Mikel Albisu libre utzi dute Paristik Madrilgo aireportura iristean

Euskal presoa larunbatean irten zen Reauko kartzelatik, Frantziako zigorra osorik beteta, eta ordutik atxikitze zentro batean izan dute

enekoitz esnaola
2019ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Mikel Albisu Iriarte libre da. Frantziako Estatuko zigorra osorik beteta, euskal presoa joan den larunbat goizean Reauko espetxetik atera zuten, baina handik Parisko atxikitze zentro batera eraman zuten. Han eduki zuten atzo arratsaldeko hiru eta erdiak ingurura arte, Espainiaratu ahal izateko kudeaketa administratiboak egiteko zeudela eta. Ondotik, Parisen hegazkin batean sartu, eta Albisu (Donostia, 1961) 20:00 aldera iritsi zen Barajasko (Madril) aireportura. Heldu bezain pronto poliziek esan zioten joan zitekeela etxera. Ez zuten pasatu aireportuko komisariatik; hegazkinetik jaistean jakinarazi zioten erabakia. Haren familia Barajasen zain zegoen, eta etxerako bidaiari ekin zioten.

2004ko urriaren 3an atxilotu zuten, Saliesen (Biarno), ETArekin lotuta. 2010 bukaeran Parisen epaitu, eta hogei urtera zigortu zuten. Halaber, kondenaren amaieran Frantziatik kanporatzeko agindua ezarri zioten, eta atzo Espainiaratu zuten. Espainiako Estatuan ez zeukan auzibiderik irekita, eta, gainera, Xantiana Cachenaut abokatuak atzo BERRIAri esan zionez, Frantziak 2005ean atzera bota zuen Madrilen euroagindu eskaera bat. Azkeneraino «zuhurtzia» izan beharra zegoela zioen, ordea, defentsa abokatuak.

Sortuk larunbatean zioen «kalean» egon beharko lukeela Albisuk, eta Espainiako eta Frantziako estatuei eskatu zien «joko errepresiboak alde batera» uzteko. Albisu atzo aske geratu ondoren, «ongi etorri etxera, Mikel!» idatzi zuen txio batean Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak.

Azkeneko urteetan, Reauko espetxean egon da preso, eta EPPKren bozeramaile lanak egin ditu, Marixol Iparragirre bikotekidearekin batera. Orain, 46 euskal preso daude Frantziako Estatuan.

1985eko uztailean alde egin zuen etxetik, Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabea presoek Martuteneko (Donostia) kartzelatik ihes egiteko lagundu zuenean. Poliziaren esanetan, Bidarteko (Lapurdi) 1992ko operazioaren ondoren ETAko zuzendaritzan sartu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.