Intsumisioaz arituko dira gaur ETB1eko 'Katebegia' saioan

urtzi urkizu
2019ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Lehenengo intsumisoak duela 30 urte agertu ziren jendaurrean, eta horietako batzuen lekukotzak jasoko dituzte gaur ETB1eko Katebegia saioan, 22:35ean. Denboran atzera eginez, Euskal Herriko intsumisio mugimenduko oroitzapenetan murgilduko da Irati Sarasua kazetaria.

Kirmen Uribe idazleak umorez kontatuko du intsumiso izan zen garaia —bi aldiz egon zen espetxean—. Oskorri taldearen Intsumiso egin naiz abestiaren hitzak Jon Sarasuak sortu zituen, bertsolari zela. Intsumisoa izan zen hura ere, eta epaitu egin zuten, baina ez zuten espetxeratu. Nabarmenduko du intsumisioarena ez dela norbanakoen historia, mugimendu batena baizik. Mikel Kazalis musikariak badu inoiz ahaztuko ez duen kontzertu bat: Negu Gorriak taldearekin Donostiako auzitegiaren aurrean eman zuena bere epaiketaren egunean.

Jexux Artola frantziskotarra buru-belarri ibili zen intsumisio mugimenduan sartuta. Kontxita Beitia intsumiso baten ama da; hark dio semea jaio zen unetik bertatik izan zuela argi haur hori ezin zela soldaduskara joan. Unai Bengoetxea eta Atxio Burgoa intsumisoak ere azalduko dira —Basauriko (Bizkaia) espetxean egon ziren—. Eta Roge Blascok mugimenduak musikan izan zuen eragina aztertuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.