Adrian Crowley. Bidasoko jokalaria

«Zazpi golen aldea du Wislak, baina, hala ere, kezkatuta daude»

Bidasoak irauli egin nahi du gaur, Artalekun, Wisla Plockek Txapeldunen Ligako kanporaketako joanekoan lorturiko zazpi golen aldea (16:00, ETB1). Itxaropentsu dago Crowley. «Urteko lehen garaipenak indarra eman digu».

JUAN HERRERO / EFE.
Julen Etxeberria.
2020ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Beltzetik zurira pasatu da Adrian Crowley (Irun, Gipuzkoa, 1988). Aurreko denboraldian, zortzi partida besterik ez zuen jokatu. Lehenbizi, iktus bat izan zuen, eta, gero, lesio larria ezker sorbaldan. Orduan izan ez zuen segida ari da izaten orain, eta «oso gustura» ari da, etxeko taldean «egonkortuta». Bere kirol ibilbidearen «garairik onenean» dagoela dio. «Izarrez betetako Portland San Antoniorekin aritu nintzen Txapeldunen Ligan, baina hau bereziagoa da, nire betiko taldea baita Bidasoa. Askoz politagoa da hau».

Puente Genili irabazita lortu duzue urteko lehen garaipena. Lasaiago zaudete?

Bai. Urteko lehen lau partidetan ez genuen irabazi, eta premia genuen. Mesede egingo digu, konfiantza hartzeko, eta gora egiteko.

«Gu izan gara berriz ere». Horixe esan zuen Jacobo Cuetarak partida amaitutakoan. Ados zaude?

Bai. Motel samar ari ginen ordu arte, ziurrenik etenaldian ezin izan baikinen taxuz entrenatu, jokalari batzuk falta baikenituen. Puente Genilen aurka, ordea, ondo aritu ginen, eta gure jokoa egin genuen. Ia 60 minutuz izan genuen kontrolpean norgehiagoka. Gustura aritu ginen.

Behar zenuten halako partida biribil bat egitea?

Bai. Jokatu bezperan, denok ginen apur bat kezkatuta eta zalantzati, ez genuelako irabazi. Baina, partida amaieran, denak oso pozik ginen, Txapeldunen Ligako itzulikoa jokatzeko gogoz.

Wisla Plockek joanekoan lortutako zazpi golen aldeari buelta ematea da helburua gaur. Erronka zaila da hori.

Oso zaila. Ustez, gu baino talde hobea da Wisla Plock, osoagoa, eta lehiaketa honetan urrunago iristeko egindakoa. Baina guk aurreneko postuan amaitu genuen ligaxka, ondo jokatuta, eta sinetsita gaude zazpi golen alde horri buelta eman diezaiokegula.

Etxean ariko zarete, Artaleku bete-bete batean. Beste arrazoi bat da kanporaketa iraul dezakezuela sinesteko?

Zalantzarik gabe. Artalekuk gainezka egingo du. Aspaldi saldu ziren sarrera guztiak. Nahiz eta joanekoan zazpi golen aldeaz galdu, zaleak gurekin daude, eta haiek ere sinetsita daude kanporaketa iraul dezakegula. Horri esker, are eta motibatuagoak irtengo gara.

Motibatuagoak bai. Eta presio handiagoarekin ere bai?

Ez. Pixka bat urduri gaude, baina normala da, halako neurketek zirrara berezia sortzen baitute. Ziur naiz pistara ateratzen garenean eta harmailak lepo ikusten ditugunean nerbioak gainetik kendu eta irabazteko are eta motibazio handiagoa izango dugula.

Zer egin behar duzue sailkatzeko aukera izateko?

Gure jokoa egin. Plocken ez genuen egin. Ez genuen prestatutako plana bete. Bai, ordea, Puente Genilen. Noski, alde handia dago kontrario baten mailaren eta bestearenaren artean, baina asteazkenean aurrerapausoa eman genuen. Orain, segida eman behar diogu.

«Ez genuen prestatutako plana bete», esan duzu. Zein da plan hori?

Defentsan sendoago aritu behar dugu. Joanekoan, pattal aritu ginen, eta gure atezainek ezin izan zuten nahi bezainbeste gelditu. Defentsan hobetuz gero, gure atezainek gehiago geldituko dute, eta, horrekin, asko izango dugu egina. Erasoan, berriz, lehen itzulian bezala jokatu behar dugu: suelto-suelto, baloia ondo mugituz, eta aukera onena bilatuz. Hori eginez gero, aukera izango dugu.

Indartsu ateratzea da asmoa, ala pixkana-pixkana joatea?

Nik uste dut pixkana-pixkana joan behar dugula, aldearekin itsutu gabe. Ez litzateke ezer pasatuko lehen zatia amaitzean galtzen joateagatik. Partida oso luzea da. 60 minutuk askorako ematen dute, eta are gehiago etxean jokatuta. Sasoi honetan, Eurofarm Rabotniken, Tatran Presoven eta Sportingen aurka galtzen joan ginen, hiru eta sei golen arteko aldeaz, eta, gero, buelta eman genion. Gauza asko pasa daitezke bost minutuan. Pazientzia izan behar dugu. Azken ordu laurdenera bizirik iritsiz gero, edozer gerta daiteke.

Lagun mina duzu Niko Mindegia, Wisla Plockeko jokalaria. Hitz egin duzue elkarrekin azken egunetan? Elkar xaxatu duzue?

Bai. Lagun handia dut. Sei urtez aritu ginen elkarrekin Portland San Antonion, eta elkarrekin ere bizi izan ginen Iruñean. Oso harreman ona dut harekin.

Zer dio berak?

Haiek argi dute ez genuela gure onena eman. Haien entrenatzaileak berak nabarmendu zuen partida amaitu zenean ez genuela gure maila eman, ez ginela %100ean Bidasoa izan, eta ziur zela gure pistan hobeto ariko ginela. Ez dira fidatzen. Badakite arazoak izan ditzaketela. Gainera, ondo dakite harmailak beteta egongo direla, eta zaleen laguntzarekin, talde arriskutsuagoa garela. Zazpi golen aldea dute, baina, hala ere, kezkatuta daude.

Balentria litzateke kanporaketari buelta ematea, ezta?

Ikaragarria litzateke, eta ginga jarriko lioke azken urte eta erdian egin dugun lan bikainari.

Kolpea litzateke ez lortzea?

Kolpea bai, eta ziur triste jarriko ginatekeela, baina momentuko zerbait izan beharko luke, harro egoteko lana ari baikara egiten. Espero baino urrunago iritsi gara. Gogoratzen dut Txapeldunen Liga hasi aurretik zalantza genuela ea zer moduz moldatuko ginen, ea partidaren bat irabaziko genuen. Ez genekien zer maila genuen besteekin konparatuta. Eta erakutsi dugu haien pare gaudela. Horrenbeste, aurrenekoak izan ginen ligaxkan. Aspaldi bete genituen aurreikuspenak. Orain, gozatzeko momentua da.

Atseden hartzeko astirik gabe izango duzue hurrengo helburua: Espainiako Kopa, datorren astean, Madrilen. Bartzelona, Ademar eta Logroño saihestu dituzue finaleraino. Aukera ona duzue zerbait polita egiteko.

Bai, eta aukera ona da Europarako sailkatzeko. Horretarako, bi partida irabazi behar ditugu: Benidormi final-laurdenetan, eta Anaitasunari edo Cuencari finalerdietan.

Aurreko sasoian apenas jokatu zenuen, denbora luzez egon baitzinen min hartuta. Denboraldi honetan, ordea, goitik behera aldatu da zure egoera, eta asko ari zara jokatzen. Pozik zaude?

Oso pozik. Hamabi urte daramatzat eskubaloi jokalari profesional moduan, eta 2018ko uda arte ia ez nuen osasun arazorik izan. Baina aurreko denboraldian denetarik pasatu zitzaidan: irailean, iktus bat izan nuen, eta hiru hilabetez egon nintzen jokatu gabe; eta gero, osatu eta gutxira, lesioa izan nuen ezker sorbaldan. Zorionez, denboraldi honetan, sasoiko nago, eta gozatzen ari naiz.

Aurreko denboraldian gertatutakoak aldatu egin zaitu?

Pixka bat bai. Lehen, gehiegizko presioa egiten nion neure buruari. Orain, aldiz, patxada gehiagorekin hartzen ditut gauzak.

Sasoi ia osoa min hartuta egonagatik ere, klubak beste bi urterako berritu zizun kontratua. Halakoak eskertzen dira, ezta?

Kluba bikain portatu zen nirekin, eta izugarri eskertzen diot. Horrek agerian uzten du konfiantza dutela niregan, eta jokalariontzat erregaia da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.