Igerabide: «Udazkenetik begiratzen diot bizitzari»

Bizitzaren inguruan gogoeta egiten duten «euripeko poemak» bildu ditu idazleak 'Lainoa janez' liburu berrian.

Helduleku eta «tonu ugaritako» alez osatu du lana
Aintzane Galardi eta Juan Kruz Igerabide, beren liburu berriak eskuetan, atzo, Donostian egindako aurkezpenaren aurretik.
Aintzane Galardi eta Juan Kruz Igerabide, beren liburu berriak eskuetan, atzo, Donostian egindako aurkezpenaren aurretik. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Ainhoa Sarasola -

2015eko azaroak 18
«Euria memorian/ erdi bi egina/ min eta musu-muinka/ tantarik tanta. / Memoria eurian/ urtaroz urtaro atzeraka/ lainoa janez/ ahanzturaren kontra:/ udazken, uda eta udaberri,/ eta negua denboran galdua./ Lainoa janez,/ zahartzaroa.». Hala dio Euria erdi bi poemak, Lainoa janez liburuari hasiera ematen dionak. Bizitzari buruz gogoeta egiteko, memoria, udazkena, euria eta halako osagaiekin ondu baitu bere poesia liburu berriena Juan Kruz Igerabidek (Aduna, Gipuzkoa, 1956). «Memoriarekin atzera egiten da, udazkenetik abiatu, uda, udaberri eta neguan amaituz. Liburua hala antolatua dago, alderantziz, memoriaren erritmoan», azaldu du egileak. Erein argitaletxearekin kaleratu berri du lana.

Lainoa janez «nolabait udazkenaren irudi bat» dela dio egileak. «Udazkenetik begiratzen diot bizitzari, jada udazkenean sartua nago, eta oraindik ez dut ikusten ongi zertan ibili naizen bizitza honetan, beraz, lainoa janez jarraitzen dut gogoeta egiten». Liburuan jasotakoak «euripeko poemak direla» dio, azken sei-zortzi urteotan landutakoak. «Euriaren inguruan ibili naiz azken urteotan, eta hau errematea izango litzateke. Euria jaio eta berehala hiltzen da, desagertzen da, eta horrek nolabait bizitzaren irudi bat eskaintzen digu».

Hari horri jarraitzen dio Lagunaren emaztea izeneko poemak, pertsona bati eskainitako liburuko ale bakarrak. Mameni du idatzia goiko aldean, eta iaz hildako lagun minari eskaini dio egileak. Azken egunak bere liburu batekin eman zituela jakiteak hunkitua utzi zuen Igerabide. «Niretzat, heriotza hori bizitzaren akuilu bat izan da; bera joan da, baina bizitzeko gogoa berritu dit. Uste dut poema hauetan, lainoa janez atzera begira jartzen naizenean, mina badagoela; min asko daude, ugari, eta oso zorrotzak batzuk, baina bizitzeko gogoa berpizten didaten minak dira, eta talaia horretatik idatzia dago», azaldu du.

Azken batean, bizitzaren inguruko gogoetak azaleratzen dituzte liburuko poemek. Filosofia sarri aipatzen da, adibidez. «Baina, nolabait, filosofia praktiko bat da, alegia, saiatu naiz behintzat elukubrazioak ez izaten», azaldu du Igerabidek. Zientziari egiten diote aipamena beste batzuek, «tonu ugaritako poemak» baitaude lanean. Handinahi agertu gabe egin nahi izan dituela aipuok dio idazleak, eta hor daudela, «bizitzaz gogoeta egitean helduleku bila».

Musikarekin elkarrizketan

Liburuan, halaber, musikarekiko «etengabeko elkarrizketa bat» dagoela dio egileak, batzuetan aipatua eta beste batzuetan erritmoaren edo irudien bidez agertzen dena. «Musika hain arte zehatza da, ia matematikoa izanik, ez dakigu zertaz ari den. Hor daukagu, gizakiaren hasieratik, eta nire azalpentxoa da nolabait bizitzaren misterioaz eta guk ikusten ez dugunaz mintzatzeko modu bat dela». Musika egitean bizitzaz sakonean hitz egiten dela uste du Igerabidek. «Ebasiorako ere erabiltzen dugu, baina sakonera jotzen dugunean, musikak durduzatu egiten gaitu. Durduza horretatik sortzen da arte guztia, nire ustez; durduza horretatik sortzen dira poemak, baita irudi piktorikoak ere. Poeta batzuek badute abilidadea pintatzeko, baina beste batzuk hitzekin saiatzen gara margotzen». Artea, maiz, «nahi gabe ateratzen den hori» izaten dela gehitu du. «Zu ahaleginean ari zara, eta nahi ez duzun gauza asko ateratzen dira; askotan, hori izaten da poemarik ederrena».

2009an kaleratu zuen idazleak bere aurreko poesia liburua, Aienatze-marra. Poesia zertarako idazten ote duen, zertarako argitaratzen, gelditzeko garaia ez ote duen, bere buruari maiz egiten dizkion galderak direla azaldu du Igerabidek, baina «harra» berriro sortu ohi zaiola. Horri azalpena ematen saiatu zaio Ez gehiago idatzi poeman: «Ez gehiago jasan idatzi-behar hau,/ amaitu behingoz / Olentzerori idazten hasi nintzen/ gutun sekretu hura/ konturatu nintzelarik/ gauzak okerrera zihoazela ezinbestean/ eta izaki magikoren bati/ laguntza eskatu beharko niola bertsotan/ zeren beste guztiak lanpeturik baitzebiltzan/ amaierarik gabeko eginbeharretan./ Eta hau oraindik ez da amaitu.».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna