Koronabirusa

Nafarroako fokuarekin lotura duten beste hiru kasu atzeman dituzte

Iruñerrian ez dute kasu gehiago erregistratu, baina gorakadek «kezka» sortu dutela esan du Remirezek. Hegoaldean hemezortzi kasu izan dira

Bi pertsona, maskara jantzita. TONI ALBIR / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak agerraldia egin zuen atzo COVID-19aren azken datuak eguneratzeko. Jakinarazi zuenez, atzo erregistratu ziren kasuetatik hiruk lotura dute Nafarroa iparraldeko fokuarekin. Doneztebeko osasun eremuan dago foku hori, eta astelehenean identifikatu zen kutsatuen gorakada. Iruñerrian ere bada beste foku bat; Antsoainen, Noainen eta Zizurren, hain zuzen. Halere, azken bi egunetan ez da foku horiekin lotutako kasurik erregistratu.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eskainitako datuen arabera, atzo beste hemezortzi kasu erregistratu ziren Hego Euskal Herrian: Araban lau, Bizkaian bat, Gipuzkoan bat eta Nafarroan 11. Horrez gain, Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo bizi den pertsona baten positiboa ere zenbatu du Osakidetzak, PCR proba egin ostean. Are, Efe agentziak adierazi duenez, Gipuzkoan egon den positibo bakarra Orioko fokuarekin lotuta dago, eta, beraz, dagoeneko bederatzi lirateke bertan kutsatu diren pertsonak asteburuaz geroztik, lehen kutsatuaren familiakoak edo ingurukoak direlako. Txagorritxuko eta Basurtuko ospitaleetako fokuetan ere ez da gorabeherarik egon, eta kutsatuen kopuruak egonkor jarraitzen du. Hildakoei dagokienez, Jaurlaritzak adierazi du hiru pertsona hil direla. Nafarroan, aldiz, ez da hildakorik egon eta azken egunotako joerari eutsi dio. Zaintza berezien unitatean hamabi pertsona daude ospitaleratuta Hegoaldean.

Gorakadekin «kezkatuta»

Remirezek, datuak emateaz gain, «normaltasun berriko» lehen egunen balorazioa egin zuen,«positiboa» izan dela iritzita. Haren arabera, alarma egoeraren osteko arauak «normaltasun osoz» ezarri dira, baina aitortu zuen oraingo gorakadek zein etorkizunean egon daitezkeenek «kezka» sortzen dutela.

Abiapuntura ez itzultzeko asmoz, eta egunero lez, herritarrei dei egin zien osasun neurriak betetzera, hala nola pertsonen artean bi metroko distantzia mantentzera, hala egin ezin denetan maskara erabiltzera eta higiene neurriak hartzera. «Guztiok arauak betez gero, osasunean, gizartean eta ekonomian egoera positiboagoa izango duen etorkizun baten aurrean egongo gara», nabarmendu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.