TV3 etzi hasiko da 'Altsasu' ematen, katalanera bikoiztuta

jakes goikoetxea
2021eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
ETB1ek eman zituen Altsasu telesailaren lau kapituluak, eta orain TV3 Kataluniako telebista autonomikoaren txanda da: etzi hasiko da, prime time-an, 22:05ean. Katalanera bikoiztuta emango du.

Ez da harritzekoa telesaila TV3n ere ikusi ahal izatea, Kataluniako telebistak parte hartu baitzuen Altsasu-ren produkzioan. Baleuko izan da ekoiztetxe nagusia.

ETB1en eta TV3n eman eta gero, ikusteko dago telesailak zer bide egingo duen. Idurre Cajaraville ekoizleak duela bi aste esan zuen saiatuko zirela beste telebistaren bati saltzen, eta streaming bidezko plataformei ere eskainiko dietela.

Telesaila Altsasuko auzian oinarrituta dago: gazte batzuek taberna batean liskarra izan zuten bi guardia zibilekin, 2016ko urrian, eta liskarra eta gero atxilotu, espetxeratu eta zigortu egin zituzten. Telesailaren helburua ez da izan gertakariak argitzea, eta egileek garrantzia eman diote, bereziki, gertakari horiek protagonisten bizitzan eragin zituzten aldaketei.

Asier Urbieta izan da Altsasu-ren zuzendaria, eta Harkaitz Cano, Mikel Alvarez eta Andoni De Carlos, berriz, gidoilariak. Ikusle kopuruari dagokionez, datu onak izan ditu ETB1en.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.