inaki petxarroman
Rajoyren aurkako zentsura mozioa. ANALISIA

Sanchez ere, EAJren bidaide

2018ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Aurrekontuak patatekin jango dituzu» Sanchezi esan zionerako, Kongresuko goizeko saioan, Rajoyk jadanik jakingo zuen EAJk erabakia zuela PSOEko idazkari nagusiaren zentsura mozioaren aldeko botoa ematea. Arratsaldean jakinarazi zuen hautu hori Aitor Esteban EAJko bozeramaileak. Aurrekontuei eustea zen EAJren sarraila, harenganako atea irekitzea edo ez ziurtatuko zuena. Eta Sanchezek giltza erabiltzea erabaki zuen; hau da, jeltzaleen babesa lortzeko, Rajoyren aurrekontuekin gobernatzea.

Funtsezkoa baitzen Sanchezentzat EAJren aldeko botoa. Eta ez bakarrik aritmetika hutsarengatik. Jeltzaleena moderazioaren botoa da gaur egun Espainiako iritzi publikoaren aurrean ere, eta moderazioaren irudia eman behar du Sanchezek. Zeren eta babesa eman dion esparru politikoak —Podemosetik hasi subiranista katalanetaraino— gaizkiaren ardatzaren antzeko zerbait ordezkatzen baitu Espainiako hedabiderik handienetan nagusi den iritzi korrontearentzat.

EAJk azken unera arte itxaron du bere botoaren zentzua argitzeko, baina Sanchezek konbentzitu du beretzat ezinbestekoak ziren bi puntuetan: Rajoyren aurrekontuei eutsiko die, eta ez du berehala deituko hauteskundeetara. Eta beste kontu batek ere eragin du jeltzaleen erabakian, ez maila txikiagoan, gainera: EAJ ezin zen azaldu euskal herritarren aurrean ustelkeriak jota dagoen Rajoyren azken euskarri gisa.

Besterik da zer gertatuko den orain jeltzaleek etengabe aipatzen duten egonkortasun politiko eta instituzionalarekin. Ikusteko dago Sanchez hori bermatzeko gai izango den. Segur aski, gobernuak ematen duen talaia pribilegiatutik eten nahiko du inkesta guztiek sozialistei iragartzen dieten boto isuria, baina, horretarako, bi hegaletan jardun beharko du, ezinbestean: ezkerrean, Podemosera joan zaizkion boto emaileak berreskuratzeko; eta zentroan, Ciudadanosera joan zaizkionak —eta, batez ere, joatekotan direnak— geratzeko. Eta, bi hegal horietan dantzan ibiltzea, aldi berean eta denak pozteko moduan, ez da erraza izaten.

Bitartean, Kataluniako panorama politikoan karta batzuk jokatu beharko ditu Sanchezek. Zubiak berreraikitzeko lan egingo duela iragarri du, eta elkarrizketa agindu dio Generalitateari. Hitz orokorrak eta konpromiso zehatzik ez. Izan ere, zaila du funtsezko mugimendurik egitea, gehiengo ahula baitauka Sanchezek horretarako. Orain arte, gainera, ez du ezer egin 155. blokea osatu duten beste bi alderdietatik bereizteko, eta estatu ikuspegi deitzen dioten horri zorrotz lotu zaio. Gobernua osatuko balu, bere alde izango du PPn hemendik hauteskundeetara bitartean zabalduko den krisi politiko sakona. Baina Ciudadanosen mamu laranjak itzal egin diezaioke Sanchezi, egoeraren arabera, gorriak ikusarazteraino.

Ataka horretan, ezinbestekoak izango ditu Sanchezek alderdi barrukoen babesa eta leialtasuna. Baroien ezpata dantza eragin dezakeen ezer ez egiteko zuhurtzia handiz jardungo du Sanchezek, bai Katalunian eta bai Euskal Herrian. Eta, horretan ere, EAJ ezinbesteko bidaide izango du, «lehentasunezko bazkide», Sanchezek atzo erabili zituen hitzetan esateko.

Hori dena, jakina, Rajoyk gaur dimitituko ez balu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.