Akordioa lortu dute 'Deia'-n, eta egunkaria kioskoetan izango da gaur

jakes goikoetxea
2022ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Deia egunkariko (Editorial Iparragirre) inprentako langileek eta enpresako zuzendaritzak akordioa lortu dute, eta bertan behera utzi dute ia hiru aste iraun duen greba: paperezko egunkaria kioskoetan izango da gaur, grebak iraun duen egunetako etena eta gero —albisteak webgunean eman dituzte—.

Deia egunkariaren Boroako inprentako (Zornotza, Bizkaia) langileek martxoaren 21ean hasi zuten greba mugagabea. Enpresak errotatiba itxiko du, eta 26 langileak kaleratu nahi zituen. Grebaren lehen astean erredakzioko langile batzuek ere egin zuten greba.

Enpresak eta langileek akordioa lortu dute, ELA sindikatuak jakinarazi duenez. Akordioaren arabera, beste lanpostu bat eskainiko diete aukera horren alde egin duten langileei; kaleratze bidegabeei dagozkien kalte ordainak emango dizkiete enpresa uztea erabakitzen duten langileei; eta enpresan geratuko diren inprentako langileak ezingo dituzte kaleratu 2024ko ekainaren 30a baino lehen. Puntu horiez gain, enpresak eta langileek hitzartu dute langileen soldata igoko dutela, urte askoan izoztuta egon eta gero. Ez dute jakinarazi igoera zenbatekoa izango den. ELArentzat akordioa positiboa da, eta greba egin duten langile guztiak zoriondu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.