Unai Zubeldia. Unama taldeko musikaria eta kantaria

«Kantu bat idazten delarik, egin behar da labur eta zehatz»

Aitzineko diskoa 2005. urtekoa zuen Unama taldeak. Orain, 'Iduzki xuria' lana plazaratu du, Usopopekin. Saran, Lekornen, Oñatin eta Gamarten egin ditu taldeak aurkezpen kontzertuak.
I.E.

Iñaki Etxeleku -

2019ko apirilak 10
Domeka, Kamila, Nahia eta Unai Zubeldia. Unama taldea, hots, berriz etorri da taula gainera. Unaik (Ziburu, Lapurdi, 1981) ditu idatzi taldearenak diren diskoko kantuen hitzak. Ofizioz, lehen mailako proiektu arduraduna da Ikas pedagogia zentroan. Unamarekin, kantatzeaz gain, buzukia, gitarra eta zeharkako flauta jotzen ditu.

Pausa luze baten ondotik, berriz agertu da, beraz, Unama. Bazenuten berriz elkartzeko gogoa?

Gogoa, funtsean, beti izan dugu. Lehen diskoa atera zelarik 24-25 urte genituen, eta urte gutiren buruan denek bagenituen haurrak, ofizioa eta bertze. Geografia mailan ere, pixka bat barreiatuak; beraz, elkartzeko zailago. Tarte horretan, behin baino gehiagotan aipatu dugu berriz hastea, bai baikenituen kantu batzuk hasiak, biribiltzeko gogoarekin. Iaz kausitu genuen egun batzuen finkatzea kantuen biribiltzeko, eta udazkenean grabatu.

Musikaren eta kantuaren kultura ttipitik eta etxekoetarik duzue.

Kantuarena, segurki. Bereziki, familia zabala biltzen zelarik, beti kantuz ikusi ditugu gure aitzinekoak. Musikan ere, neurri batean. Aitatxi txistularia zen; gure aita ere bai. Ziburuko txistulari talde bat bazen, eta bada. Gero, aitatxik Arineko abesbatza zuzentzen zuen, orain osabak eta aitak zuzentzen dutena. Aitatxi etorri zelarik anaiarekin Espainiako gerla denboran, kultura mailan gauza franko bultzatu zituzten: dantza taldea, txistulari taldea. Eta gu beti barne horretan ibili gara.

Lan berri honentzat nola plantatu zarete kantuen osatzeko?

Hastapenetik funtzionamendu arruntena dugu: edo hitzak hartzea ondaretik —aspaldiko kantuetarik—, edo guhaurrek idatzi eta ondotik musikatzea. Tarte luze horretan, bakoitzak egin du bide bere aldetik, eta musikan, instrumentu mailan erran nezake pixka bat trebatuagoak-edo garela orain. Hitz batzuk nihaurrek musikatu ditut, eta besteak, Kamilak. Gero, errepiketan preseski, antolaketak egiten ditugu. Lehen diskoan, bagenuen joera lau bozak maiz sartzeko, eta orain, gutxiago. Gehiago aldizkatzen dira; bakoitzaren bozari ere toki gehiago uzten zaio. Instrumentuen aldetik, ikusi dugu zer noiz sar. Pixka bat informalki egiten da, bakoitzaren ideiekin: «Nik hau hor ikus nezake. Nik, hemen. Kanta ezazu, batek bigarren boz bat sar, besteak hirugarrena gainetik», eta hola.

Instrumentu berriak erabiltzen dituzue.

Buzukia bada honetan, eta musika irlandarrean baliatzen duten zeharkako flauta.

Musika irlandarra bazenuten eraginen artean jadanik. Latinoamerikarra ere bai.

Laurek eragin ezberdinak baditugu musikan. Musika irlandarrarena aspaldiko afera da. Bereziki, Domekak eta biek hastapen batean. Unama gelditu den tarte horretan barnatu dugu doi bat. Buzukia ere hortik heldu da; garai batez, ari izan naiz Xabi San Sebastianekin, eta bazen harekin Juanjo Otxandorena, izugarriko buzuki jotzaile fina. Hor nuen ezagutu buzukia, eta biziki maitatu.

Beste kolore bat ekartzen du?

Bai. Gero, buzukiak, beste instrumentu anitzek bezala, ez du bortxaz kolore bakarra. Badu bere soinua, baina —gitarran bezala, funtsean—, Hego Amerikako edo Irlandako aire bat jotzen bada, instrumentu berak ez du kolore bera ekarriko. Jotzeko moldetik ere ematen ahal zaio nahi denaren araberan, kolore bat edo bertze.

Kantu hitzak espresuki diskorako idatzi dituzu, ala hor zenituen jada nonbait?

Espresuki musikatzeko bezala pentsatuak dira. Idazten dudalarik, franko klasikoa naiz neurrien aldetik, oin kopuruen aldetik, eta maite dut erregularra delarik; usu hertsapen batzuk ematen dizkiot ene buruari, jostatzeko: errima ahal bezain aberatsak egin, kopla batean errima pare bat, eta ondoko koplan errima berak baina dekalaturik, joko bat balitz bezala. Plazera atzematen dut badelarik holako erronka zerbait.

Eta aipagaiekin, nola ari zara?

Bada denetarik. Izaten ahal da gertakari bat. Lehenbiziko kantua, adibidez [Barka bekatua]: Donibane-Ziburu eta Senegalen artean bada lotura aspaldi arrantzarengatik, hemendik XX. mende erditsu horretan joan baitziren atun arrantzarat harat, eta gero hango arrantzale batzuk etorri ziren honat lanerat. Eta behin atzeman zuten bat urkaturik ontzi batean. Gogoan gelditu zitzaidan, eta abiapuntu gisako zerbait izan da. Gero, egunero egiten ditugun gogoetak: askatasunaren eta biziaren hertsapenen arteko lehia. Askatasun gehiagori buruz joaten garelarik, badu bere prezioa. Bertzalderat egiten bada, erosoago da, baina ez ote da zerbait galtzen? Holako gogoetak. Formaren aldetik entseatzen naiz zerbait borobil egiten; ofiziale batek bezala, nolabait.

Hizkuntza landu baten arrangura ageri da.

Kantu bat idazten delarik, egin behar da labur eta zehatz. Bortxaz, hertsapenak emanez, ideiak argi eta zehatz pasarazteko, hiztegiaren aldetik behar dut armatu ahal bezainbat, gero emaitza gogoan dudan horretarik ahal bezain hurbil izan dadin. Egia errateko, azken hamar urteetan dudan ofizioak anitz lagundu nau. Izugarri maite dut hitz berrien aditzea; belarriak beti zabaltzen eta uzten ditut herrestan norbait euskaraz entzuten dudalarik. Partikularki, euskaldun zaharrak. Badut xantza, gainerat, familian batzuk barnealderat joan direnez, badugula parada barnealdekoen entzuteko, eta kostaldean berdin; Hegoaldean ere badugu familia. Beraz, biltzen ditut ahal ditudan guziak. Gainera, gaur egun tresnak badira. Eman dezagun, Orotariko Euskal Hiztegian sekulako altxorrak badira.

Brassens franko berant ezagutu nuen, eta zinez liluratua naiz holako abilezia, trebezia eta, denbora berean, naturaltasun hori atxikitzen duen idazkerarekin; formaren aldetik ere izugarri zehatz. Estiloko idazleak ditut maite.

Kontent zarete diskoarekin lortu emaitzaz?

Bai, franko kontent. Bagenekien denbora labur zela, ez baita beti aise bakoitzaren ordutegiak batzea. Zinez, helburua zen gure gustuko diskoa ateratzea, eta xantza guziak gure alde eman ditugu. Baldintza izugarri onetan grabatu dugu Patrick Fisherrekin, material aldetik eta pertsona gisa ere biziki profesionala eta seriosa baita; jendetasun handikoa ere, hobe baizik ez baita. Johannes Buffek egin du nahasketa, eta masterra, Jonan Ordorikaren estudioan. Errateko, zinez luxuzko lankidetzan aritu gara. Usopopek ere anitz lagundu gaitu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna