RTVEren plato mugikorrak geldialdia egingo du Iruñean eta Bilbon
RTVEk abian jarri du La gran consulta izeneko transmedia kanpaina: ikus-entzuleek nahiko luketen irratiaren eta telebistaren inguruko beharrizanak eta eskakizunak zeintzuk diren ezagutarazteko proiektu parte hartzailea da.
Egitasmoa orain dela hilabete eta erdi inguru hasi zuten, eta, denbora horretan, dagoeneko, 50.000 erantzun jaso dituzte Internetez. Orain, proiektuaren bigarren zatiari heldu dio RTVEk: plato itxurako agertoki mugikor bat prestatu dute, komunikazioaren arloan dabiltzan langileen ogibidea herritarrei erakusteko.
Agertoki horrek hainbat hiritan egingo du geldialdia; geltoki bakoitzetik, halaber, telebista eta irrati saioak zuzenean egingo dituzte, eta streaming bidez eman. Euskal Herrian ere, bi geldialdi egingo dituzte: ostegunean, Iruñean egongo da platoa, Nafarroako Unibertsitateko zelaigunean; otsailaren 14an, berriz, Bilbora iritsiko da, Guggenheim museoaren alboko eremura.
Ez da biztanleriari komunikabide publikoen egitekoaz galdetzen zaion lehen aldia. Eredu gisa, Frantziako, Erresuma Batuko eta Luxenburgoko ereduak hartu dituzte. Egitasmoa burutzeko, Liburu zuri bat idatziko dute, jasotako emaitzekin.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.