Txinako iQiyi plataforma Euskal Herrian ikus daiteke, doan

urtzi urkizu
2020ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Inolako sustapenik egin gabe, Txinako iQiyi streaming plataforma Euskal Herrira iritsi da. Netflixen tankerako plataforma bat da, eta askotariko filmak, telesailak eta telebista saioak ikusteko aukera ematen du. Edukiak doan ikus daitezke, modu errazean erregistratu eta gero. Eduki horien guztien audioa txineraz dago; azpidatziak zenbait hizkuntzatan daude: besteak beste gaztelaniaz eta ingelesez, baina ez daude euskaraz, ezta frantsesez ere. Gailu eramangarrietarako aplikazioa ere badu.

Ordainpeko harpidetza egiteko aukera ematen du plataformak, VIP izenburuko atalean; edukiak iragarkirik gabe ikus daitezke modu horretan, eta erabiltzaileei esperientzia hobea eskaintzen die. VIP harpidetzako lehen hilabetea doakoa da.

iQiyi plataforma duela hamar urte sortu zuen Txinako Baidu enpresak —Googleren tankerako bilatzaile eta enpresa bat da—. Asiako herrialdean ikus-entzuleak bereganatuz joan da urtez urte, eta, gaur egun, 119 milioi harpidedun inguru ditu Txinan. Urteko lehen hiruhilekoan, 12 milioi harpidetza berri egitea lortu zuen. Behin Txinako merkatuan lidergora iritsi eta egonkortzea lortuta, nazioarteko merkatura jauzia egin du orain plataformak, aparteko inbertso handirik egin gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.