Guruzne Azpiroz. San Juan taldeko entrenatzailea

«Ezin da ziur esan udan San Juan uretan izango denik»

Zazpi arraunlari, gehienak gazte mailakoak, eta beste zortzi gazteago. Horiek dira gaur-gaurkoz San Juango 'Batelerak' traineruko kideak. Denen buru dabil Guruzne Azpiroz taldeko arraunlari izandakoa.

GORKA RUBIO / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Lan ordutegi estua dauka Guruzne Azpirozek (Oiartzun, Gipuzkoa, 1984), eta eguerdiko tarte txikia baliatu du BERRIArekin telefonoz hitzordua egin eta argazkiak ateratzeko. Estutasun antzekoarekin dabil San Juanen ere, emakumezkoen traineruaren taldeko entrenatzaile izendatu eta ia hiru hilabetera. Ezin du ziurtatu taldea uretan izango den edo ez, azken bost urteetan irabazi beharreko ia dena irabazi eta gero. Era guztietako saialdiak egiten dabiltza klubean, eta, oraingoz, ilusioaren tamainakoa du kezka entrenatzaileak.

Zenbat arraunlari dituzu oraintxe bertan?

Gutxi dauzkat maila nagusian lehiatu ahal izateko. Oraintxe bertan, zazpi dira, eta gehienak gazte mailakoak. Horiek badakite arraunean egitea zer den. Atera kontuak zenbat behar ditugun trainerua osatzeko. Gero, zortzi gazteago dauzkagu, baina legez horiek ezin dira lehiatu Euskotren ligako asteburu oso batean, larunbatean aterako balira igandean ezingo luketelako. Kopuruz bagara nahikoa trainerua osatzeko, baina legea ezin dugu bete.

Hori dena ikusita, oraindik ezin da ziurtatu San Juanek trainerua izango duen uretan datorren udan?

Ezin da erabat ziur esan, baina izan garbi ahaleginak egingo ditugula uretan egon ahal izateko.

Zer sartzen da ahalegin horien barruan?

Araudia aldatzea ezinezkoa da, eta inguruko klubei begira ari gara, baten batek ezingo balu trainerua osatu horietako arraunlari batzuk guregana ekartzeko. Horixe da emakumezkoen traineruekin urtero gertatzen ari dena, kosta egiten baita taldea osatzea. San Juanek azken urteetan taldea izan du, eta horrelako arazorik ez du izan, baina beste hainbat tokitan nahiko lan izan dute taldea osatzeko. Aurten, gu gabiltza horrela.

Zeuen buruari jarri diozue eperen bat ahalegin horiek egiteko?

Martxoko egunen batean dauka jarria izena emateko muga Euskotren ligak, eta ordurako zirt edo zart egin beharko dugu.

Araudi bera dago Euskotren eta Emakumezkoen Traineruen Elkarteko (ETE) ligetan gazte mailen kasuan?

Ez, zorrotzagoa da Euskotren ligakoa. ETEn aukera dago gazte mailako arraunlari gehiago sartzeko, eta, oraintxe bertan, guretzat errazagoa izango litzateke ETE ligan lehiatzea. Baina gure nahia da Euskotrenen aritzeko ahalegin guztia egitea.

Okerrena litzateke trainerua lehorrean geratzea.

Gure arraunlariek arraunean egiteko aukera edukitzea nahi dugu. Gaztetxo horiek bazetozen atzetik, eta, ikusirik zer-nolako lana egiten ari diren urteetan trainerura iristeko, horiengatik bada ere, trainerua uretan izatea nahi dugu. Ontzi txikietan ibili izan dira, eta aukera eman nahi diegu traineruan aritzeko.

Nola zabiltzate entrenatzeko?

Bagabiltza, eta ez da gutxi. Ezin ditugu nahiko genituzkeen lan guztiak egin, baina ari gara. Gazte guztiak ari gara erabiltzen, eta kadeteak ere bai. Saltsa bada taldean, eta bizipoza da arraunlarientzat. Gozatzen ari dira, eta horrek animoak ematen dizkigu aurrera segitzeko.

Zergatik onartu zenuen San Juanen eskaintza?

Ez neukan batere garbi zer gertatuko zen aurreko taldearekin, eta sartu nintzen ez nuelako nahi talde haren bidea amaitzea. Ezagutzen ditut arraunlari batzuk, eta harreman ona daukat haiekin. Uste nuen denon artean buelta emango geniola egoerari, eta hori zen nire ideia: guztiekin hitz egitea eta gauza bideratzea. Haiek esan zidaten ea benetan ikusten nuen arazoa konpontzeko aukera, eta nik baietz erantzuten nien, bestela ez nuela baiezkoa emango. Pentsatu izan banu aurreko taldeak uretan segitzeko aukerarik ez zegoela, ez nuen baiezkoa emango. Ikusten nuen bazirela arraunlariak arraunean segitu nahi zutenak. Bestalde, arraunlari gazteak ere ikusten nituen, trainerura heltzeko aukerekin, eta neure buruari esaten nion ea aukerarik gabe geratu behar zuten. Bi sentimendu horiek ibili nituen buruan eskaintza jaso eta gero.

Aurreko taldearekin eginiko saialdiek behin betiko egin dute kale?

Saiatu naiz, baina ez dira ondo atera.

Minduta zaude?

Ez. Haiek oso jarrera ona izan dute nirekin, eta beti azaldu didate gardentasun osoz nola sentitzen diren. Saiatu izan naiz konbentzitzen gauzak beste era batekoak izan zitezkeela, baina oso desanimatuta zeuden, eta ezin izan ditut konbentzitu. Pena handia ematen dit horrelako talde puska modu horretan geratu behar izateak, eta haiei ere pena handia eman die. Ez da erabaki erraza izan haientzat.

Talde handi horrekin 2014an eta 2015ean Kontxako Bandera eta Euskotren liga irabazi zenituen. Beraz, talde handi horretako kide zara.

San Juan klubetik hainbeste gauza on atera ditut... Urte horietan bizi izandakoak benetan ederrak izan ziren, hori ere izan da arrazoietako bat baiezkoa emateko eskaintza horri.

Iaz Lapurdin hasi eta gero entrenatzaile lanetan, hau bigarren esperientzia izango duzu. Zein da alde nagusia arraunlari edo entrenatzaile izatearen artean?

Oso ezberdina da. Handia da ardura. Erabaki asko hartu behar izaten dira, eta pertsona asko zure ardurapean geratzen dira. Oso gainean egon behar da. Garrantzitsuena da taldea ondo eramaten jakitea, azkenean nekeak jota gaudenean ez direlako erantzunik onenak ematen, adibidez.

Nola iritsi zinen arraunera?

Sokatiran hasi nintzen, eta taldekide batekin San Pedrora joan ginen, probatzera. Garai hartan ez zen emakumezkoen talderik, eta sekulako inbidia sentitzen nuen gizonezkoak ikusita traineruan. Entrenamendu bat egitea, sikiera... Gero, emakume traineruak hasi zirenean, Larraitz Lasak esan zidan San Juanen ari zirela, eta haren bitartez, probatzera joan nintzen, eta gaur arte.

Zein da emakumezkoen traineru taldeen benetako errealitatea?

Orokorrean, asko hobetu da entrenatzeko moduan, eta horrek arlo fisikoan onura ekarri du. Arazoak beste arlo batean daude, lehen esan dudan bezala: taldeak osatzeko zailtasuna handia da. Arrauna kirol lotua da, ordu asko sartu behar izaten dira, eta ez dakit zergatik, baina emakumeetan zaila izaten da taldea osatzea eta urteetan mantentzea. Asko eskatzen duen kirola denez arrauna, agian hori da arrazoia. Egia da beste seriotasun bat duela lehengo aldean emakumeen traineru munduak, telebista dela eta abar, baina lehen bezain zaila da orain ere taldea osatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.