Askapenaren aurkako epaiketa

Mobilizatzeko deia Auzitegi Nazionaletik

Urriaren 31n Madrilen egitekoa den martxan parte hartzera deitu dute Askapenako bostek.Aktak berrestera mugatu dira poliziak

Askapenako auzipetuak eta haien abokatuak, astelehenean, Espainiako Auzitegi Nazionalera sartzen. FERNANDO VILLAR / EFE.
Hodei Iruretagoiena.
Madril
2015eko urriaren 22a
00:00
Entzun
«Gonbidatzen zaituztegu epaiketa politiko hauen aurrean elkartasuna eta internazionalismoa aldarrikatzera». Mezu hori zabaldu dute Askapenako bost auzipetuek epaiketaren lehen hiru saioak bukatu orduko. Zapi palestinar laranja eskuan, urriaren 31n Madrilen antolatu duten manifestaziora joateko deia egin diete herritarrei, Auzitegi Nazionaleko atetik bertatik. «Etsaiaren zulo honetan epaiketa politiko bat irudikatzen ari da, euskal internazionalismoa kriminalizatzen ari den epaiketa politiko bat, Euskal Herriaren askatasun demokratikoak zapaltzeko. Aldiz, atzo [herenegun], hemendik kanpo, Vallecasen, elkartasuna eta jarrera internazionalista irudikatu zen», esan du Aritz Ganboak, Madrilgo Libre plataformak antolatutako harrera gogoan.

Madrilgo Librek eta Euskal Herriaren Lagunek antolatu dute 31ko mobilizazioa, eta elkartasuna gainditu eta konpromisoari heltzera deitu dute, Euskal Herriaren aurka epaiketa politiko gehiagorik ez lelopean. Askapenaren aurkakoa ez ezik, orain arteko auzi guztiak eta epaitzekoak direnak salatuko dituzte. Euskal Herritik autobusak antolatzen ari dira, eta «elkartasun horren parte» izatera deitu dute auzipetuek.

Auzitegi Nazionalean, Espainiako poliziak izan dira hirugarren auzi saioko protagonistak. Hogeiren batek deklaratu dute, lekuko gisa. Jarraipenetan, telefono entzuketetan, atxiloketetan eta miaketetan hartu zuten parte 2010eko urriko operazioan, eta aktetan jasotakoa berrestera mugatu dira, gauza asko ahaztuak zituztela argudiatuta. Fiskalak galderetan esandakoa baieztatu dute, asko jota. Adibidez, bi telefono elkarrizketa entzun zituela esan zuen batek: «Baina ia dena euskaraz egin zuten». Bideo konferentziaz aritu dira denak, besteak beste, Iruñeko eta Bilboko polizia etxeetatik. Konexioarekin arazoak izan zituzten hasieran, eta Leongo polizia etxean deiari erantzuten ez ziotela ikusita, hango lekukoak erretiratzea erabaki zuen fiskalak. Guztiarekin ere, ordu eta erdira ez da iritsi auzi saioa.

Polizien memoria lausoa

Miaketetan, dokumentazioa atzeman zutela esatera mugatu dira polizia gehienak; paperak eta euskarri informatikoak. Ganboaren etxean izan zenak esan zuen ez zuela ondo gogoratzen miaketa hartan zer aurkitu zuten: «Uste dut ETAko itsasgarriren bat aurkitu genuela». Miaketa berean egon zen beste polizia batek ez zuen halakorik gogoratzen. Vazquezek, berriz, astelehenean salatu zuen bereak ez ziren gauzak sartu zizkiotela etxean, eta idazkari judiziala beranduago iritsi zela. Haren etxean izan zen poliziaren esanetan, aldiz, hasieratik egon zen idazkaria beraiekin.

Gaurko ere aurreikusia zegoen saio bat egitea, baina akusazioen lekuko guztiak eta bi egunetan hartzea erabaki zuen epaileak. Beraz, datorren astelehenean jarraituko du Askapenaren aurkako epaiketak, defentsaren lekukoekin. Euskal Herrikoak ez ezik, munduko leku ugaritako pertsonek deklaratuko dute, Askapenarekin harremana izan dutenek.

ETAri laguntzea egozten die fiskaltzak bost auzipetuei; Askapenak haren aginduei jarraitzen ziela dio, «nazioarteko babesa» emateko. Oraingoz, ez dutela halakorik frogatu. ETArekiko lotura ukatu, eta , eta lan internazionalista defendatu dute auzipetuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.