'Deia' ez da kioskora iritsi, eta langileek protestan jarraitzen dute

urtzi urkizu
2022ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Igande gauean hasi zuten lanuzte mugagabea Deia egunkariaren Boroako inprentako (Zornotza, Bizkaia) langileek, eta atzo kazeta ez zen kioskoetara iritsi. Erredakzioko langileak ere greban dira, eta elkarretaratzea egin zuten atzo Bilbon. Langileen protesten arrazoia da enpresako zuzendaritzak erabaki duela Boroako inprenta ixtea. Horrek 26 langileren kaleratzea ekarriko duela salatu du langile batzordeak.

Egunkariaren asteleheneko edizioa, ordea, Interneten doan zabaldu zuen (64 orrialde) zuzendaritzak. ELAk Lan Ikuskaritzan salatu du Deia-ko zuzendaritza greba eskubidea urratzen ari dela.

Manifestazioa, gaur

Egunkariko langile batzordearen arabera, handia izaten ari da grebaren erantzuna. «Ezustekorik ezean, bihar ere [gaur] egunkaria ez da kioskoetan egongo».

Gaur goizean hiru orduko manifestazioa egingo dute langileek Bilboko kaleetan: 08:00etan abiatuko dira Jesusen Bihotzaren plazatik, eta 11:00etan Sabin Etxean amaituko dute.

Negoziazio mahaia sortu zuten atzo. Langile batzordearen arabera, oraingoz ez da aurrerapausorik eman. Hurrengo egunetan langileek mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri dute, kaleratzeak galarazteko xedez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.