Tortura erabili dela aitortzeko exijitu dute

Espainiari jarritako azken zigorraren ondoren, 'Aztnugal' kanpainako kideek gobernuari eskatu diote tortura salaketa guztiak ikertzeko

Torturaren aurkako muralaren aurrean egin dute agerraldia, Atarrabian. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Atarrabia
2016ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Besarkaden eta aldarrien eguna izan zen atzokoa 2011ko urtarrilean Ekinen aurkako sarekadan atxilotu zituzten sei lagunentzat. Atarrabian bildu ziren (Nafarroa), Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Xabier Beortegiren tortura salaketa ontzat jo eta Espainia zigortu izana ospatzeko. Baina bizitakoa ahaztu gabe. «Espainian torturatzen da», argi utzi du berriz ere Beortegik. «Egindakoak aitortzeko» eta izan diren tortura salaketa guztien kasuak «berriz irekitzeko» exijitu dute Aztnugallaguntza, alderantziz— kanpainako kideek.

Espainiak zortzi zigor jaso ditu orain arte torturak «behar bezala» ez ikertzeagatik; azken biak auzi bereko salaketetan oinarritu dira: Patxi Arratibelenean eta Xabier Beortegirenean. Dena dela, sei atxilotuetatik bostek torturak salatu zituzten. «Zer gehiago gertatu behar da Espainiako Estatuak eta Guardia Zibilak torturatuak izan ginela onar dezaten? Zenbat epai behar dira eginikoaren erantzukizuna behingoz onartzeko?». Haserre mintzo da Beortegi. Lorea Bilbao abokatuak jakinarazi du oraindik ez direla Madrilekin harremanetan jarri; 20.000 euro zor dizkio kaltetuari.

«Demokrazia eskasa»

Gorka Mayo Beortegirekin batera atxilotu zuten; Espainiaren demokrazia maila ezbaian jarri du. Horretarako, Victor Madrigal Torturaren Biktimak Birgaitzeko Nazioarteko Batzordeko idazkari nagusiaren hitzei heldu die: «Soilik tortura salaketak arduraz ikertzen dituen estatu bat dei daiteke zinez demokratikoa. Beraz, esan dezakegu Espainian kalitate eskaseko demokrazia dagoela». Tortura salaketak ez ikertzeaz gain tratu txarrak salatzen dituztenak jazarri eta atxilotzeko joera dagoela azaldu du.

Hala, azken berrogei egunetantortura salatzeagatik bederatzi pertsona atxilotu eta Agoizko Udala mehatxatu izana deitoratu du Mayok: «Espainiak ezin du bere erantzukizuna saihestu tortura salaketak kriminalizatzen saiatuta. Bada garaia behingoz egindakoak onartzeko».

Bide horretan, beste hiru eskaera egin dituzte. Lehenik, Carmen Alba Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak dimiti dezala exijitu dute, «Espainiako Estatuaren biolentziaren biktimak jazarri eta iraintzeagatik». Bestalde, Nafarroan zenbat pertsona torturatu diren argitze aldera, ikerketa bat hastea galdegin diote Nafarroako Gobernuari: «Tortura jasan dutenek errekonozimendua eta erreparazioa merezi dute», argitu du Mayok.

Azkenik, herritarrei mezu bat helarazi diete. «Tortura salatzen jarraitzeko eskatzen dizuegu, hori delako, gure ustez, berme bakarra tortura posible egiten duten zigorgabetasunezko espazioak desagerrarazteko. Alegia, herritarren aldarrikapenetik soilik lortuko dugu behingoz Euskal Herrian tortura desagertzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.