Bide luze bateko lehen aurrerapausoa

EAJren eta PSE-EEren botoekin onartu dute polizia biktimen legea; EH Bildu abstenitu egin da. Martxoak 3 elkarteak dio ez dela nahikoa
Jonan Fernandez, Aintzane Ezenarro eta Jone Goirizelaia, atzo, Eusko Legebiltzarrean.
Jonan Fernandez, Aintzane Ezenarro eta Jone Goirizelaia, atzo, Eusko Legebiltzarrean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Ander Perez Zala -

2016ko uztailak 29
Eusko Legebiltzarrak onartu du 1978 eta 1999 artean Espainiako Estatuko funtzionarioek eragin zituzten biktimak aitortzeko lege proiektua, EAJren eta PSE-EEren aldeko 41 botorekin. Haiek adostutako idatziak PPren eta UPDren kontrako 11 boto jaso ditu, eta EH Bilduren 19 legebiltzarkideak abstenitu egin dira. Legeak, besteak beste, aintzat hartuko ditu ikertu gabeko salaketak, eta tratu txarrak pairatutakoek ez dute jasoko kalte-ordain ekonomikorik.

Atzoko bilkuran, ordea, ikusi zen bide luzea dagoela egiteko gai honen inguruan, helburua indar politiko gehiagoren adostasuna lortzea bada. EH Bilduren ustez, legea «ez da nahikoa», ez dituelako kontuan hartzen torturak sufritu dituztenak. Horrez gain, koalizioaren jarreran erabakigarria izan da polizien biktimen legea 1978-1999 artekoa izatea, baita biktimek jasoko dituzten kalte-ordainak txikiagoak izatea ere, Espainiako estatu indarkeriaren biktimek jasotzen dituztenekin konparatuta. EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak gogorarazi du biktimek «denbora gehiegi» itxaron behar izan dutela erakunde publikoek bidea hasi duten arte. «Azken emaitza gure gustukoa ez den arren, ezin ditugu biktimak bakarrik utzi».

Legeari kritika andana egin diote PPk eta UPDk. Popularren legebiltzarkide Carmelo Barriok adierazi du legeak «zalantza eta ziurgabetasun juridiko ugari» duela, eta ez dela Eusko Legebiltzarraren eskumena hori aurrera eramatea. Ohartarazi du legea onartu izanak «arazo asko» sortuko dituela; izan ere, Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek Barriok aipatu dituen argudioak erabili zituen legearen izaera juridikoa zalantzan jartzeko. EAJk eta PSE-EEk, ordea, azaldu dute idatziari egin dizkioten zuzenketek «segurtasun juridiko» handiagoa eskaintzen diotela. UPDk PPren arrazoi beragatik gaitzetsi du atzo onartu zena; Gorka Maneirok esan du «presaka eta hauteskunde interesen arabera» prestatu dutela legea, eta Espainiako Konstituzioaren «aurka» doala. Maneirok azaldu du idatziak biktimen «itxaropenak zapuztuko» dituela. Uste du «polizia gehiegikeriak gutxiengo» batek egin dituela.

Kritika horiek ikusita, EAJren erantzuna irmoa izan da. «Garrantzitsuena biktimei erantzuna ematea da, eta abiapuntu gisa kokatu dut idatzia», esan du jeltzaleen legebiltzarkide Iñigo Iturratek. Legeak idaztean izandako maximalismoak salatu ditu Iturratek. PPren «interes eta engaiamendu» falta kritikatu du, eta ziurtatu du legeak segurtasun eta berme juridikoa eskaintzen duela. Iturratek esan du «giza eskubideen urraketan aurrerapausoa» dela, baina zehaztu du ez dela azkeneko pausoa izango.

EAEko sozialisten idazkari nagusi Idoia Mendiak Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari eskatu dio hurrengo urratsak «ziurrak» izan daitezela «segurtasun juridikoa bermatzeko», eta legearekin aurrera jarrai dezala. «Gure gain hartu dugu biktimen erreparazioa». Esan du onartutakoa «bidegabe sufritu dutenak eta ahaztuak» izan direnentzat dela. Mendiak ere ziurtatu du polizia «gehiegikeriak egin dituzten funtzionarioak gutxiengo» bat direla.

«Ordaina emateko ekintza»

Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkari nagusiarentzat, legea onartzea «eduki eta esanahi etiko eta politiko handiko urratsa» da. Bizikidetza normalizatzeko «prozesuan emandako beste aurrerapauso bat» dela dio. Fernandezek ere ziurtatu nahi izan du «legea segurtasun juridiko sendo batean» dagoela oinarrituta. «Kualifikazio goreneko aditu inpartzialek egiaztatu dute hori legebiltzar honetan bertan». Gaineratu du hasitako bidea «neketsua izango» dela, «biktima horiei aitorpena eman behar zaiela onartzen ez dutenen borondate politikoa baita arazoa». Biktimak gogoan izan ditu: «Jakin behar dute lege hau onartzea dela haien sufrimendu bidegabeari aitorpena eta ordaina emateko ekintza bat, modu ofizialean eta instituzionalean adierazita». Espainiako Gobernuari dei egin dio polizia biktimen legea garatzen laguntzeko, «biktima horiek aitortu eta erreparatzerako orduan erantzukizun handia duelako».

Poliziaren biktimen hainbat senide ere izan ziren Eusko Legebiltzarrean. Martxoak 3 biktimen elkarteko bozeramaile Andoni Txaskok iritzi dio legea «aurrerapauso» bat dela, baina ez dela «nahikoa». Kolektibo batzuk kanpoan uzten dituela deritzo. «Blindaje juridiko onena nazioarteko legegintza betetzea da», argudiatu du Txaskok. Elkarteko bozeramaileak defendatu du biktimen arteko berdintasuna «aldarrikatzea» ez dela «parekatzea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna