Kataluniako tokiko hedabideek 565.000 irakurle dituzte egunero

urtzi urkizu
2019ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Kataluniako tokiko komunikabideak batzen dituen ACPC elkarteak ikerketa bat aurkeztu berri du —Audimedia enpresak 7.600 elkarrizketa egin zituen, irailetik azarora—. Haren datuek jasotzen dutenez, 565.000 irakurle dituzte egunero Kataluniako tokiko hedabideek; hileroko irakurleak 1.135 dira; eta hartzaile bakoitzak egunean 28 minutu pasatzen ditu tokiko komunikabideak irakurtzen. Bada beste datu esanguratsu bat ere: irakurleen hamarretik lauk hedabide horiek erosten dituzte edo diru ekarpena egiten diete.

Era berean, tokiko komunikabide kataluniarren webguneek bisita ugari jasotzen dituzte: hilean 27 milioi bisita, eta 5,1 milioi erabiltzaile bakar. Sare sozialei dagokienez, Twitter da tokiko hedabideentzat oihartzun handiena duena: 208.000 jarraitzaile dituzte; Facebooken, berriz, 175.000; eta Instagramen, 35.000.

ACPC elkarteak nabarmendu du tokiko hedabideek inplikazio zuzena dutela herrietako eta auzoetako bizitza sozialean. Katalanez argitaratzen diren hedabide ia guztiak daude elkarte horretan: 137 argitalpen —horietatik, 94 paperekoak dira, eta 43 soilik digitalak—. Beste inolako komunikabidetan lantzen ez diren gai ugari plazaratzen dituzte tokiko argitalpenek Katalunian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.