandean, Bilbon; gero, Eibarren, Olaizolaren aurka. Eibarren partida pare bat ditut. Ez dut inoiz han jokatu, baina behin entrenatu nintzen.

Asperekin entrenatu al zinen?

Bai, behin, kadeteetan, Aste Santuan. Asegarcerekin iaz hasi nintzen entrenatzen, nahiko berandu. Kimuetan Asegarcerekin saio bat egina nuen, Tolosan, eta enpresa batekin eginiko hurrengo entrenamendua kadeteetan Asperekin eginiko hori izan zen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna