Naiz Irratia eguneroko saioak egiten hasiko da astelehenean

Edu Lartzanguren -

2019ko maiatzak 18
Urtarrilean piztu zuen seinalea Info7 ordezkatzeko eratu duten Naiz Irratiak, euskara hutsez aritzeko asmoz, eta ikuspegi nazionalarekin. Geroztik, batez ere musika eman dute Bilbon, Durangaldean (Bizkaia), Donostian, Beasainen eta Azkoitian (Gipuzkoa) zabalduriko uhinetan. Baina, azkenean, eguneroko programazioa sortzeari ekingo dio irratiak, astelehenetik aurrera.

«Hauteskundeei begira arituko gara batez ere, baina, albiste garrantzitsurik gertatuz gero, landu egingo dugu», esan du Oinatz Aizpuru esatariak. Izan ere, astelehenetik, maiatzaren 26ko hauteskundeen inguruko saioa egingo dute, egunero, 19:00etan. Hauteskunde gauean, saio berezia egingo dute, 20:00etatik aurrera. Herrialdeetako eta herriz herriko informazioa zabalduko dute, eta zuzeneko konexioak egingo dituzte.

Bozen ondoren emango dute hurrengo pausoa: maiatzaren 27tik aurrera, bi magazin egingo dituzte egunero, lehena 12:00etan, eta bigarrena 19:00etan. Astelehenean, batez ere hauteskundeen emaitzak aztertuko dituzte, baina, gero, informazioa eta analisia jorratuko dituzte.«Bestelako saio batzuen atzetik ere bagabiltza», esan du Aizpuruk, «eta espero dugu programazioa zabalduz joatea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna