'Deia'-ren inprenta itxiko dute, eta langileek greba hasiko dute

urtzi urkizu
2022ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Joan den astean, Iparragirre SAenpresaren zuzendaritzak Boroako inprentako (Zornotza, Bizkaia) langileei iragarri zien «berehalakoan» itxiko duela inprenta, eta, horrenbestez, 26 langile kaleratuko dituztela. Deia egunkaria (Noticias taldea) inprimatzen dute bertan, eta hedabideko langile batzordeak grebara deitu du: inprentan bihar gauean hasiko dute lanuzte mugagabea —langileen asmoa da etzi egunkaria ez argitaratzea—, eta Bilboko erredakzioan astebete iraungo du lanuzteak.

Mobilizazioak aste osoan

Deia-ko langileek salatu dute 2009. urtetik ari zaizkiela lan baldintzak okertzen eta soldata murrizten. «Zuzendaritzak agindu zuen kaleratzeak galaraziko zituela. Uste dugu langileok ahalegin handia egin dugula enpresaren bideragarritasuna bermatzen», adierazi du langile batzordeak —ordezkari guztiak ELA sindikatukoak dira—.

Grebak irauten duen bitartean, mobilizazioak egingo dituzte langileek: aurrenekoa, bihar gauean, inprentan bertan; astelehen goizean Bilboko erredakziotik gertu egingo dute elkarretaratzea, eta protestekin jarraituko dute aste osoan. «Mobilizazioa eta ekintza sindikala da bide bakarra langileak kaleratzea galarazteko», esan du langile batzordeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.