KRITIKA. Musika

Eraldaketa sakona

Arkaitz Mendoza.
2018ko ekainaren 3a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa




Zuzendaria: Robert Treviño.Piano jotzailea: Nikolai Luganski. Egitaraua: B. Deanen Testament, S. Prokofieven Pianorako 2. Kontzertua eta L. van Beethovenen 3. Sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Ekainak 1.

Badaramatzagu zenbait kontzertu eraldaketa prozesu baikor eta sakonean. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren maila azkeneko hamarkadan nabarmenki gorantz joan da, zuzendari titular bakoitzak txertatutako irizpide ezberdin eta mamitsuekin. Batzuk beste batzuk baino gehiago, baina, batez ere, harizko instrumentuen sendia osatzen duten musikarien kalitatea igo da; eta tronpatan nahiz perkusioan irakiten hasi den belaunaldi berriek orkestra kokaleku paregabe batean utzi dute. Oraindik badaude hutsune, edota hobe esanda, duda izpirik gabe hobetu beharko liratekeen atrilak, baina egiten ari diren urratsak ez dira atzera begiratzen duten horietakoak; beti aurrerantz doaz, eta ea bide horretan jarraitzen duten!

Hausnarketa txiki honen abiapuntua kontzertu eder honekin sentitu dut. Robert Treviño zuzendaria pixkanaka ezagutzen ari gara; batzuetan, zalantzak sor ditzake, baina bere ezaugarrietariko bat kontzertu baten bezperetan ekoizten den lan goraipagarria da. Entsegu orduak bikain aprobetxatzen ditu, eta emaitza begibistakoa da. Nazioarte mailako piano jotzailerik esanguratsuenetariko bat gonbidatu, eta berarekin batera interpretazio ahaztezin bat eskaintzea ez da tontakeria hutsa. Nikolai Luganskiren mailan agertu zen orkestra, oso altu, pianoan eta orkestran jaso genuen musika artelan biribila izanik. Harramazka zebilen errusiarra pasarte azkar deabrutsuetan, behatzak sakabanatu gabe, hamarrak lotuta, trinko, helburu berean. Steinway pianotik akorde handi erraldoiak indarkeriarik gabe entzun ziren, lorpen handia Sergei Prokofievi heltzean!

Nahiz eta Prokofiev emanaldiko gailur bilakatu, segidako Ludwig van Beethovenen Sinfonia heroikoa ez zen atzean geratu. Batzuek musikari gehiegi plazaratu zituela esango dute, beste batzuek, bertsio erromantikoegia jorratu zutela; argi dago, nahiz eta haren iritzitik hurbil egon ala ez, Treviñoren Beethoven handitasunera abiatzen dela, musikari guztiak behar ditu, nahiz eta batzuetan bateratasunean eta lehenengo biolinen kolorean argi izpiren bat galdu, horrela arintasunetik aldenduz. Fitxatu berria den lehen tronpa zoragarri, eta haize egurra izerdika; baina, gutxienez, gainditu zuten egitekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.