Panazea edo tripetako zarata?

Hesteetako mikroorganismoen inguruko ikerketak oihartzun handia hartzen ari dira. Gorotz txertaketaren bidez, gizentasuna eta depresioa sendatzeko aukera dagoela esaten ari dira hainbat ikertzaile. Itxaropenak oinarria duen edo lilura hutsa den argitu dute adituek.
BERRIA

Edu Lartzanguren

2017ko urriak 13
Joshia Zayner zientzialariari biologo punk deitu izan diote, baina berak nahiago du bere buruari biohacker deitzea. Iazko urtarrilean, San Frantziskoko (AEB) hotel bateko gela batean itxi zuen bere burua. Gela osoa plastikoz estali eta goitik behera desinfektatu ondoren, antibiotiko dosi handiak hartu zituen hiru egunez. Helburua: bere hesteetako mikrobio guztiak akabatzea.

Txikitatik izan ditu Zaynerrek hesteetako arazoak. Sendagileak esan zion behin litekeena zela Hesteetako Hanturazko Sindromea pairatzea (Chronen gaitza esaterako). Baina Zaynerrek biofisika ikasi zuen Chicagoko unibertsitatean, eta punkaren zuk zeuk egin leloari jarraikiz, bere buruari gorotz txertaketa bat egitea erabaki zuen. «Biohacker bat biologiarekin gauza azkarrak egiten dituen pertsona bat da», esan du, definizio gisa. Azken batean, zientzialarien artean klasiko bat izan da beti norbere buruarekin esperimentuak egitea.

Antibiotiko dosi handien ondoren, emaile baten gorotza sartu zuen bere liseriketa aparatuan. «Emaitza zoragarria izan da. Neure burua ere harritzerainokoa». Biohacker-rak esan duenez, berak ere ez zuen espero horren ongi funtzionatzea, ezta onurak horren luze irautea ere. «Oraindik ondo sentitzen naiz, eta ez ditut izan esperimentuaren aurretik pairatzen nituen sintomak: odola gorozkietan, esaterako».

Gizakiaren gorputzean bizi diren mikroorganismoen komunitateari flora esan izan zaio. Baina mikrobiota hitza erabiltzen dute orain zientzialari askok, bakterioak, onddoak eta legamiak ez direlako landareak. Mikrobiotaren zenbakiak guztiz ikusgarriak dira: gorputzeko giza zelula bakoitzeko, hamar mikrobio daude gizaki batean. Poetak esan zuen bezala, gizakia ez da, hein handi batean, bere baitakoa.

Gizaki bakoitzak duen mikrobiota ezberdina da, hatz markak edo DNA baino zehatzago identifika dezake gizabanakoa. Organismo batean bizi diren mikrobio guztien DNAren multzoari mikrobioma esaten diote.

Azken bizpahiru urteotan, ikerketa lerro ugari zabaldu dira mundu osoan mikrobiotaren eta gizabanakoaren arteko harremanaren inguruan. Gorotz txertaketaren teknikari bidea eman diote ikerketok. Horren funtsa honako hau da: osasuntsu den gizaki baten gorotza gaixo bati hesteetan sartzea, gaixoaren mikrobiota eraldatzeko.

Aukeren atea danbateko batez zabaldu du horrek: gizentasun morbidoa dutenek mikrobiota mota bat dute, gantzak errazago xurgatzen dituzten bakterioz hornitua. Mikrobiota berezia dute depresioa pairatzen dutenek. Kaliforniako Unibertsitateko Elaine Hsiaok saguekin frogatu zuenez 2015ean, hesteetako mikrobioek lotura zuzena dute serotonina ekoizteko prozesuarekin: zorionarekin loturiko serotonina hormonaren %90 hesteetan sortzen da. Mikrobio espezie batzuek suntsitu egiten dute han serotonina sortzeko ezinbestekoa den triptofano aminoazidoa.

Badira gorotz txertaketak kirolerako errendimendua handitzeko teknika gisa proposatzen dutenak, Lauren Petersen mikrobiologoak, kasurako. Bere buruari eliteko txirrindulari baten gorotza txertatu zion zientzialari estatubatuarrak. Bi hilabeteren buruan «pertsona berria» zela adierazi zuen. Teknika dopin mota berri bat ez ote den eztabaidatzen hasi dira.

Bi urte gorotza txertatzen

Rosa del Campo sendagileak bi urte daramatza gorotz txertoak egiten Madrilgo Ramon y Cajal erietxean. Dagoeneko 30 bat egin ditu.

Prozedura honelakoa da: emaile osasuntsu baten gorotza hartzen dute, litro erdi uretan disolbatzen dute, iragazi egiten dute zuntz aztarnak kentzeko, eta, azkenik, gaixoaren heste itsuan sartzen dute, kolonoskopia batez. «Oso erraza da, eta merkea. Emaileek ez dute kobratzen eta, normalean, senideak dira», esan du ikertzaileak.

Pneumoniarekin eta bestelako infekzioekin ospitaleraturiko gaixoekin erabiltzen dute tratamendua. Antibiotikoen eraginez, hesteetako bakterioak galtzen dituzte, Clostridium difficile izan ezik, esporak sortuta bizirik irauten duelako (horregatik izena, hiltzen zaila delako). Horrek sortzen du beherako hilgarria. Gorotz txertoarekin mikrobiotaren aniztasuna berreskuratzen du gaixoak.

Beste lerro bat zabaldu du Del Camporen taldeak kolitis ultzeraduna tratatzeko. Azken horretan ez du horrenbesteko arrakastarik, edonola ere. «Clostridium difficile-ren kasuetatik %90 sendatzen ditugu horrela, kolitis ultzeradunaren kasuan, berriz, %40-50».

Gorotz bankua du Del Campo doktoreak erietxean. Emaileen gorotzak dituzte han izoztuta, larrialdi kasuetan erabiltzeko. Praktika erietxe guztietara zabaltzeko lanean dabil ikertzailea.

Joseba Bikandi eszeptikoa da. Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko irakaslea da EHUko Gasteizko Farmazia Fakultatean. «Beti jan izan ditugu mikroorganismoen kultiboak», esan du, eta jogurta eta kefirra aipatu ditu. «Baina mikroorganismo horiek ez dira gure hesteetan egonkortzen». Horregatik jan behar dira behin eta berriz, eragina izan dezaten, «eta, halere, ez dakigu eragina mikroorganismoek edo elikagaiak duen». Baina gorotz txertoekin gertatzen dena oso ezberdina da: «Pertsona bati beste baten mikroorganismoak sartzea jakin gabe hor dauden espezietatik baten batek kalte egin diezaiokeen... Sekulako arriskua dago hor». Transplantea egin baino lehen gorotzetan zenbait patogenoren presentzia aztertzen da, baina ez egon daitezken guztiena.

Gauza bera uste du Del Campo ikertzaileak. «Laginetan aztertu egiten ditugu dauden bakterioak eta birusak, baina beti geratuko zaigu zalantzan dena antzeman ote dugun». Arazo etiko handia sortzen du teknikak.

Mundu bat ikertzeko

Botiken kasuarekin parekatu ditu gorotz transplanteak Bikandik. Botika batek norbaiti kalte egiten dionean, edo susmo hutsa dagoenean, «sekulako iskanbila» sortzen da. Gorotz txertoen kasuan, kontrolak beste edozein botikarenak bezalakoak izan beharko liratekeela uste du. Irakaslearen arabera, neurri batean, medikuntza «alternatibo» delakoaren eremuan legoke gorotz transplantearena gaur.

Edonola ere, Bikandik ez du baztertzen teknika hori etorkizunean arrakastatsua izatea. Gorotzetik lortutako mikroorganismo bakan batzuekin egindako tratamendua, «askoz seguruagoa izan daiteke».

Botika bat merkaturatzeko orduan milioiak gastatzen dira produktua segurua dela ziurtatzeko. «Baina gorotzetako edukia ezin da erregularki aztertu. Pertsona baten gorotzak gaur hartu edo bihar hartu, mikroorganismoen proportzioak erabat ezberdinak dira». Lagin bakoitza aztertu beharko litzateke, eta hori ezinezkoa da praktikan. «Beste produktuekin lortzen den segurtasun maila ez dago lortzerik gorotzekin».

Euskal Herrian ez da gorotz transplanterik egiten ari, Bikandik dakiela, behintzat. Prozedurak, gainera, babesgabe uzten du gaixoa, transplantatutako mikroorganismoetako batek kalte eginez gero, oso zaila delako frogatzea kaltea transplantearen eraginez gertatu den.

Gorotz transplantearen bidez gizentasuna eta depresioa sendatzeko aukeraz ari dira hitz egiten prozeduraren aldekoak. Esan bezala, gizenegi daudenak eta osasuntsu daudenak mikrobiota ezberdina dutela ikusi dute zientzialariek. «Baina gauza bat da mikrobiota ezberdina edukitzea, eta beste bat hori aldatzea», esan du Bikandik. Oiloaren eta arrautzaren galdera dago hor: norbait gizenegi dago mikrobiota hori duelako hesteetan, edo mikrobiota hori dauka gizenegi dagoelako? Berdin depresioarekin. «Zein da kausa-efektu erlazioa? Baldin eta badago, eta konpondu ahal bada, oso ondo. Baina horretarako askoz gehiago ikertu beharko da».

Del Camporen taldeak ez du teknika erabiltzen gizentasuna edo bestelako arazoak tratatzeko. «Ez dugu halakorik egingo, gorotz txertaketak mesede egiten duela frogatzen den arte, eta, saguekin frogatu bada ere, oraindik ez dago modurik esateko gizakien gizentasuna sendatzeko balio duen». Del Campok ere ezin du ebatzi mikrobiota mota batek gizentasuna edo depresioa eragiten ote dituen edo alderantziz ote den. «Ziurrenera, bien arteko nahasketa izango da, ez bata eta ez bestea». Azken batean, mikrobiota ere elikaduraren bidez kontrola daiteke. «Txertoa egun bateko kontua da. Clostridium difficile-ren kasuan funtzionatzen du, besterik ez dagoelako hesteetan. Baina depresioa duen pertsona batek baditu bere mikrobio espezie guztiak. Dena akabatzea eta mikrobiota berria txertatzea ez da horren erraza. Ziur naiz osasun publikoan inork ez duela halakorik egingo. Pribatuetan beste kontu bat da».

Beraz, gorotz txertoen inguruan dagoen jakin-mina eta itxaropena justifikaturik al dago? Del Campok esan duenez, Europako hainbat klinika pribatutan egiten dituzte txertaketak, eta Youtuben ere badira tutorialak norberak etxean edema batekin egiteko. Edema ez da horren eraginkorra, ikertzailearen arabera, txertoa ez delako heste itsuraino heltzen. «Hedabideetan zarata asko dago, baina gu beti kontu handiz ibiliko gara, ezer egin aurretik».

Duela hiru-lau urte hasi ziren gorotz txertaketaren inguruko ikerketa sistematikoak, eta hasieran zegoen ikusmina asko apaldu dela uste du Bikandik. Analisi genetiko garestiak egin behar dira: «Antibiotiko bat garatzeko 10.000 milioi euro baino gehiago gastatzen dira. Gorotz txertoetan ez da oraingoz inbertsio askorik egin».

Del Campok kontatu duenez, heltzen zaio jendea autismoa duen haurrari txertoa jartzeko eskatzen. Ezin dute halakorik egin, noski, ez dagoelako frogarik esateko horrek funtzionatzen duela. «Ikerketarako mundu liluragarria zabaldu zaigu honekin, baina aplikatzeko ikerketa asko egin beharko da».

Zaynerrek ere onartu du: agian, hesteetako arazoak sendatu izana ez dago erabat lotuta esperimentuarekin. «Baliteke elikadurarekin ere zerikusirik izatea, eta kirola egitearekin. Neu primeran sentitzen naiz, ez dut froga gehiagorik».

Itxaropen handia du, dena den, azken hilabeteotan argitaratutako hainbat ikerketak erakutsi omen dutelako gorotz txertoek Hesteetako Hanturazko Sindromea duen jendeari lagun diezaioketela, eta horrek erraztu egingo duela osasun agintariek halakoak egitea baimentzea. «Ez zait etika asko interesatzen», esan du biohackerrak. «Munduan bi egoera daude: sufritzea edo ez sufritzea, eta hiltzea edo bizitzea. Jende ongi informatuak askatasuna izan beharko luke horien inguruko aukerak egiteko, beste sendabiderik eskaintzen ez diotenean».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna