Iturbe kargutik kentzeko eskea ez da aurrera atera Eusko Legebiltzarrean

Urtzi Urkizu -

2018ko ekainak 29
Eusko Legebiltzarrean laugarren aldiz bozkatu zuten atzo Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusia kargutik kentzeko proposamen bat. Elkarrekin Podemosena zen legez besteko proposamena, eta ez zen aurrera atera, bere taldeak eta PPk soilik bozkatu baitzuten alde. EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu zuten, eta EH Bildu abstenitu egin zen. Talde horretako legebiltzarkide Unai Urruzunok esan zuen ez dutela «txeke zuririk» emango. EITBren inguruko hainbat gairi heldu behar zaiela adierazi zuen Urruzunok: «Egiturazko lantaldea finkatzea, enpresa eredua...». Gogoratu zuen asteon pertsona baten elkarrizketa zentsuratu dutela ETBko saio batean, Altsasukoak aske lelopeko elastikoa zeramalako. «Inpultso politiko bat dago hor».

Elkarrekin Podemoseko Eukene Arana eta PPko Nerea Llanos gogor mintzatu ziren gaur egungo zuzendaritzaren aurka. «Iturbek alderdiari egiten dio lana, EAJri», salatu zuen Aranak. Ildo beretik, hala esan zuen Llanosek: «Iturberen erabakiak zuzeneko konexioan daude Sabin Etxearekin. EAJren telebista da. EITB Jaurlaritzaren esku dagoen tresna politikoa da».

EAJko Ana Oregik eta PSE-EEko Rafaela Romerok legebiltzarreko lantaldean erreformarekin jarraitzea defendatu zuten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna