Raul Guerra Garridoren 'Cacereño'-ri buruzko lana egin du ETBk

Erredakzioa -

2019ko martxoak 14
Cacereño eleberria argitaratu zuen Raul Guerra Garrido idazle madrildarrak 1969. urtean. Horretan, Extremaduratik (Espainia) Euskal Herrira 1960ko hamarkadan helduriko etorkinen eta bertako gizartearen erretratua egin zuen. Orain, ETBk eleberri haren inguruko dokumentala egin du. Antonio Cristobalek zuzendu du, eta Felipe Juaristik egin du gidoia. Martxoaren 26an erakutsiko dute lana Donostiako Principe aretoan, eta ETBk irailaren 8an zabalduko du.

Dokumentalean, Euskal Herriko orduko giroa agertu nahi izan dute; besteak beste, Donostian, Legazpin, Zumarragan, Andoainen eta Pasaian grabatu dute (Gipuzkoa). Eleberriko Torrecasar fikziozko herria irudikatzeko, Extremadurako Miajadasen eta Quintana de la Serenan hartu dituzte irudiak.

Lekukotasunak

Dokumentalak 57 minutu irauten du, eta lanaren eta sortzailearen berri ematen du, hainbat lekukoren bitartez. Tartean dira Ignacio Latierro, Fernando Savater, Angel Garcia Ronda, Luisa Etxenike eta Juan Pablo Fusi.

Aurten beteko dira 50 urte nobela argitaratu zenetik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak omenaldi bat egingo dio idazleari, martxoaren 27an.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna