Koronabirusa

Murga: «Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan oso egoera onean gaude orain»

Hegoaldean beste bederatzi hil direla baieztatu dute. Joan-etorriak eta harremanak berreskuratu behar direla esan du Osasun sailburuak

Paulo Ostolaza.
2020ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak Gobernu Kontseiluaren ostean aurkeztu zituen eguneko datuak atzo, eta analisi baikorra egin zuen: «Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan oso egoera onean daude, eta horregatik has gaitezke etxetik kanpoko jarduerak areagotzen».

Herenegun, Hego Euskal Herrian, beste bederatzi hildako eta PCR bidez baieztatutako beste 27 koronabirus kasu erregistratu zituzten osasun zerbitzuek. Beraz, horiek kontuan hartuta, 1.932 lagun hil dira Euskal Herrian COVID-19aren ondorioz. Atzo 293 lagunek eman zuten positibo test serologikoetan; proba horrek, ordea, gaixotasuna izan dutela soilik baieztatzen du, ez gaur egun birusa dutela.

Datuak aztertzeko, atzokoak duela hilabete jasotakoekin alderatu zituen Murgak. Nabarmendu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan apirilaren 12an koronabirusa atzemandakoen %45,2 soilik zeudela sendatuta, eta orain, berriz, «ia bikoitza» (%83,6). Ez hori bakarrik: «Duela hilabete, egunean 300 positibo inguru baieztatzen genituen, eta gaur [atzo] 11 izan dira; konfinamenduari esker lortu ditugu datuok». Dena den, zuhurtziaz jokatzen jarraitzeko ere eskatu zuen Osasun sailburuak, ospitaleetakoez gain oraindik 600 lagun inguru etxean bakartuta baitaude oraindik.

Murgaren ustez, «datuek berez hitz egiten dute», eta horregatik hasi ziren atzo «joan-etorriak eta harremanak berreskuratzen», terrazak zabaltzeari erreferentzia eginez. Egoera orokorraz ere hitz egin zuen, azaldu zuenez ezin baitute konfinamendua «betiko» mantendu: «Orain badakigu txertoa iristeko hilabeteak falta direla; badakigu pandemiak berriz jo dezakeela; baina aurrera egiten saiatu behar dugu mugikortasunean eta harremanetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.