Francisco Soguero. Etxe barneko diseinatzailea

«Gaur egun, abangoardia iraganetik dator, kontraesana dirudien arren»

Lander Muñagorri Garmendia.
2016ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Bere etxe propioa apaintzeko hasi zen altzariak erosten Francisco Soguero, baina, behin hala eginda zeukanerako, harra barruan sartua zeukan. Ezin izan zion utzi altzari zaharrak erosteari, eta etxean ez kabitzeko adina erosiak ditu dagoeneko. Soberan dauzkanak Etxekodeco izeneko webgunean saltzen ditu, eta, atzoz geroztik, Bilboko Maison Extreme arropa dendan daude horietako asko erakusketan. «Inork erosi nahi baditu, horretarako aukera ere badauka». Haren hitzetan, iraganekoa egungoarekin elkartuta sortzen da egungo estetika.

Etxe barneko diseinatzailea zara, baina afizioz.

Hala da: hau ez da nire ofizioa. Barneko diseinua asko gustatzen zait, eta, batez ere, zahar kutsua dauketen altzariak. Asko erosten dut; egiten ditudan bidaia gehienetan, azoketara eta halako altzariak topatu daitezkeen lekuetara joaten naiz, eta ia beti ekartzen dut zerbait noan lekutik. Nire etxerako gauzak erosten hasi nintzen, baina kasik mendeko bihurtu naiz. Etxekodeco ataria zabaltzea horri guztiari mugimendua emateko modu bat izan zen.

Denda jartzeak gustatzen zaizuna egiteko aukera eman dizu?

Bai, niri gehien gustatzen zaidana altxortxoak topatzea da, horrek beste zerbati saldu behar izatea baldin badakar ere. Askotan oso gogorra izaten da hori, ez baituzu pieza bat utzi nahi, baina, gehiago erosi nahi duzunez, bada, aldatuz joaten zara.

Bildumagile bat zarela esan daiteke, orduan.

Bai. Oraintxe, ez naiz asetzen: bildumagile batek duen nahi hori daukat. Une oro ari naiz nire etxeko altzariak aldatzen, eta hori ere gauza polita da, etxea inoiz ez dagoelako berdin.

Nondik dator altzari zaharren inguruko moda hau?

Kontraesana dirudi, baina abangoardia iraganetik dator. Modaren mundutik datorren gauza bat dela esango nuke, eta hori altzarien munduan berria da. Hau da, iraganeko estetika berreskuratze hori modatik edandakoa da. Dena den, altzari horiek egungo munduan kokatzen jakin behar da: ez daukagu zertan 1970eko hamarkadako etxe bat eduki, dena garai hartako altzariekin. Egungo piezekin batera, estetika eguneratu bat sor daiteke.

Horrez guztiaz gain, gauzak berriz erabiltzearen inguruko kontzientziak ere lagunduko zuen, ala?

Bai, gauzak berriz erabiltzearen inguruko kontzientzia gero eta zabalduago dago, eta, altzari zaharrei beste bizi bat emateko garaian, horrek lagundu egin du. Belaunaldi berriak kontzientziatuago daude horrelako gauzekin, eta horrek eragin duela esango nuke.

Orain oso modan dago estetika hori. Taberna eta denda berri askok bere egin dute...

Hala da. Esango nuke telesailek ere horretan lagundu dutela, estetika hori zabaltzen. Baina, azken finean, gauzak berreskuratzeko nahi bat dago, eta hori da garrantzitsuena. Altzari batek marra bat duela? Xarma ere ikusten diot nik horri. Edozer ere ez da gorde eta berrerabili behar, baina, gustu pixka batekin, gauza politak egin daitezke.

Halakoa da boga, altzari berriak ere egiten ari baitira estetika zahar horrekin.

Bai. Hala ere, inoiz ez dakizu pieza berri batek nola erantzungo duen. Zahar batekin, badakizu ondo erantzungo duela, orain arte iraun duelako bakarrik. Kutsu zaharreko altzari bat erosi nahi badut, nahiago dut benetan zaharra dena erosi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.