Australiako 112 egunkarik paperean argitaratzeari utziko diote

urtzi urkizu
2020ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
News Corp Australia komunikazio taldearen 112 egunkarik paperean argitaratzeari utziko diote, eta horietatik 76 soilik Internetekoak izango dira hilaren 29tik aurrera —36 egunkari txiki guztiz itxiko dituzte—. Horren eraginez, ehunka langile joango dira langabeziara; tokikoak eta eskualdeetakoak dira egunkari horietako gehienak. Eskualdeetako eta komunitateetako informazioan 1.200 kazetari ari ziren lanean News Corpen, eta ekainaren 29tik aurrera 375 inguru izango direla iragarri dute.

News Corp Australasiako presidente eragile Michael Millerrek azaldu duenez, azkeneko hilabeteetan irakurleen ehuneko handi batek albisteak Interneten irakurtzeko ohitura hartu du, eta Interneteko publizitateak gorakada izan du. Paperezko publizitateak, berriz, beherantz egin du nabarmen. Horrenbestez, Millerrek langileei jakinarazi die negozio ereduak arlo digitalean jarriko duela arreta nagusia.

News Corpek lidergoa du Australiako prentsa digitalean, eta arduradunek lidergo hori sendotu nahi dute. Horretarako, inbertsioak egingo dituzte publizitate eta marketin digitalean. Uztailetik aurrera, taldeak 92 egunkari digital izango ditu. Harpidedun digitalak, gaur egun, 640.000 baino gehiago dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.