TV3eko zuzendaria lehiaketa publiko bidez hautatuko dute

urtzi urkizu
2022ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
CCMA Kataluniako Ikus-Entzunezko Hedabideen Korporazioak legea aldatu zuen 2019an, eta, horren arabera, TV3eko eta Catalunya Radioko zuzendari berriak lehiaketa publiko eta ireki bidez hautatuko dituzte. Asteon utzi dute kargua TV3eko zuzendari Vicent Sanchisek, Catalunya Radioko Saul Gordillok, baita TVCko albistegietako zuzendari David Bassak eta Catalunya Radioko albistegietako Francesc Canok ere —azken bi horiek funtzio berriak dituzte orain talde publikoan—. Lehiaketaren oinarrien arabera, hedabideen kudeaketan edo zuzendaritzan esperientzia izatea aintzat hartuko dute. Ikus-entzunezko enpresen kudeaketa ere baliagarria izango da hautagaientzat. Eredu estrategiko baterako proiektu bat aurkeztu beharko dute hautagaiek. Irailaren 30erako amaitu behar dute lehiaketaren prozesua.

EITBkoak, lehiaketarik gabe

EITBko zuzendari nagusia, berriz, Eusko Legebiltzarrean gehiengoa duten alderdi politikoek hautatu ohi dute. 2020ko azaroan, EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu zuen, EITBko zuzendaritzako kideak aukeratzeko prozedura publikoa abiatzeko eskatuz. Eusko Legebiltzarraren gehiengoak proposamenaren aurka bozkatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.