Koronabirusa

Sindikatuen iritziz, interes ekonomikoak daude haur eskolak irekitzeko

LABek, Steilasek eta ELAk mobilizazioak iragarri dituzte. ELAk dioenez, partzuergoak ez du aurreikusi ratioak murriztu eta langile gehiago hartzea

0-3 zikloaren alde egindako mobilizazioa, artxiboko irudi batean. R.G. / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak baimena emana du joan den astelehenetik haur eskolak irekitzeko. Hala egin dute dagoeneko haur eskola pribatu batzuek, eta datorren astelehenean zabalduko dituzte partzuergoko haur eskolak. LAB, Steilas eta ELA sindikatuek ziurtatu dutenez, interes ekonomikoak daude erabakiaren atzean: «Interes ekonomikoak jarri dituzte hezkuntza komunitateko partaide txikienen, hezitzaileen eta, oro har, jendartearen segurtasunaren aurretik». Egoera ikusita, mobilizazioa egin zuten atzo. Uste dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak «aldebakarrez» hartu dituela erabakiak, eta ez dietela erreparatu hiru hilabetean haur eskolara joan gabe egon diren umeen beharrei, osasunari eta segurtasunari.

Baina sindikatuak ez daude geldirik egoteko asmotan. «0-3 zikloarekin erakutsi duten mespretxua ikusita, Haurreskolak partzuergoa osatzen dugun langileoi mobilizazioetara jotzea baino ez zaigu geratzen». Jaurlaritzariere zenbait eskaera egin dizkiote: «Haurren eskubideak erdigunean jar ditzala eta Haurreskolak partzuergoaren izaera pedagogikoa aitor dezala».

Baliabide gehiagorik gabe

ELAk azaldu zuenez, atzo Haurreskolak partzuergoak kontingentzia eta prebentzio plana aurkeztu zien, baina ikasturte amaierarako pentsatuta dago. Salatu dutenez, irailerako ez daukate ezer planifikatuta oraingoz. Sindikatuek eskatu diote ratioak murrizteko eta baliabideak areagotzeko, baina, ELAk ohar bidez adierazi duenez, ez dute baiezkorik jaso. «Argi dago enpresak apustua egin duela gastua izozteko eta Hezkuntza Sailari eta Eusko Jaurlaritzari baliabide gehiago ez eskatzeko». Hori ikusita, ELAk eskatu du kontingentzia planak sindikatuekin negoziatzeko eta segurtasun neurriak indarrean jartzeko baliabideak ipintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.