Telebista kontsumoa %7 jaitsi da iazko urriarekin alderatuta

urtzi urkizu
2022ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Barlovento Comunicacion enpresak emandako datuen arabera, urrian Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herritar bakoitzak egunean hiru ordu eta bost minutu pasatu du telebista ikusten, iaz hilabete berean baino %7 gutxiago. Katalunian ere %7 txikiagotu da telebista kontsumoa, eta Galizian, %5. Nafarroako datuak ez dituzte ematen. Telebista aparatuaren beste erabilera batzuk, aldiz, ugaritzen ari dira: herritarrek iaz baino minutu gehiago erabili dute telebista Interneten nabigatzeko edo bideojokoetan aritzeko.

Telebista kateen datuei dagokienez, ETB1ek %1,8ko ikusle kuota bereganatu du urrian; 2021eko batezbestekoa %2,2 izan zen, eta, urteko lehen hilabeteen aldean, beheranzko joera du kateak. ETB3 kateak %0,2ko ikusle kuota izan du, aurreko hilabetean baino hamarren bat gutxiago. ETB2 kateak %8ko ikusle kuota izan du urrian; Teleberri-k ditu katearen daturik onenak: %17,8ko batezbestekoa. Urrian ETBn gehien ikusi den emankizuna urriaren 23ko Teleberri izan zen: %29,1eko ikusle kuota bereganatu zuen —Balmasedako (Bizkaia) suteen eguna—.

Katalunian, TV3 katea liderra izan da, %14,1eko kuotarekin. Galizian, TVGk %10,7ko kuota lortu du —urrian azken bederatzi urteetan izandako daturik onena—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.